Kultura Departamentuak Selma Huxley Barkham izena eman dio ofizialki Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari
Kultura Departamentuak Selma Huxley Barkham izena eman dio ofizialki Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari
Kultura Departamentuak Selma Huxley Barkham izena eman dio ofizialki Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari
XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko eta Gipuzkoako itsas historiaren ezagutzari egindako ekarpen bikaina eskertzeko.
Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak aitortu egin nahi du Selma Huxley historialariak XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko eta Gipuzkoako itsas historiaren ezagutzari egindako ekarpena, eta, horregatik, Selma Huxley Barkhan izena emango dio Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari. Halaber, Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialak, aitorpen horren inguruan, oroitzapenezko erakusketa bat antolatu du, Selma Huxley Barkhamen ikerketa-lanaren inguruan sortutako balio-katea agerian uzteko.
Ekitaldian izan dira Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Ramón Martín Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialeko atalburua eta Michael Barkham, Selma Huxleyren semea.
Aurten, 2022an, 50 urte bete dira Selma Huxley Barkham (1927-2020) Euskal Herrira etorri zenetik eta Ternuako kostaldean, XVI. eta XVII. mendeetan, euskal baleontziek izan zuten presentziari buruzko ikerketak hasi zituenetik.
Horri dagokionez, Harkaitz Millan Kulturako diputatuak adierazi duenez, «Gipuzkoak aparteko zorra du Selma Huxley Barkham historialariarekin; izan ere, neurri handi batean Gipuzkoako artxiboetan eta, bereziki, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan (Oñati) egindako ikerketek behin betiko lagundu zuten Aro Modernoko gure itsas historia ezagutzen, testuinguru unibertsal batean kokatuz.
Beraz, gure lurraldera iritsi zeneko urteurrena dela eta, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bere ibilbide bikaina aitortu nahi du, bai giza mailan bai maila profesionalean, eta eskertu nahi du gure artxiboak ikertzen eta balioan jartzen egindako lan itzela. Horregatik, Selma Huxley Barkhan izena emango zaio Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa aretoari; izan ere, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historiko zaharraren egoitza da gaur egun, eta Selmak bere bizitzako zati garrantzitsu bat eman zuen bertan.
Halaber, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak, aitorpen horri lotuta, oroimenezko erakusketa bat antolatu du, Selma Huxleyren ikerketa lanaren inguruan sortutako balio-katea agerian uzteko.
Shelma Huxley
Selma Huxleyk ikerketa asko egin zituen, eta ezagunenetako bat izan zen, garai hartako Oñatiko Protokoloen Artxibo Historikoko protokolo notarialen informaziotik abiatuta, 1565ean Red Bayko (Ternua) uretan hondoratutako San Juan itsasontzia aurkitzera eraman zuena. Oñatitik Ternuara, Selma Huxleyk egindako lanari esker, UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zuen Red Bay 2013an, eta horrek bide eman zuen Pasaian, gaur egun, ontzi horren erreplikaren eraikuntza zientifikoko proiektu enblematikoa gauzatzeko.
Bere ibilbide bikaina aski ezaguna eta aitortua izan da Euskadiko eta Kanadako sari eta kondekorazio ospetsuenekin. XVI. eta XVII. mendeetako gure itsas historiari egindako ekarpenak munduko aldizkari zientifikorik onenetan aurki daitezke. Ondo ezagutu zutenek diotenez, ezerk ez zuen beldurtzen eta dena bere grina asetzera bideratzen zuen. Historiarekiko grina, egiarekiko grina, eta hori guztia eraginkortasun zorrotz batez apaindua. Zuen gizatasun izugarriarekin, Selma Huxleyk eskua luzatu zion ikertzaile gazteen belaunaldi bati, eta ahalik eta gehien lagundu eta irakatsi zien, baita bere ereduarekin ere.
Bere ikerketaren arreta lehen mailako iturrietan jartzean, zehazki jatorrizko dokumentuetan, Huxleyk agerian utzi zuen Gipuzkoan gordetzen dugun ondare dokumentalaren aberastasuna, eta, era berean, lan horrek eragin zuzena izan zuen administrazioek dokumentu horien kontserbazioa, tratamendua eta zabalkundea bermatzen duten zerbitzuak, artxiboak, hobetu zitzaten.
Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa
Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa da, hain zuzen, Gipuzkoako artxiboek eman duten jauzi kualitatibo garrantzitsua hobeto erakusten duen zentroetako bat. Dokumentu horiek gordetzeko gaur egun erabiltzen diren neurriek, dokumentuak deskribatzeko lanari lotutako ahaleginak, edo gizartearen zerbitzura jarri diren hedapen-baliabideek ez dute zerikusirik Selmak duela 50 urte, Euskadira iritsi zenean, aurkitu zituenekin.
Duela urte batzuk, adineko emakumea orduan, artxiboa bisitatzeko eta bertan izandako aldaketa handia egiaztatzeko aukera izan zuen, eta berak ikerketak egiteko izan zituen baldintzengatik kexatu beharrean, behin eta berriz adierazi zuen poz handia ematen ziola artxiboak eskaintzen zituen ikerketarako erraztasunak ikusteak, berak imajinatu ere ezin izan zituenak bere ikerketa garaian.
2250