Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Enpresen salmentak %3,6 igo ziren otsailean, industriak eta esportazioek bultzatuta

Enpresen salmentak %3,6 igo ziren otsailean, industriak eta esportazioek bultzatuta

2021 urteko datu metatua negatiboan geratu da hala ere, eta COVID-19 gaitzaren krisiaren eragina lan merkatuko adierazleetan nabarmentzen da.

Gipuzkoako enpresek pasa den urtean baino %3,6 gehiago saldu zuten 2021eko otsailean, foru Ogasunak hilero kaleratzen duen txostenaren arabera. Eider Mendoza bozeramaileak adierazi duenez, datu “onak” jazo dira salmenten esparruan, batez ere esportazioei eta industriari esker. Alde negatiboan, lan merkatuari lotutako adierazleak negatiboan itxi dut hilabetea, COVID-19 gaitzak eragin duen krisialdiaren eraginpean segitzen baitute. Mendozak azpimarratu duenez, Aldundiaren lehentasunen artean daude krisi ekonomikoari aurre egin eta sektore zaurgarrienak babestea, eta aurreratu du bihar aurkeztuko dela foru erakundeak ekonomiari laguntzeko urte honetan martxan jarriko den plana.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaiak gizarteratzeko. Aipatu duen lehenengo gaia Gipuzkoako foru Ogasunaren salmentei buruzko txostena izan da, kasu honetan otsailera arte geratu dena jasotzen duena. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko. Kasu honetan, aurtengo otsaileko txostena da esku artean duguna eta, ondorioz, 2021 honen hasierari buruzko ikuspegia eskaintzen diguna”, esan du Mendozak. Txosten osoa Ogasuneko web orrian dago kontsultatu daiteke.

Otsaileko datuak honako hauek izan dira: salmenta osoak +3,6 igo dira; barne merkatuko salmentak +0,3 hazi dira, eta esportazioak berriz +10. Inportazioak, bestalde, negatiboan ageri dira, -0,8 jaitsi baitira, eta lan merkatuari lotutako bi adierazleek ere ez dute bilakaera positiborik izan: enplegua -3,2 jaitsi da, eta soldatek -3,4 egin dute behera. “Kontutan izan behar da pasa den urteko otsaila COVID-19 aurreko hilabetea izan zela eta, ondorioz, adierazgarriak dira datuak”, esan du foru arduradunak. Zehaztu duenez, sektoreka, pandemiaren bilakaerak zerbitzuen sektoreari eragiten jarraitzen dio (+1,1 otsailean, baina -2,4 metatuan), baina industria sendo ageri da (+7 otsailean eta +2,4 metatuan).

          Urte hasierako lehen bi hilabeteetako datu metatuen kasuan (urtarrila eta otsaila), otsaileko datuek zertxobait igoarazi dituzte adierazle gehienak. “Hala ere, oraindik bi hilabetetako datuetako informazio bakarrik da esku artean duguna, beraz goiz da oraindik ere ondorioak ateratzen hasteko”, ohartarazi du bozeramaileak. Datu metatuak honakoak dira: salmenta osoak -0,7 jaitsi dira, baina adierazle honen bi aldagaiek bilakaera ezberdina izan dute: barne merkatuak -3 egin du behera, eta esportazioek +4 egin dute gora. Inportazioak -5,2 jaitsi dira, enplegua -3,1 eta soldatak -1,7.

“Beraz, ikusten denez, ekonomiak aldika ematen ditu berrindartzeko zantzuak, baina pandemiaren eraginpean jarraitzen dugu, enpleguaren bilakaerak edo soldatenak adierazten duten bezala”, esan du Mendozak. Gogoratu duenez, COVID-19 agertu osteko lehen unetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat krisiaren ondorioen aurrean zaurgarrienak direnak babestea izan da lehentasun nagusia. “Zentzu honetan, foru erakundea lanean ari da ekonomia berreskuratzen laguntzeko plan batean. Ekimen honen eskutik, sektore kaltetuenak laguntzen jarraituko dugu eta, aldi berean, gure etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraituko dugu”, azpimarratu du.

 

COVID-19 partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den inpaktua eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileei dagokionean, ez dago kasu positiborik otsailaren 26tik. Langileen kasuan, lau kasu positibo daude, lau egoitza ezberdinetan. Eguneko zentroetan bi positibo atzeman dira azken astean, eta ez dago kasu berririk desgaitasuna dutenei arretarako zentroetan eta gizarte inklusioan. Adingabeei zuzendutako baliabideetan, ordea, 3 kasu berri atzeman dira azken astean.

          Azkenik, txertoari dagokionean, martxoaren 18tik Pfizerren bigarren dosiak jartzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia eguneko zentroetako, desgaitasuneko eta osasun mentaleko erabiltzaileei. Lehen dosi guztiak ipini zitzaizkien erabiltzaile eta langileen guztiei, 3.392 lagun guztira. Gainera, gaurtik aurrera Anoetan 9.500 pertsona txertatzeko prozesua hasiko da. Egunean 400 dosi jartzea aurreikusten da, gutxi gorabehera.

  

2065