Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aiako lerradurak maiz beharko ditu konponketak

Aiako lerradurak maiz beharko ditu konponketak

Lerradurak ukitutako inguruetan, mailak kendu eta bide zorua konpondu da. Konponketa horiek bizpahiru urtean behin egin beharko direla ondorioztatu du Aldundiak.

2022/06/16
Aiako alkate Miren Nekane Arrizabalaga, Aintzane Oiarbide foru diputatua eta Jon Ander Azpiroz foru zuzendaria.

Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak, Aiara bisita egin du gaur eta, herriko alkatearekin batera, Nekane Arrizabalagarekin, eta Herri Txikietako Foru Zuzendaria den Jon Ander Azpirozekin konponketa lanak amaitu ondoren GI-2631 errepidea zer egoeratan dagoen bertan ikusi du.

           Foru Aldundiak hainbat hobekuntza jarduera egin ditu bide zoruan, errepidearen hiru puntutan; horietako bat, 19,2 kilometro puntuan dagoena, etorkizunean ere konpondu beharko da, Oiarbide diputatuak azaldu duenez. «Lerradurak 195 metroko luzera duen tarte bati eragin dio. Lurzoru kolubialak dira, hau da, mendi goikaldetik eroritako kalitate txarreko lurzoru zatikatuak dira, erraz askatzen direnak eta mendi magalak eusteko balio ez duenak eta arroka, eusteko balio duena, 20 metro baino gehiagoko sakoneran dago».

          Aintzane Oiarbidek, prentsa aurreko agerraldian, gogorarazi du 2016ko irailean txosten tekniko bat egin zela Gipuzkoako errepideen foru sarearen barruan, mendi magalen lerradura motelek gehien ukitutako tarteei buruz. Txosten horretan, Aiako udal mugartean dagoen GI-2631 errepidekoa (19,2 KP) identifikatu zen beste 9rekin batera. Aurten adibidez, Arlabanen ere antzerako lerradura historiko batean soluzio berdina egingo dugu.

          «Halako lerradura bat egonkortzeko, harri lubetazko kontrahormak, horma ainguratuak, pilote hesiak eta gisa horretako konponketak egin beharko lirateke, eta neurrigabeak dira, milioietako konponketak, eta eginez gero ingurumen inpaktu handia izango luketenak. Hortaz, nekez dira bideragarriak», zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak. Baina hala ere, proiektu bat egiten hasiko gara guzti hau neurtzeko, ze suposatzen duen ikusteko, ez ekonomikoki bakarrik, ingurumenari ze eragiten dion ere bai, kontuan izanda Pagoetako Parke Naturala hor dagoela.

          Obra horri ekiteko zailtasunen aurrean, diputatuak jakinarazi du errepideak behar ahala jarraituko dutela konponketak egiten. «Horregatik guztiagatik, mailak kendu eta zorua konpondu da lerradurak ukitutako inguruetan. Konponketa horiek bizpahiru urtean behin egin beharko direla ikusi da. Aurrez, 2015-2016 eta 2018 urteetan egin ziren halako jarduketak».

          Azken konponketa honek 50.000 euroko inbertsioa ekarri dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta astebeteko epean gauzatu da.

  

2649