Enpresen erabakiguneak Gipuzkoan errotu nahi ditu foru Ogasunak langileen partaidetzaren sustapenaren bitartez
Enpresen erabakiguneak Gipuzkoan errotu nahi ditu foru Ogasunak langileen partaidetzaren sustapenaren bitartez
Enpresen erabakiguneak Gipuzkoan errotu nahi ditu foru Ogasunak langileen partaidetzaren sustapenaren bitartez
Langileek enpresan parte hartzea bultzatzeko Foru Arau proiektuak emakumeentzako neurri positiboak ditu, esparru honetako “desberdintasun errealitateari” eragiteko
Langileak euren enpresetako erabakigunetara hurbildu partaidetza sustatuz eta, bide honetatik, enpresako erabakiguneak lurraldean sustraitu. Ideia honi jarraiki eraiki du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak langileek enpresan parte hartzea bultzatzeko Foru Arau proiektua. Alorreko diputatuak, Jabier Larrañagak, neurriak ekonomia sustapenean izan dezaken inpaktu positiboa nabarmendu du: “Enpresak lurraldean errotzen lagundu dezake eta, aldi berean, hauen lehiakortasuna areagotu, talentuari eutsi eta denen konpromisoa indartuz.
Neurria Ekonomia Suspertzeko Planaren markoan kokatzen da eta aurkezpen ekitaldia gaur burutu da Donostian. Bertan hartu dute parte, Larrañagaz gain, Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak, Bittori Zabalak, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Miren Elgarrestak. Azaldu dutenez, Foru Arau proiektua gaur jarriko da jendaurrean, eta hilabetez egongo da esekita. Ondoren Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso beharko du eta, uda ostean, Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatuko da. Onartzen denean atzeraeraginezko izaerarekin jarriko da indarrean, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Larrañagak ekonomia sustapena jarri du agertokian, hau baita legealdi honetan Foru Aldundiarentzat “lehentasun osoa” duen esparrua. “Ekonomia sustapena aberastasun eta kalitatezko enplegu sortzaile gisa, gure ongizate mailari eutsi eta zerbitzu publikoak jasangarri egiteko baliabideak lortzeko iturri modura, gizarte ezberdintasuna murrizteko erremintak eskura jarriko dizkiguna”, azpimarratu du. Zentzu honetan, Foru Arau proiektuaren xedea “enpresak lurraldean errotzea” dela esan du.
Langileen parte hartzea bultzatzeak, foru diputatuaren iritziz, eragin positibo ezberdinak izan ditzake: batetik, erabaki guneak lurraldean sustraitzea, deslokalizazioei aurre hartzeko eragile gisa. Eta honi lotuta, langileak enpresaren kudeaketa eta erabaki estrategikoen partaide egitea, konpainiaren lehiakortasuna hobetuz. “Bide honetatik enpresak nabarmen indartzen dira, enpresarekiko langileen konpromisoa berresten du eta talentuari eusten dio”, azpimarratu du Larrañagak. Foru diputatuak gogoratu duenez, Gipuzkoak tradizio handia du langileen parte hartzearen arloan, kooperatibismoa eta lan sozietateak adibide, eta ekimen honekin foru Ogasunak arlo hau indartu eta zabaltzea bilatzen du.
Proiektuak enpresari saltzaile zein enpresako langileentzat erakargarri egin nahi du eskualdatzearen bidea, PFEZean zentzu honetako aldaketak txertatuz. Zabala zuzendariak azaldu duenez, eta transmititzen duenaren ikuspuntutik, adin muga jaitsiko da 65 urtetik 60ra, eta salmentatik eratorritako irabaziak salbuetsita egoten jarraituko da PFEZaren ondare irabazian (kanpoko erosle bati saltzean ez bezala). Enpresako langile guztiei aurretiazko eskaintza egiteko beharkizuna ere ezabatu egiten da, Zabalak azaldu duenez, orain arte mota honetako eskualdatzeentzat oztopo baitzen, eta langileek osatutako enpresa bati saltzea ere posible izango da Foru Arau proiektuan jasota dagoenez.
Langileentzat, bere aldetik, %15eko kenkaria ezartzen da kuotan, eta urteko muga 1.500 eurokoa izango da gizonen kasuan, 2.000 eurokoa emakumeenean. Muga gainditu izanagatik edota kuota osoa txikiegia delako kendu ez diren kantitateak hurrengo lau ekitaldietan erabili ahal izango dira, 6.000 euroko muga arte gizonezkoen kasuan eta 8.000 arte emakumeenean. Epeei dagokionez, langileek salmentaren aurreko bost urtetatik gutxienez hirutan jardunda izan beharko dute enpresan lanean, eskualdatzearen ostean, akzio edo partaidetzak hurrengo bost urtetan mantendu beharko dituzte.
Genero ikuspegia
Elgarrestak, bere aldetik, legedian emakumezkoentzako neurri positiboak txertatzea enpresa munduan bizi den “genero desberdintasun errealitateari” erantzuna emateko nahiak bultzatu duela nabarmendu du. Zuzendariak neurri hau “aitzindaria” dela azpimarratu du, “ez baitugu gure inguruan horrelako erreferentziarik”, baina legedia indarrean sartu ostean “jarraipen zorrotza” egingo dutela esan du, erabakia eraginkorra den ala ez ikusteko. “Ez da itxurakeriazko erabaki bat, aldaketa kualitatibo garrantzitsua da. Kudeaketa Plan Estrategikoan konpromisoa jaso genuen eta, orain, neurri zehatzekin konpromiso horri bidea egiten ari gara”, azaldu du Elgarrestak.
“Ekonomia sustapena helburua izanik, langileek enpresan parte hartzea sustatzen duen ekimen berria hankamotz geratuko litzateke errealitatea bere osotasunean hartuko ez balu, eta errealitate horren ezaugarrietako bat da gaur egun gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna”, adierazi du Berdintasuneko zuzendariak. “Genero-aniztasunarekin enpresak irabazten du, gizonek eta emakumeek irabazten dute, eta beraz, gizarteak irabazten du”, gehitu du.
Esparru honetan bertan, Foru Arau proiektuak jaso du beste neurri aipagarri bat ere. Langileek erosiko duten enpresan epe jakin bat egin behar dute lanean kenkariak aplikatu ahal izateko eta, denbora tarte hau zenbatzerako orduan, senideen zaintza dela eta borondatezko eszedentziak ere kontuan hartuko dira. Elgarrestak azaldu duenez, eszedentzia hauek hartzen dituzten langileen %94 emakumezkoak dira eta, kenkariei dagokionez, neurriak ezberdintasun egoera hori ezereztea du jomuga.
2493