Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Etorkizuna Eraikiz ekimenak beste bultzada bat jasoko du Nazioarteko I. Biltzarraren eskutik

Etorkizuna Eraikiz ekimenak beste bultzada bat jasoko du Nazioarteko I. Biltzarraren eskutik

Mickey McManus bezalako adituek eta abian dauden proiektuetan inplikatuta dauden entitateetako ordezkariek parte hartuko dute

2017/10/13

Foru Aldundiak aurkeztu du gaur Etorkizuna Eraikiz ekimenaren Nazioarteko Biltzarra, TeamDay, datorren ostegunean, urriaren 19an, Tabakaleran egingo dena, Gipuzkoaren etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko hasitako bidea finkatu eta bultzada berri bat emateko. Gizarte antolatuaren 200 ordezkarik baino gehiagok parte hartuko duten biltzar horrek hiru helburu ditu: dinamika aberastea nazioarte mailan erreferentziazkoak diren kasu berritzaileak aurkeztuz; proiektu pilotuetan parte hartzen ari diren pertsonen ekarpenak eta hobekuntzak jasotzea; eta, aurreikusitako sozializazio estrategiaren barruan, Gipuzkoako gizartea Etorkizuna Eraikiz ekimenaren partaide egiten jarraitzea.

Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztu duenez, Biltzarra “mugarri” bat izango da eta aukera emango du egindako ekintzak “guztion artean” ebaluatzeko, baita “ezagutza berria” eskuratzeko ere Etorkizuna Eraikiz ekimenaren antzeko esperientziak, hau da, lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako gobernantza eredu arrakastatsuak, ezagutzera emango dituzten nazioarteko adituen eskutik. Lurraldeko erakundeetako hainbat ordezkarik eta gizarte nahiz ekonomia arloko eragilek parte hartuko dute: esparru ezberdinetako elkarteak, unibertsitateak, enpresak, garapen agentziak… Izena emateko epea zabalik dago, eta ondorengo loturaren bidez ere izena eman ahal izango da: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/etorkizunaeraikiz/congreso. Bozeramaileak parte hartzera animatu ditu herritarrak “guztion ideiak, talentua eta ilusioa beharrezkoak ditugulako”.

  

1621