Epaitegiek artxibatu egin dute AP-1 autobideko Arlaban-Eskoriatza tarteko obrei buruzko kereila
Epaitegiek artxibatu egin dute AP-1 autobideko Arlaban-Eskoriatza tarteko obrei buruzko kereila
Gipuzkoako erakundeen "funtzionamendu onaren eta zuzentasunaren" berrespen gisa balioetsi du auto judiziala Eider Mendoza diputatu nagusiak
Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, lehen balorazio bat eskaini du gaur goizean, 2015an Bildu buru zuen foru gobernuak AP-1 autobideko Arlaban-Eskoriatza Iparra zatiko obren likidazioari buruz jarritako kereila artxibatu izana dela eta. Mendozaren esanetan, Aldundiaren, Bidegiren eta kereila honetan “modu bidegabean seinalatuak” izan ziren pertsonen “izen ona eta zuzentasuna" berresten du auto judizialak eta, aldi berean, azaleratzen du Gipuzkoako erakundeei kalte egiteko orduan inolako erreparorik izan ez zutenen jokaera bidegabea, "datu okerrak" eta "omisioak" baliatuz, euren aurkari politikotzat jotzen zutenari zuzenean kalte egiteko erabili zituztelako erakundeak.
Mendozak komunikabideen aurrean egin ditu adierazpen horiek, Azpeitiko epaitegiaren autoa dela eta. Auto horrek artxibatu egiten du aipatutako obraren zuzendariaren, UTE Arlaban kontratistaren ordezkariaren eta Bidegiko orduko zuzendari teknikoaren aurkako auzia. Egun, kereilaren euskarri bakarra Batzar Nagusietako EH Bilduko hainbat kide ohi ziren akusazio partikular gisa, Fiskaltzak eta Aldundiak berak jarduketak artxibatzeko eskatu baitzuten.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, 2015-2019 legegintzaldiaren hasieran, Aintzane Oiarbidek zuzendutako Bide Azpiegituretako departamentuak txosten bat eskatu zuen, foru-teknikariek egina eta sinatua, kereilaren oinarri zen dokumentazio teknikoa berrikusteko eta, bertan, "kalkuluetan egindako hainbat akats" identifikatu zituzten. Mendozak azaldu duenez, auto judizialak egiaztatu egiten ditu 2015ean epaileen aurrean "aurkeztutako txostenen akats eta omisio ugariak, kereilarekin batera aurkeztutako txostenean ezarritako ondorio guzti-guztiak baliogabetzen dituztenak".
"Egindako lekukotza- eta peritu-deklarazioen jarduketetako dokumentazio zabalak agerian utzi ditu jarduketa hauen jatorri diren kereilekin batera aurkeztutako peritu-txostenak zituen inkongruentzia ugariak", dio autoak. "Kereilan jasotako datuak ez dira egiaztatu, ezta zantzu gisa ere, kontrakoa baizik, egiaztatu da kereilaren txosten sostengatzailea akatsez beteta zegoela", jasotzen du autoak eta, horregatik, "behin-behineko artxiboa" erabaki du, eta apelazio-helegitea aurkez dakioke, jakinarazten denetik bost eguneko epean.
Mendozak "zuhurtziaz" hitz egin nahi izan du Azpeitiko epaitegiaren autoaren inguruan, behin-behineko artxibatzea delako eta oraindik ere epaitegietan jarraitzen duelako EH Bildu buru zuen foru gobernuak. Hala ere, esan du lehen auto horrek "argi eta garbi" ezartzen duela, alde batetik, delitua egon zitekeen zantzurik ere ez dagoela, eta, bestetik, egiaztatzen dituela kereilarekin batera aurkeztutako dokumentazioan dauden "akats eta omisio deigarriak".
Oinarri horrekin, diputatu nagusiak "gure erakundeen izen ona eta osotasuna aldarrikatu" nahi izan du, kasu honetan espreski Aldundiarena eta Bidegirena, bai eta bere garaian kereila "bidegabe eta funtsik gabeko" horrek zipriztindu zituen langile, funtzionario eta ordezkari publiko guztiena ere. Kereila horrek, bere ustez, "helburu alderdikoiak" baino ez zituen, eta 2015eko hauteskunde kanpaina hasi baino hiru egun lehenago aurkeztu zela gogorarazi du. "Politikan denak ez du balio, eta are gutxiago pertsonen ohorearen eta erakundeen sinesgarritasunaren aurka zuzenean jardutea, datu okerretan eta funtsik gabeko interpretazioetan oinarrituta, arerio politikoari erasotzea beste helbururik gabe", adierazi du.
Amaitzeko, Mendozak Gipuzkoako erakundeen funtzionamendu egokia eta zintzoa aldarrikatu du, eta "etengabeko konpromisoa" eskatzen duen errealitatea dela aipatu du. Zehazkiago, Bidegi sozietate publikoaren lana eta "ezinbesteko" funtzioa azpimarratu ditu, erakunde "sendo eta aitzindaria" baita, eta bere zeregina funtsezkoa izan baita lurraldean bide-sare moderno eta aurreratu bat eduki ahal izateko.
1715