Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Herrikide Ikastetxeko ikasleek Garapen Jasangarrirako Helburuak nola bete eta ohitura jasangarrietarantz nola abiatu aztertu dute

Herrikide Ikastetxeko ikasleek Garapen Jasangarrirako Helburuak nola bete eta ohitura jasangarrietarantz nola abiatu aztertu dute

Ikasleak Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) buruzko tailer batean parte hartu dute, Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketarako Fundazioan.

2023/10/18
Herrikide Ikastetxea Naturklima

José Ignacio Asensio: «Klima-krisia erronka bat da, belaunaldi guztien eta, batez ere, gazteenen inplikazioa eskatzen duena».

«GJHak gure politiken eragina neurtzeko baremo eta gida onenak dira, bai eta Gipuzkoa bidezko, jasangarri, berdintasunezko eta bizi-kalitate handiagoko baterantz aurrera egiteko ere, oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzat».

Jasangarritasun diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensio Herrikide Tolosako ikastetxeko Batxilergoko 1. mailako ikasle neska eta mutilekin egon da gaur goizean Naturklimako Klima Aldaketaren Gelara egindako bisitan. Ikasleek Gipuzkoako Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Fundazioa bisitatu dute, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeko banaka eta taldeka har ditzaketen ekintzei buruz hausnartzeko, besteak beste: klimaren aldeko ekintza (13. GJH), ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJH) eta lurreko ekosistemen bizitza (15. GJH).

Ekimen hau belaunaldi berrien artean hausnarketarako gune bat sortzeko asmoarekin sortu da, ohitura jasangarriak hartu ahal izateko. Naturklimak garatutako tailerren bigarren edizio honetan, Donostiako Jesuitinak eta Nazaret ikastetxeetako eta Tolosako Herrikide ikastetxeko 170 ikasle gipuzkoarrek parte hartu dute.

Honi dagokionez, Jasangarritasun diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela gazteriaren "ikuspegia" ematea: "Krisi klimatikoa erronka bat da, belaunaldi guztien eta, batez ere, gazteenen inplikazioa eskatzen duena. Gure betebeharra da haiekin elkarlanean aritzea gizarte berde eta jasangarria berreraikitzeko ". Era berean, Asensiok adierazi duenez, "GJHak gure politiken eragina neurtzeko baremo eta gida onenak dira, eta Gipuzkoa bidezko, iraunkor, berdintasunezko eta bizi-kalitate handiagoko baterantz aurrera egiteko balio dute, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat".

Dinamika hau izan dute: bideo inspiratzaile bat ikusi dute, eta, ondoren, jolas bat egin dute. Jolas horren bidez, ikasleek galdera batzuei erantzun diete, eta, guztira, 9 proba egin dituzte. Jokoaren galderak GJHak ezagutzera bideratuta daude, baita lurraldeka horiekin lotutako adierazleak ezagutzera ere. Probak eta erronkak, ordea, GJHak beren egunerokotasunarekin lotzeko eta gazteei helburu bakoitza lortzen lagunduko dieten ekintzak proposatzeko pentsatuta daude. Azkenik, hausnarketa kolektibo bat egin dute, probak egitean taldeek hautatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren ekintzei buruz.

Gipuzkoa lurralde erreferentea da GJHen eremuan. Ebaluazio-txostenak erakusten duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak gauzatutako politikek zuzenean edo zeharka eragiten dute 17 GJHetako 15ean eta 169 jomugetatik 48tan.

  

1138