Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Energia Azokak hartuko du Tolosako Trianguloa larunbatean

Energia Azokak hartuko du Tolosako Trianguloa larunbatean

José Ignacio Asensio: “Azokak Gipuzkoa Argitu sentsibilizazio programaren aholkularitza puntu bat hartuko du"

2017/12/14

Goizeko 10:00etatik 14:00etara energiaren bueltako gaiak jorratzeko stand eta informazio panelak izango dira ikusgai, baita aditu ugariren hitzaldiak ere.

 

José Ignacio Asensio: “Azokak Gipuzkoa Argitu sentsibilizazio programaren aholkularitza puntu bat hartuko du. Programa honi esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko”.

Energia iturri berri eta garbien eta kontsumo eraginkorreko teknologien inguruko ezagutza jendartera gerturatzeko helburuarekin ekin zitzaion Tolosako Energia Azokari bere hastapenetan 2015ean. Egun, hirugarren edizioan, teknologia hauek gizarteratzeko helburu berberekin jarraitzen du.
Ekimena Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Tolosako Udalarekin eta Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera sustatutako eraginkortasun energetiko eta energia berriztagarrien inguruko sentsibilizazio, heziketa eta dibulgazio programaren parte da. Aldundiak 1.200 euroko ekarpena egiten du

 

Datorren larunbatean, abenduak 16, ospatuko da azoka Trianguloan. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da eta honelako azoketan ohikoa den eran, gai ugariren bueltako stand eta informazio panelak izango dira ikusgai: biomasa galdara, eguzki energia instalakuntza ezberdinak, aerotemia instalakuntza, tenperatura baxuko berogailuak, LED argiteria, eraikuntzetarako aislamentu material eta bukera ezberdinak…

 

Trianguloan gauzatutako aurkezpenean eskaini dituzte xehetasunak Jose Ignacio Asensiok, Patxi Amantegik eta Tolosaldea eta Usurbilgo Lanbide Institutuetako ordezkariek. Amantegik nabarmendu duenez, Udalaren nahia da ekintza desberdinak antolatuz eta garatuz “herritarren kontzientzia mugitzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan inplikatzea, hain zuzen”.

 

Usurbil eta Tolosako ikastetxeetako irakasle eta ikasleez gain stand  ezberdinetan, hainbat elkartetako adituk ere parte hartuko dute:

 

• Gipuzkoako Arkitekto Eskolako Jasangarritasun Saileko kideek eraikuntzan aplikatutako energia eraginkortasun alorrarui buruz jardungo dute.

 

• Argitu Programako arduraduna ere bertan izango da argindar kontsumoaren murrizketa nola lortu azaltzeko era erraz batean.

 

• Baita Goienerreko kideak, Energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba, faktura elektrikoa ulertzeko azalpenak emanez.

 

Azokako bisita errazte aldera, bi ibilbide gidatu antolatu dira, 11:30etan eta 12:30etan hasiko direnak biomasa galdara alboan. Ez da aurrez izena eman behar.

 

Herritarrari gaian sakondu eta bisitan zehar erraztasunak emateko bidean, azokan bertan, Jokin Aldazabal Euskadi irratiko kazetariak elkarrizketa gune bat gidatuko du, zuzenean Trianguloan bertan ezarriko den telebistaren bitartez jarraitu ahal izango dena. Bertan, standetako arduradunek eta adituek hartuko dute parte. Baita Tolosaldeako Energia kanpainaren protagonista izan diren Telleria anaiek ere. #TolosakoEnergiaAzoka traola erabiliko da sareetan komunikazioa bultzatzeko.

 

Gipuzkoa Argitu


Aurrez aurreko aholkularitza puntua topatuko dugu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak hilabetero Gipuzkoako hainbat herritako azokatan eskaintzen duena. Aholkularitza puntu honi esker, faktura elektrikoa ulertzen ikasiko dugu eta energiaren kontratazioan aurreztea posible izango dugu. Herritarrek bere faktura eraman ahal izango dute eta aditu batek Iberdrolako tresna nola erabili azalduko die, horrela bere datuak ikusi ahal izango dituzte, beraien kontsumoa zenbatekoa izan den ezagutuz, eta kontsumoa murrizteko neurriak har ditzakete, argindarraren faktura optimizatuz.

 

Ingurumeneko Diputatuak azaldu du Energia Azokak Gipuzkoako hainbat herri bisitatuko dituela. “Azokak Gipuzkoa Argitu sentsibilizazio programaren aholkularitza puntu bat hartuko du. Programa honi esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko. Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan”, adierazi du Asensiok.

  

1515