Ekonomiak gipuzkoarren kezka nagusia izaten jarraitzen du, baina egoerak hobera egin du udazkenarekiko
Ekonomiak gipuzkoarren kezka nagusia izaten jarraitzen du, baina egoerak hobera egin du udazkenarekiko
Ekonomiak gipuzkoarren kezka nagusia izaten jarraitzen du, baina egoerak hobera egin du udazkenarekiko
Gipuzkoako Foru Aldundiak udaberriko soziometroaren emaitzak aurkeztu ditu, legealdi honetako azkeneko inkesta
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiak udaberriko soziometroaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean, legealdi honetan egiten den mota honetako azkeneko inkesta. Bertan jasotzen denari erreparatuz, beste behin ere gai ekonomikoak ageri dira herritarren kezken artean lehen postuetan, baina udazkenetik hona bilakaerak zertxobait hobera egin duela azpimarratu du Eider Mendoza, foru erakundeko bozeramaileak. “Enplegua eta krisi ekonomikoak herritarrek dituzten arazo nagusiak izaten jarraitzen dute, alde handiarekin gainera, eta prezioen gorakadaren aurrean kezkak segitzen du”, esan du. Hala ere, herritarren egoera ekonomiko pertsonalaren balorazioa hobetu da, igo egin da hilabete bukaerara arazorik gabe iristen direnen kopurua eta jaitsi hilabetea arazoekin amaitzen dutenen zenbatekoa.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Aldundiak aldika egiten dituen Soziometroen udaberriko emaitzak aurkezteko. “Legealdi hasieran, lau urte hauetarako lizitatu genituen inkesta hauek, eta gaur aurkezten dugun hau izango da azkena. Hauen bitartez, herritarren kezka eta iritziak aktiboki entzuten ditugu, eta ateratzen ditugun ondorioak politika publiko eraginkorragoak egiteko erabiltzen dira”, esan du, gogoratuz aurreko inkesta, udazkenekoa, abenduan aurkeztu zela. Kasu honetan, 2023ko martxoaren 27 eta 31aren artean egin zen inkesta, telefonoz. 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu ziren: 340 Donostialdean, 280 Bidasoa-Oarsoaldean, 280 Orian eta 300 Deba-Urolan. Herri, adin eta sexuaren arabera estratifikatutako ausazko lagina erabili da inkestan, eta ikerketa osoa Etorkizuna Eraikizen web orrian egongo da ikusgai.
Bloke ekonomikoarekin hasita, bi ondorio nagusia ateratzen direla esan du Mendozak. Alde batetik, herritarren egoera ekonomikoak zertxobait hobera egin duela udazkeneko soziometroarekin alderatuta, eta aurrera begira ere egoera pertsonalean aurreikuspen onak dituztela: bataz beste, 6,39ko notarekin baloratzen dute herritarrek beraien egoera ekonomiko pertsonala, udazkenean baino 0,03 gehiago, eta pasa den urtean baino 0,08 gehiago. Gainera, nabarmen jaitsi dira hilabete bukaerara larri iristen direnen zenbatekoa (-5,8 puntu), eta igo egin dira arazorik agabe (+3,5) eta oso erraz (+3,2) iristen direla diotenen ehunekoa. Aurrera begira, jaitsi egin dira egoera ekonomiko pertsonalak hobera edo txarrera egingo dutela diotenak, eta hazi egin da (+1,7 puntu) egoera berdina aurreikusten dutela erantzun dutenak.
Lurraldeko egoera ekonomiko orokorrari buruz galdetuta, gehiengoak uste du egoerak txarrera egingo duela (%29,8), baina baikortasun arrastoak ere ageri dira. Hala, bilakaera positiboa da, 6,2 puntu jaitsi baita hau diotenen ehunekoa, eta gainera, 4,1 puntu igo dira egoerak hobera egingo duela diotenak. Prezioen gorakadaren aurrean, gehiengoak (%71,5) uste du txarrena oraindik ere ez dela pasa eta gainera, 2008 finantza krisi baten aurrean egon ote gaitezkeen galdetuta, ia erdia (%45,8) ados dago adierazpenarekin.
Herritarren kezka nagusiak ere arlo ekonomikoan kokatzen dira. Gipuzkoarrei galdetuta, ea beraien ustetan zein diren kezka nagusiak (erantzun espontaneoak), gizartearen erdiak baino gehiagok esparru ekonomikora jotzen du. Honela, enplegua bultzatzea %35,3rentzat kezka nagusia da, eta krisi ekonomikoa %14,1arentzat. Ondoren, Osakidetzan hobekuntzak egitea (%21,7), etxebizitza (%21,1) eta prezioen gorakada (%10,3) ageri dira. Ongizate emozionalaren kasuan, gipuzkoarren bataz beste 7,41 batekin baloratzen duten beraien momentuko animo egoera, aurreko inkestan baino zertxobait txikiagoa da, -0,07 baxuagoa zehazki. “Hala ere, pasa den urtean, 2021 udazkenetik 2022ko udaberrira ia puntu bat igo zen zifra hau, udazkenean berriro ere 0,2 egin zuen gora eta orain erakutsi duen aldaketa erakutsita, zenbatekoa egonkortuta dagoela esan dezakegu”, azpimarratu du Mendozak, tendentzia positibo baten aurrean gaudela gehituz.
Azkenik, herritarren kezken inguruko blokea, euskararen inguruan ere galdetu da udaberriko soziometroan. Zehazki, Gipuzkoako administrazio publikoko langile guztiek euskaraz jakiteko beharraren inguruan duten adostasuna eskatu zaie gipuzkoarrei, eta batez beste, 7,67ko adostasuna lortzen du ideia honek. “Nabarmentzekoa da, gainera, erantzun dutenen 10etik 6 baino gehiagok 8, 9 edo 10eko adostasuna erakutsi dutela”, nabarmendu du foru bozeramaileak. “Ideia honek adostasun zabala du Gipuzkoako herritarren artean, gizartearen gehiengoak sentsibilitate berezia du gai honekin”, gaineratu du.
Aldundia eta Batzar Nagusiak
Konfiantzaren atalari erreparatuta, herritarren %78,3k dio ez duela konfiantzarik politikan. Erakundeetara joanda, ordea, administrazio gehienek gainditzen dute herritarren balorazioetan: udalak dira notarik onena lortzen dutenak, 5,52rekin; ondoren Aldundia, 5,46ko balorazioarekin; Jaurlaritzak ere gainditzen du 5eko langa, 5,35arekin; eta Espainiako Gobernua, azkenik, 4 puntuko balorazioan geratzen da. Aldundiari buruz bakarrik galdetuta, elkarrizketatuek 5,65ko bataz besteko notarekin baloratzen dute foru erakundeaz eta honen jardueraz duten irudia, aurreko inkestan baino 0,04 gutxiago.
Aldundiak lantzen dituen gaien balorazioa eginda, euskara eta kultura sustatzea da notarik onena lortzen duena (6,32), ondoren garraio publikoa (5,84) eta hirugarrenik adinekoen zaintza hirugarrena (5,82). Aldiz, oposizioak ez du bosteko langa gainditzen eta 4,82ko nota eskuratzen du (+0,16). Batzar Nagusien kasuan, herritarrek honela baloratu dituzte ordezkaritza duten alderdiek egiten duten lana: AJ-PNV da ondoen baloratuena, 5,35eko notarekin, +0,19 eginez gora; gertu du EH Bildu, ehuneko batera, eta honek ere 0,19 egin du gora (aldea, beraz, aurreko inkestako berdina da); PSE-EEk hirugarren postua berreskuratu du, 4,28ko notarekin, 0,03 igota; Elkarrekin Podemosek behera egin du, 4,10ko nota eskuratu baitu (-0,15); eta azkenik, PPk 2,12ko balorazioa eskuratu du (-0,15).
Hauteskundeak
Azkenik, inkesta elektorala ere jasotzen du Soziometroak. Honen arabera, EAJ-PNVk botoen %36,2 lortuko lituzke, 2019ko hauteskundetan baino 0,3 gehiago. EH Bildu, bere aldetik, 2,1 haziko litzateke, bozken %34 lortuz. PSE-EE litzateke hirugarren indarra botoen %15,9rekin, 2019an baino 1,4 gutxiago. Elkarrekin Podemosek botoen %7,3 lortuko lituzke, 1,7 puntu galduz. Eta, azkenik, Alderdi Popularrak botoen %4,6 (-0,2) eta Vox alderdiak %1,1 eskuratuko lituzkete, hurrenez hurren. Batzar Nagusietako eserleku kopuruetara eramanda, EAJ-PNVk berdin jarraituko luke, edo ordezkari bat edo bi irabazi (20-22); EH Bilduk bi batzarkide irabaziko lituzke (19); PSE-EEk ordezkari bat edo bi galduko lituzke (7-8), eta Elkarrekin Podemosek beste bat edo bi galduko lituzke (2-3). Azkenik, PPk egun duen eserlekua mantenduko luke, eta Vox-ek ez luke ordezkaritzarik lortuko.
2800