Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zaintzako 14 ekosistema lokal babestu ditu 1,9 milioi eurorekin
Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zaintzako 14 ekosistema lokal babestu ditu 1,9 milioi eurorekin
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuak lotzeko
Zaintza HerriLab
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoan abian dauden 14 zaintza-ekosistemak dinamizatu, ebaluatu, eskalatu eta zabaltzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.900.000 euro jarriko ditu bi urtean zainketa-ekosistemak sustatzeko.
Ekosistemen helburua da gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuak konektatzea, pertsona ahulei eta mendekoei laguntza emateko, lankidetzatik, koordinazio soziosanitariotik eta lidergo publikotik abiatuta. Horrela, pertsona batek arreta integrala jasoko du etxean, agente guztiekin koordinatuta lan eginez ongizatea bermatzeko.
Akordioa sinatu dute Nerea Melgosa sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Euskadi eta Gipuzkoa beren arreta- eta zainketa-eredua aldatzen ari dira. Ekosistema horien garapena “ausardia handiko jauzia” da, pertsona guztientzako kalitatezko zainketak bermatzeko, pertsonalizaziotik, parte-hartzetik eta berrikuntzatik abiatuta.
Esperientzia horien bidez, gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuak ekosistema bakar batean lotzen eta integratzen dira, adinekoen arteko hauskortasuna prebenitu eta detektatzeko eta mendekotasun-egoerak atzeratzeko. Hala azaldu du diputatu nagusiak, eta gaineratu du foru erakundeak egiten duen apustua isla dela Zaintza HerriLab estrategian, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortu eta Adinberrirekin lankidetzan garatu baita.
Gainera, jarduera horien garapena Eusko Jaurlaritzaren programako zainketen arloko trantsizio-politikan kokatzen da. Zehazki, EAEko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoan, Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategian eta Familia Zaintzaileei Laguntzeko Estrategia Soziosanitarioan jasotzen dira; biak euskal administrazio publikoek onartu dituzte Arreta Soziosanitarioko Kontseiluan.
“Eusko Jaurlaritzak ekosistemaren mentalitatea bultzatzeko ardura du. Ospitale bakoitzak, mendekotasunaren arretarako zentro bakoitzak, erkidegoko erakunde bakoitzak eta zerbitzu publiko bakoitzak besteekin lotuta eta erlazionatuta egon behar du, onura kolektiborako informazioa eta baliabideak partekatuz”, adierazi du Melgosak.
Gaur egun, 14 ekosistema daude martxan Zaintza HerriLab-en babespean, eta helburua da gero eta udalerri gehiagok bat egitea estrategia horrekin.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenak bultzada berria ekarriko du apustua gauzatzeko. Horregatik, ebaluazioak eta eskalatzeak garrantzi berezia izango dute jakintza erauzteko eta sistematizatzeko orduan, eta estrategia hori Gipuzkoako eta Euskadiko gero eta puntu gehiagotara zabaltzeko orduan. Ekosistemak garatzen ari dira dagoeneko Donostian, Errenterian, Arrasaten, Hernanin, Pasaian, Azpeitian, Elgoibarren, Oiartzunen, Aretxabaletan, Urretxun, Usurbilen, Zestoan, Legorretan eta Lizartzan.
Pasaia- aitzindaria
Ekosistema horiek zainketen jarraitutasunaren inguruan egituratzen dira, bai etxean bai egoitzetan, pertsona bakoitzaren behar eta lehentasunetatik abiatuta. Azken helburua da bizi kalitatea hobetzea eta mendekotasun eta ahultasun egoeran dauden pertsonei iraupen luzeko zainketak erraztea. Tokikotik, gizarte- eta osasun-zerbitzuak lotzen dira, eta zerbitzu berriak eta berritzaileak sortzeko laguntza ematen da, komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboarekin.
Sailburuak gogorarazi duenez, “zainketen ekosistema ez da soilik gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuen sarea; konpromiso hori muga tradizionaletatik haratago doa, eta gehien behar duten pertsonei modu kolektiboan eta koordinatuan erantzuteko aukera ematen digu”.
Esperientzia bakoitza bakarra den arren, tokian tokiko berezitasunagatik, apustua duela hiru urte hasi zen Pasaian, eta etorkizuneko zainketen garapen “aitzindari” bihurtu da, Olanok adierazi duenez. Udaletako, foru-aldundietako eta autonomietako gizarte-zerbitzuen eta osasun- eta komunitate-zerbitzuen integrazioari esker, ekosistema berritzaile bat garatu da Gipuzkoan. Ekosistema horren bidez, pertsona bakoitzak bere etxean behar dituen zainketak jasotzen ditu, “modu guztiz integral eta pertsonalizatuan”.
Ekimen honen bidez, adinekoen eta haien familien eguneroko bizitza erraztu nahi da.
2776