Emekin, 10 urte emakume ekintzaileei laguntzen
Emekin, 10 urte emakume ekintzaileei laguntzen
150 emakume ekintzaile baino gehiago elkartu dira gaur Kursaalen emakume ekintzaileen iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko.
Markel Olano diputatu nagusiak ireki du Emekin programak abian daramatzan 10 urte hauetan bertan parte hartu duten emakume ekintzaile guztien omenezko ekitaldia. Emekin programa 2007an jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta emakumeek sortutako proiektu ekintzaileak sustatzea eta prozesu guztian laguntzea du helburu, horrela, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak gainditzeko. Ekitaldia Kursaalen egin da, eta Emekin programan parte hartu duten 150 emakume baino gehiago izan dira bertan.
Emekin programa arlo pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlanaren emaitza da, Gipuzkoako Foru Aldundiak ASPEGI eta Laboral Kutxarekin batera aurrera daramana, Europako Gizarte Funtsak % 50 finantzatuta. 10 urte horietan, emakume ekintzaileek 849 enpresa sortu dituzte, 1.189 lanpostu sortu dituztenak; 1.775 emakumeri egin zaizkie elkarrizketak; 1.591 sartu dira Emekin programan, eta guztira, 1.167 bideragarritasun plan egin dira. Laguntza pertsonalizatua eskaintzen zaie programan parte hartzen duten emakumeei, proiektuaren jarraipen osoa egiteaz gain: harrera, informazioa, prestakuntza, tutoretza, bideragarritasun plana eta laguntza lehen urtean, proiektua abian jartzen denetik hasita.
«Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu sendoa egin dugu ekintzailetasun eta berrikuntza balioak sustatzeko» adierazi du diputatu nagusiak. «Garrantzitsua da beren proiektua abian jarri nahi duten emakumeei behar duten laguntza ematea eta babestea. Gizarte lehiakorragoa eta bidezkoagoa eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da emakumeen presentzia eta parte hartzea bermatzea, baita arlo ekonomikoan ere».
Ekitaldiak ekintzailetasunaren balioak gizarteratzea eta esperientziak partekatzea du xede. Horrela, diputatu nagusiaren hasierako hitzen ondoren, mahai inguru bat izan da eta bertan parte hartu dute Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak, Nerea Ibáñez ASPEGIko lehendakariak, eta Iñaki Altuna Laboral Kutxako Donostialdeko zuzendariak, eta hausnarketa egin dute Emekin programaren 10 urteak, emakume ekintzaileei laguntzeko programa bat izaten jarraitu beharra, egungo egoera, eta ekintzailetasunaren etorkizuna ardatz hartuta.
Ondoren, bideo emanaldi bat izan da, non Emekin programari esker abian jarri diren hiru enpresa proiekturen lekukotza jasotzen den. Bertan agertu dira Aitziber Olano, Leorpe txakur eta katuen egoitzaren sortzaile eta zuzendaria; Jaione Izagirre, Hegalak kirol zentroaren sortzaile eta zuzendaria; eta Olatz eta Garazi Lizarralde ahizpak, Sweet Roma pastel dendaren sortzaile eta zuzendariak.
Azkenik, topaketa amaitzeko, bigarren mahai ingurua izan da, Emekin programan parte hartu duten beste hiru emakume bertan zirela: Maite Garmendia, Maitte enpresaren sortzailea eta zuzendaria, eramateko etxeko janaria prestatzen duena, eta Emekin programaren lehenengo urtean parte hartu zuen lehenengo emakumea; Lorea Uranga, Basque Destination turismo agentziaren sortzaile eta zuzendaria, 2013ko programan parte hartu zuena; eta Laura Céspedes, Lasarte-Oriako CoWorking lan espazioaren sortzaile eta zuzendaria, 2017ko programan parte hartu duena. Hiru emakumeek beren esperientziak, proiektuak, beldurrak, lorpenak eta erronkak partekatu dituzte antzeko prozesuak bizi izan dituzten eta topaketan elkartu diren emakumeekin.
10 urte eta etorkizun oparoa aurrean
Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da pertsonen arteko desberdintasunak murriztea eta ekonomia suspertzearen alde lan egitea, eta Emekin programak bi helburu horiei erantzuten die. «Lehiakortasunik gabe ezin da bermatu gizarte ongizatea, eta ongizaterik gabe ezin da lehiakorra izan» esan du Markel Olanok. Emekin Gipuzkoako enpresa eta ekoizpen sarearen lehiakortasuna sustatzen duen euskarria da, betiere, berrikuntzara bideratuta, ekintzailetasuna sustatuta, eta jakintza garatuta.
Emekin programa abian jarri zen urtean, 2007an, % 6,4ko aldea zegoen gizon eta emakumeen ekintzailetasun jardueraren tasan, eta desberdintasun hori jaisten joan da urtez urte, 2016an % 0,2ra iritsi arte. Azken datuen arabera, Gipuzkoan eta Euskal Autonomi Erkidegoan desberdintasuna % 0,2koa da, eta estatuan, berriz, % 1,1ekoa.
«Ekintzailetasunaren aldeko gure erronka irmoa da; desberdintasunei aurre egiten ari gara hori delako gure helburua: Gipuzkoa desberdintasunik gutxien duen Europako lurraldeetako bat izatea nahi dugu» adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. «Nahiz eta datuek hobera goazela erakutsi, bide luzea dago egiteko. Emekin programa bultzatu eta indartu nahi dugu, zuen guztion laguntzaz. Aukera berdintasuna sustatzen duen programa bat delako eta emakumeen papera indartzen duelako arlo ekonomikoan, bultzatzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan».
3517