Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Erakundeak udan trafikoa eta mugikortasuna koordinatzeko dispositiboa prestatzen hasi dira

Erakundeak udan trafikoa eta mugikortasuna koordinatzeko dispositiboa prestatzen hasi dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo eta Hondarribiko udalek Bidasoaldeko koordinazio mahaiaren lehen bilera egin dute gaur

2024/06/21
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak, Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta Irungo eta Hondarribiko Udalek gaur goizean egin dute Biriatu ingururako u trafiko eta mugikortasuneko udako dispositiboa koordinatzeko lehen bilera; azken urteotan erakundeen arteko lankidetzari jarraipena ematen diona eta trafiko operatibo eraginkor bat antolatzea ahalbidetu duena. Iaz koordinazio mahaiak martxan jarritako neurriek emaitza onak lortu ostean, inplikatutako erakundeek dispositiboari eutsiko diote, auto-ilarak eta blokeo puntualak saihesteko, eta datozen operazioei begira neurri berriak aztertzen ari dira.

Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, udako trafiko pilaketei begira berrekin dio mahaiak. Une honetan, azaldu duenez, erakundeek "erantzunik onena koordinatu nahi dute, auto-ilarak saihesteko. Horretarako, Aldundiak prest ditu bere baliabideak, bai materialak, bai pertsonalak, eta aurten ere errekurtsoak handituko ditu". "Operazioaren arrakastaren gakoetako bat inplikatutako erakundeen arteko lankidetza izan da", gaineratu du diputatuak.

Bestalde, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak berretsi du Jaurlaritza lanean jarraitzeko prest dagoela, trafikoaren kudeaketan inplikatutako gainerako erakunde eta eragileekin koordinatuta. Era berean, Olabarrik adierazi duenez: "Erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da udako Itzulera Operazioak dakarren erronkari aurre egiteko, zehazki, Biriatuko ordainlekutik eta Bidasoaldea eskualdetik igarotzean. Era berean, errealitate horri modu bateratuan eta prebentzio-neurriekin aurre egiteak duen garrantzia azpimarratzea, eraginkortasun handiagoko konponbideak emateko".

            Irungo Udalak, bere aldetik, aparteko operatibo bat jarriko du martxan iaz bezala, izan ere, “horrek funtzionatu eta balio izan zuen Europako iparralderantz doazen ibilgailuak autobidetik edo saihesbidetik joateko, Irunen sartu gabe”. Cristina Laborda, Irungo alkateak azaldutakoaren arabera,  "gakoa udaltzainen dispositiboa izango da, hiriko sarreren gune estrategikoetan jarriko dena, trafikoa zuzentzeko, Irungo helmuga duten tokiko ibilgailuei lehentasuna emanez".

Hala, alkateak, duela egun batzuk iragarri zuen bezala, bilera hori aprobetxatu nahi izan du ofizialki eskatzeko "lankidetzarako mahai iraunkor bat martxan jartzea, protokolo batzuk ezartzeko, neurri eraginkorrak hartzeko. Tresna horrek hiria eta bere ingurua gerta daitezkeen egoera ezberdinekin blokeatu ez daitezen lagunduko du. Labordak azpimarratu du irtenbide integralak eta protokolo zehatzak behar direla, izan ere, "ez da soilik udako irteera eta itzulera operazioak, egiaztatuta dago egoera horiek gero eta maizago gertatzen direla eta arazoari errotik aurre egin behar zaiola”.

Hondarribiko alkate Igor Enparanek erantsi duenez, aurten kontutan hartu behar da Joku Olinpikoen aldagaia eta ”horrek eragin handiagoa izango du udako trafikoetan”. Maila teknikoan, eskatu du koordinazio operatiba bat montatzea udaran egon daitezken trafiko arazoei aurre egiteko. “Ertzaintza, eta Irungo zein Hondarribiko Udaltzaingoarekin, modu koordinatuan hartu behar diren neurriak elkarrekin lantzeko, eraginkorra izango delakoan. Erakundeen arteko lankidetza oso garrantzitsua iruditzen zaigu etor daitezken arazoei aurre egiteko”.

Trafiko-dispositiboa

2023ko udan aktibatu zen lehen aldiz dispositiboa, eta Irungo Oinaurreko AP-8 autobidearen sarbidea ixtea proposatu zen, blokeoa saihesteko, baita eragileen eta erakundeen arteko etengabeko informazioa eta komunikazioa ere, ekintza-esparru gisa. Neurriek eragina izan zuten, eta trafikoaren datuek funtzionamendu ona bermatu zuten, eta, aldi berean, hiri-zirkulazioa ez blokeatzea lortu zen. Foru diputatuak azaldu duenez, "joan den udan ibilgailuen fluxuen datuek argi erakusten dute, nahiz eta urtaroko trafikoak ez zuela Irun zeharkatu eta autobidearen alde egin zela, iaz baino% 9,4 gehiago, hau da, abuztuan 2022an baino 24.000 ibilgailu gutxiago sartu zirela".

  

2029