Etorkizuna eta ekonomia dira gipuzkoarron kezka nagusiak
Etorkizuna eta ekonomia dira gipuzkoarron kezka nagusiak
Etorkizuna Eraikiz programa aurkeztuko du Aldundiak, Gipuzkoaren garapen sozialari eta ekonomikoari lotutako proiektu berritzaileak martxan jartzeko
Etorkizunari buruzko ziurgabetasuna, eta egoera ekonomikoa dira Gipuzkoako gizartearen bi kezka nagusiak, Aldundiak berriki egindako inkestak ondorioztatzen duenez. Gaur aurkeztu ditu inkestaren emaitzak Imanol Lasa foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakiak ezagutarazteko emandako prentsaurrekoan. 200 elkarrizketa egin dira telefonoz Gipuzkoako herritarrei, maiatzean zehar, metodologia kuantitatiboan oinarrituta. Honela, herritarrek duten ikuspegiaren argazki orokorra eskuratu nahi izan du foru gobernuak.
Beraien eta bere ingurukoen etorkizunak kezka pizten du gipuzkoarrongan. 8,26ko notarekin kuantifikatzen dute kezka, 10etik. Gipuzkoaren etorkizunaren gaineko kezka, berriz, 7,70koa da, eta Euskadiren gainekoa 7,81. Herri mailan, langabezia jotzen dute konpondu beharreko arazo inportanteenetzat %50,0ek; urrun gelditzen dira, bigarren tokian, zaborrak -%7,0- eta etxebizitza -%3,0-. Gipuzkoa eta Euskadiren testuinguruan ere, langabezia eta enpleguaren sustapena dira ardura nagusiak, %58,0arentzat eta %62,0arentzat, hurrenez hurren.
Herritarrek lehentasunezkotzat dituzten aferei dagokienez, lehen tokian daude ere ekonomia eta enplegua, 9,01ko notarekin. Ondoren datoz zerga iruzurra (8,69), gazteen heziketa (8,62), gizarte zerbitzuak (8,43), laneko eta familiko bizimodua uztartzea (8,28) eta ingurugiroa (8,10).
Eranskinak:
2716