Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Etorkizuna Eraikiz gero eta finkatuago dagoela frogatzen du azken inkesta soziopolitikoak

Etorkizuna Eraikiz gero eta finkatuago dagoela frogatzen du azken inkesta soziopolitikoak

Erreferentziazko zentroen ezagutza mailak gora egin du, eta apustu estrategiko nagusiak babesten dituzte herritarrek

2018/12/03

Egoera soziopolitikoari buruzko azken inkestaren, Gipuzkoako soziometroaren emaitzak ezagutarazu ditu gaur Foru Aldundiak. Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratutakoaren arabera, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantza dinamika, eta horren barruan martxan jarritako proiektu estrategikoak, “gero eta finkatuago daudela” eta “harrera hobea” dutela erakusten du inkestak. Lurraldearen etorkizuneko erronkei “denon artean” aurre egiteko ekimena ezagutzen dute inkesta erantzun dutenen % 27,9k, eta 5,71ko nota ematen diote.

Herritarrek Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko egoeraz, eta lurraldearentzat interesekoak diren hainbat gaiez duten iritzia eta sentipena jasotzeko egiten du Aldundiak aldiro, eta datuen irakurketa baikorra egin du Lasak. Gaur aurkeztutakoa izango da legealdi honetako azkena. 1.500 elkarrizketa egin ziren telefonoz, azaroaren, 15tik 21ra bitartean, bost atal nagusitan banatuta: ekonomia eta enplegua; erakundeekiko konfiantza; hainbat gairi buruzko herritarren onespena; Aldundiaren balorazioa eta boto intentzioa.

Aditzera eman duenez, Soziometroak egiaztatzen du, “oso denbora gutxian, fruituak ematen ari dela jada gure erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, elkarlanean eta esperimentazioan oinarrituta, gizarte antolatuarekin partekatzen ari garen eredu berria”. Izan ere, erreferentziazko zentroen ezagutza mailak gora egin du ekainean egin zen azken inkestarekin alderatuta: Mubil mugikortasun elektrikoko zentroa % 22tik %31,7ra igo da; Adinberri, zahartzeari lotutako erreferentziazko zentroa, berriz, % 26,2tik % 30,7ra; eta Ziur, zibersegurtasun zentroa, %22,3tik %25era. Inkestak lehen aldiz jaso ditu gerora abian jarri diren zenbait proiektu berri, eta horiek ere ezagutza maila altua lortu dute: % 27koa Koldo Mitxelena eraberritzeko egitasmoak, eta % 23,2koa LABEk, 4.0 gastronomiako zentroak.  

 Ongizate estatuaren jasangarritasuna -10etik 8,24-, enpleguaren kalitatea -8,22- eta giza desberdinkeriak -7,96- dira, hurrenez hurren, kezka handiena pizten duten hiru gaiak, baina aipatu beharra dago ere beste gai hauek pizten dutena, guztiek ere 7,5etik gorakoa: aldaketa klimatikoa, genero desberdintasuna, biztanlegoaren zahartze prozesua, bizimodu pertsonalaren eta profesionalaren arteko kontziliazioa, edota talentua erakartzea eta mantentzea. Aldi berean, beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoek politikak bultzatzea epe ertainean eta luzean, legealdiek ezarritako epeetatik harago. 6,64ko notarekin neurtzen dute premia hori.

Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, exijentzia horri erantzuten dio, hain justu, Etorkizuna Eraikizek, eta “benetan herritarrak kezkatzen dituzten aferekin” konektatu egiten du, alor horiek guztiak “martxan jartzen ari garen proiektu zehatz horietan gauzatzen baitira. Emaitzek erakusten dute Aldundiak egindako etorkizuneko apustu estrategikoek babesa dutela. Agenda politiko berri bat dago abian gure lurraldean, gizartearen oniritziarekin, baina oraindik guztia dago egiteko. Ahaleginean jarraitu behar dugu denak inpllikatzeko, eta ekimenaren gaitasun osoa baliatzeko koleltiboki”.

Legealdiko balantzea ere jasotzen du azken Soziometroak. Erantzun duten pertsonek, uste dute Gipuzkoan hobetu egin dela azken urteetan kontu hauetan: herritarren arteko gatazka mailan -% 66,5ek-, ekonomikoki -% 62,1ek-, enpresarialki -% 57,4k-, eta atzerritik iritsitako herritarrekiko elkarbizitzan -% 53,7k-. Legealdiko hiru urte eta erdi igarota, %42k iritzi diote Gipuzkoak hobera egin duela tarte horretan; % 45ek, berdin jarraitzen duela, eta % 9,6k, okerrera egin duela. Hobetu duela uste dutenen artean, % 59,2k diote Foru Gobernuak dezenteko zerikusia izan duela horretan; % 14,8, handia, eta % 18k, zerikusi gutxi izan duela. 

Aurreko inkesten ildotik, ekonomia eta enpleguari lotutakoak dira gipuzkoarren eskari nagusiak. Azken inkesta erantzun dutenek 6.13ko notarekin baloratzen dute haien egoera pertsonala, ekaineko nota berbera. % 56,1en iritziz, haien bizi kalitatean ez da aldaketarik izan azken bizpahiru urteetan; % 27,3ren iritziz, okerrera egin du, eta %16,3ren ustetan, aldiz, hobera. % 55,3k diote etxean “arazorik gabe” iristen direla hilaren bukaerara eta % 30,4k, berriz, “oso justu eta murrizketak eginez” iristen direla. % 62,5ek uste dute bere ekonomia pertsonalak berdin jarraituko duela datorren urtean, eta % 15,6k, berriz, erantzuten du hobetu egingo dela. Gora egin du, bi puntutan, Gipuzkoa krisialditik atera dela uste dutenen portzentajea -32,6-, baina oraindik ezezkoan daude %56ak.

Ildo beretik, % 45,2entzat, langabezia eta krisi ekonomikoa dira oraindik Gipuzkoan dagoen arazorik handiena, eta joera bera antzematen da inkesta erantzun dutenek azaltzen dituzten eskari eta beharretan. Izan ere, % 63,6k diote ekonomia eta enplegua sustatzea izan behar duela Aldundiaren lehentasunezko helburua, eta gizarte laguntza erraztea ondoren -% 20,6k-. Politikarientzat gai garrantzitsuena zein izan beharko lukeen ere galdetzen du Soziometroak, eta % 47,3k erantzuten dute enpleguaren kalitatea hobetzea dela. Aldundia ekonomia suspertzeko egiten ari den ahalegina emankorra dela adierazten dute % 49,1ek, eta % 28k, berriz, ezetz.

Lasak aditzera eman duenez, datu horiek erakusten dute oraindik ere “zuhurtzia handia” dagoela ekonomiaren bilakaeraren inguruan, eta, hazkundearen eta langabeziaren jaitsieraren eskutik egoera ekonomikoarekiko konfiantza maila handitu egin bada ere, oraindik ere bere horretan jarratzen duela “bizi kalitatea mantentzeari lotutako ziurgabetasunak”. “Horrek berresten du legealdi hasieran ekonomia suspertzeko, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko eta desderdinkeria murrizteko apustu estrategikoari eutsi egin behar diogula, azken urteotan bezala”.  

Erakundeekiko konfiantza

Erakundeekiko konfiantzari dagokion atalean, honela erantzun dute herritarrek politikan konfiantzarik ba ote duten galdetuta: soilik % 16,3k eman zuten baiezkoa eta % 78,9k ezezkoa: “Desafekzioa ez dadesagertu”. Haatik, Lasak gogorarazi du alde handia dagoela oraingo honetan ere Espainiako Gobernuarekiko konfiantzaren eta euskal erakundeek eragiten dutenaren artean. Espainiako Gobernuak ez du gainditu (3,01); bai, ordea, euskal erakunde guztiek: Aldundiak 5,35, udalek 5,51 eta Eusko Jaurlaritzak 5,35 lortu dute. Foru Gobernuaren irudiari dagokionez, 6,01ko nota jaso du: % 40,8k iritzi ona dute, eta % 39,3k ez ona eta ez txarra. Markel Olano diputatu nagusiak, berriz, 5,81eko nota jasotzen du, ekainean egindako inkestan lortutakoaren antzekoa.

Bukatzeko, foru bozeramaileak adierazi du, orkorrean, Foru Gobernuaren kudeaketak duen babes maila berresten dela, “’nahiko’ altu batekin”, baina horrek ezin gaitu eraman, inolaz ere, autokonplazentziara eraman, behin eta berriro ikusten ari gaerlako erakunde ordezkariekiko exijentzia gero eta argiagoa dela, eta ahalegin handiagoa eskatzen digutela ekonomia eta etorkizuna finkatzeko, ardatz horien inguruan baitaude kezka nagusiak. Gure konbentzimendua sendotzen du horrek. Exijentzia horri erantzuteko modu bakarra da elkarlanean eta berrituz aritzea, gure indarguneen aldeko eta potentzial handieneko sektoreen alde egitea, erronkak aukera bihurtuz”. 
  

1461