Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ekonomia Zirkularraren Zikloa Ekonomisten Euskal Elkargoarekin

Ekonomia Zirkularraren Zikloa Ekonomisten Euskal Elkargoarekin

José Ignacio Asensio: "Gipuzkoaren etorkizuna, enpleguaren eta ongizatearen iturri gisa ekonomia berdearen eta jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa egiten duen gizartearen mende egongo da".

2021/07/16

Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak aztertzen dute ekonomia zirkularraren zeregina garapen jasangarriaren sektore bultzatzaile eta ardatz gisa, Gipuzkoan.

Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Ingurumen Departamentuak antolatutako zikloaren helburuen artean, honako hauek daude: batez ere sektorearen etorkizunaren kudeaketaren profesionalak eta ekonomialariak sentsibilizatzea, ekonomia zirkularraren printzipioak erakundeetan aplikatzeko tresnak ematea eta praktika egokien adibideak ezagutaraztea.

José Ignacio Asensio: "Gipuzkoaren etorkizuna, enpleguaren eta ongizatearen iturri gisa ekonomia berdearen eta jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa egiten duen gizartearen mende egongo da".

Ekonomia zirkularraren sektorea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Gipuzkoan.  Birziklatzearen industriak soilik 5.000 enplegu baino gehiago ditu, eta kalkulatzen da hondakinen kudeaketarekin, materialen berreskurapenarekin, askotariko objektuen konponketarekin eta berrerabilpenarekin eta horiek berriro merkaturatzearekin lotutako jarduerak lurraldearen Barruko Produktu Gordinaren % 6 direla, gutxi gorabehera. Sektore horrek Gipuzkoako ekonomiaren etorkizuneko ardatz bultzatzaileetako bat izateko dituen aukerak aztertzea da Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak antolatutako jardunaldien zikloaren helburua. Jardunaldiok Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egingo dira hiru saiotan (irailaren 29an, eta urriaren 13an eta 27an).

Ekonomia zirkularraren etorkizunari buruzko ziklo hau Gipuzkoan sektore honentzat erabakigarria den une batean egingo da, bat egiten baitu denboran Next Generation Planari lotutako proiektuen deialdiekin eta horiei lotutako Europako funtsekin.  Esparru horretan, Ingurumen Departamentuak proiektuak aurkeztu ditu plastiko jasangarriaren polo bat sortzeko edo hidrogeno berdeko planta bat abian jartzeko. Proiektu horiek Zubietan, Naturklimaren eta Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ondoan, kokatuko den ekonomia zirkularreko enpresen poloan txertatuko dira. Estrategia horrek 200 milioi euroko inbertsioa mugiarazi nahi du, 2030a baino lehen 10.000 lanpostura iritsi nahi duen ekonomia zirkularraren sektorearentzat pizgarri garrantzitsua izan dadin, enpleguan gaur egun duen eragina bikoiztuz.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak bere Departamentuaren politiketan kokatu du ekimena, eremu profesional eta akademikoetan sustatzeko lurraldeko enpresetan ekonomia zirkularra garatzea ahalbidetuko duten tresnak eta baliabideak.  Ildo horretan, Asensiok adierazi duenez, "ekonomia zirkularra eta berdea enplegu-sortzaile nagusietako bat izango da, eta Gipuzkoak erronka horren buru izan nahi du, horretarako prestatutako profesional eta enpresekin".

Maite Villafruelak, Ekonomisten Euskal Elkargoko Gipuzkoako sekzioko presidenteak esan du, ekonomialariek zeregin garrantzitsua dutela ekonomia zirkularra beren ingurune profesional eta akademikoetan bultzatu eta ezartzeko, eta enpresetan ekonomia zirkularra garatzea ahalbidetuko duten tresnak, metodoak eta baliabideak sustatzea dela beraien helburua.  Elkargoak beharrezko lidergoa izan du eta izaten jarraituko du, kolektibo profesional horrek bere ezagutzarekin eta esperientziarekin laguntzen jarrai dezan baliabideen jasangarritasunerako beharrezkoak diren aldaketak ezartzen; izan ere, Ekonomisten Euskal Elkargoak erreferentziazko eragile izaten jarraitu behar du eraldaketa sozioekonomikoko prozesuetan. Gainera, gogorarazi du “enpresen jarduera ekonomikoan eta estrategian garapen jasangarria ez sartzearen  arriskua handiagoa dela eskaintzen dituen aukerak baino; beraz, lehenbailehen erantzun behar zaio erronka horri, etorkizun iraunkorragoa eta lehiakorragoa izateko. Ekonomia zirkularra da gure sistema ekonomikoa aldatzeko irtenbideetako bat”

Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Ingurumen Departamentuak antolatutako zikloaren helburuen artean, honako hauek daude: batez ere sektorearen etorkizunaren kudeaketaren profesionalak eta ekonomialariak sentsibilizatzea, ekonomia zirkularraren printzipioak erakundeetan aplikatzeko tresnak ematea eta jardunbide egokien adibideak ezagutaraztea.

Inaugurazio saioa irailaren 29an izango da (18:30), eta Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok irekiko du.  Hizlaria Unai Tamayo Orbegozo izango da, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea, eta hitzaldi hau emango du: "Ekonomia zirkularra; ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren erronkei aurre egiteko ikuspegi bioinspiratua".

Bigarren jardunaldia urriaren 13an izango da (18:30). Mugarik gabeko ekonomialarien elkarteko Maialen Aguinagalde hizlari arituko da, eta gai hau garatuko du: "Canvas Social eredua, ekintzailetza zirkularretarako tresna gisa". Jarraian, Emausek ekonomia zirkularraren aplikazioan duen esperientzia azalduko da.

Hirugarren saioa urriaren 27an izango da, eta José Mariano Moreno Abadíak parte hartuko du, Zaragozako Unibertsitateko Kontabilitate eta Finantzetako katedradun eta ekonomia zirkularraren arloko lehen mailako erreferente akademiko denak. Hitzaldi hau emango du: "Jasangarritasunari buruzko kontabilitatea eta informazioa; ekonomia zirkularreko ereduetan aplikatzea". Esku hartzearen ondoren, Plastigaur enpresaren kasua azalduko da, ekonomia zirkularraren arloko jardunbide egokien adibide gisa.

Asensiok azpimarratu duenez, "Gipuzkoak trantsizio ekologikoan duen zeregina eta bere etorkizuna unibertsitateekiko, jakintza-eragileekiko, enpresekiko eta ekintzaileekiko lankidetzaren mende egongo dira, bai eta enpleguaren eta ongizatearen iturri gisa ekonomia berdearen eta jasangarritasunaren aldeko apustu irmoa egingo duen administrazio baten mende ere".

 

 

 

 

  

2330