Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Enpresen salmentak %33 erori ziren apirilean

Enpresen salmentak %33 erori ziren apirilean

COVID-19 osteko agertokian ekonomia sustapenaren alde lanean jarraitzeak duen garrantzian jarri du azpimarra Eider Mendoza foru bozeramaileak.

2020/06/02

Gipuzkoako enpresek %32,9 gutxiago saldu zuten apirilean, pasa den urteko hilabete berdinarekin alderatuta, Gipuzkoako foru Ogasunak hilero argitaratzen duen lurraldeko konpainiei buruzko txostenaren arabera. Zenbatekoa xehatuta, %29,4 egin zuten behera barne merkatuko salmentek, eta %39,5 esportazioek; bestalde, %27,3 egin zuten behera inportazioek. “Datu hauetan eragin nabarmena izan du alarma egoerak suposatu duen funtsezkoak ez diren jardueren gelditzeak. Ez genituen horrelako datu negatiborik jasotzen 2008 eta 2009 urteetako krisi garaitik”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Diputatuen Kontseiluak hartu dituen erabakien berri emateko, eta bertan eman du enpresei buruzko azterlanaren berri. Apirileko datuekin jarraituta, Mendozak esan du %5,6 eta %9,6 jaitsi zirela enplegua eta soldatak, hurrenez hurren, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. “Hemen, eragina izan dezake aldi baterako erregulazioen espedienteak nolakoak izan diren, zeren eta jardunaldia murriztu bada, langileak soldataren zati bat enpresatik jasotzen du eta bestea Lanbidetik. Kasu horietan, gure metodoarekin langilea bere osotasunean konputatzen da, baina soldata bakarrik enpresaren zatia, eta hor jaitsiera nabarmentzen da.

Urteko apirilera arteko datu metatuei begiratuta, apirileko eragin negatiboak eta martxoaren bigarren hamabostaldian jazotakoaren ondorioz, hemen ere zifra negatiboak ageri dira. Honela, urteko lehen lauhilabetekoan salmenta osoak 13,7 jaitsi dira (barruko salmentak -11,9 eta esportazioak -16,9); inportazioek 14,2 egin dute behera; enplegua 0,2 hazi da; eta soldatek 0,5 egin dute behera. Mendozak azaldu duenez, enpleguan eta soldatetan ere beherakada handia eman da, baina ez salmenten parekoa. “Arrazoiak, martxoan gertatu zen bezala, langileak konputatzeko erabiltzen dugun metodoa da: berdin-berdin da 15 egunetan lan egin edo hilabete osoan”, adierazi du.

·Datuak esku artean, argi dagoena da COVID-19 gaitzak eragin duen ezohikoz egoerak ondorio latzak izaten ari dela gure ekonomian”, ohartarazi du Mendozak. Hortik, Gipuzkoako Foru Aldundiak “hizki larriz” jaso dituen bi lehentasun nagusiak, pandemia globalaren ondorengo agertokirako: gizarte politika eta ekonomia sustapena. “Jarduera bere onera bueltatzen doan heinean, ahalegin kolektiboa egin behar dugu gure ehun ekoizleari eutsi eta jarduera ekonomikoa krisiaren ondorioetatik babesteko. Gure ongizate mailari eustea dago jokoan eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik norabide horretan jarraituko dugu lanean”, aldeztu du.

 

Innobideak-Kudeabide

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak onartu du “Innobideak-kudeabide” programako dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak eta 2020. urteko deialdia. Guztira, lerro honetara 198.000 euro bideratuko ditu Aldundiak, eta zenbatekoa handitu ahal izango da, horretarako baldintzak ematen badira. “Innobideak-kudeabide programaren bidez, Gipuzkoako enpresei, bereziki, enpresa txiki eta ertainei, aukera eman nahi zaie enpresaren esparru guztiak hobeto kudeatuta beren lehiakortasuna hobetzeko”, azaldu du bozeramaileak. Programa hau SPRIk eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek modu koordinatuan kudeatzen dute.

2014an, prozesu bat abiatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna bultzatuko zuen ekimen bat diseinatzeko. Ekimen hori bideratu zen, bereziki, haztea helburu duten eta garapen lehiakorraren eta enplegua sortzearen alde jokatzen duten enpresen txikien xedera, eta Innobideak-Kudeabide izena eman zitzaion. Programa hau garatzeko oinarria Kudeaketa Aurreratuko Euskal Eredua izango da; eredu hori hainbat erakunderen arteko adostasunaren emaitza da enpresei lehiakortasuna hobetzeko bidean laguntzeko asmoz. Sei elementu hauek hartzen ditu oinarritzat kudeaketa hobetzeko: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea, berrikuntza eta emaitzak.

Laguntza deialdian parte har dezakete Innobideak-kudeabide programan kudeaketa aurreratuko proiektuak sendotzeko etapan parte hartu nahi duten 5 langile edo hortik gorako eta 50 langile baino gutxiagoko Gipuzkoako enpresek. “Gauden testuinguruan, COVID-19 gaitzak sortu duen ezohizko agertoki honen aurrean, Aldundiak kalitatezko enplegua sortu eta finkatu nahi du lurraldean, enpresa proiektu lehiakorren, eraldatzaileen, jasangarrien (jasangarritasun hirukoitzaren kontzeptua: ekonomia, gizartea eta ingurumena), eta giza proiektuen bidez”, esan du Mendozak. Honela, Gipuzkoa Europan desberdintasun maila txikiena duen pertsona komunitatea izaten lagundu nahi du Aldundiak, “eta uste dugu Innobideak-Kudeabide ekimena norabide horretan doala”.

 

Bizikidetza Lantzen

Azkenik, beste dirulaguntza deialdi bat ere onartu du Diputatuen Kontseiluak, Bizikidetza Lantzen programarena hain zuzen. Guztira, 180.000 euro bideratzen dira ekimen honetara. Bizikidetza Lantzen bake, bizikidetza eta giza eskubideen udal politikak sustatzeko foru programa da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da Kultura demokratikoa indartzea, aniztasunean eta gizarte bidezkoago batean oinarritutako bizikidetza hobea lortzeko, betiere Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenarekin koherentzia gordez.

Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016 urtean Bizkidetza Lantzen, bake, bizikidetza eta giza eskubideen udal politikak sustatzeko foru programa martxan jarri zuen. Ibilbide oparoa izan du orain arte foru programa honek, lurraldeko udal gehienetara bizikidetza arloko egitasmoak hedatuz. Ekimen honetan parte hartu duten udalen hausnarketak eta ekarpenak barneratu dira programan, eta honela lehentasuna eman nahi zaio bizikidetza sustatzeko elkarrizketa esparruei, oroimen inklusibo, demokratiko eta ez justifikatzaileari; herritarren kultura politiko demokratikoa sendotzeari eta, giza eskubideak defendatzea, errespetatzea eta bete daitezen bermatzea xede duten proiektuei.

          “Elkarbizitzarako oinarriak ezartzeko, ezinbestekoa da erakunde guztien, herri ordezkarien eta herritarren inplikazioa eta parte-hartzea. Horrela, udalak, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direnez, eta gure gizartearen aniztasunaren isla direnez, oso garrantzitsuak dira elkarbizitza espazioen eraikuntzan”, nabarmendu du bozeramaileak. “Gauzak horrela, zentzuzkoa da Bizikidetza Lantzen programari jarraipena ematen segitzea”, gehitu du.

  

2236