Etorkizunari aurre egiteko proiektu berritzaileak garatuko ditu Gipuzkoako gizarte zibilak
Etorkizunari aurre egiteko proiektu berritzaileak garatuko ditu Gipuzkoako gizarte zibilak
Dirulaguntza deialdia onartu du Etorkizuna Eraikizen barruan Diputatuen Kontseiluak, 700.000 eurorekin
Foru Gobernu Kontseiluak ‘Gipuzkoa Lab - Herritarren Proposamenak’ programaren beste dirulaguntza deialdi bat onartu du Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan. Haren bidez, 700.000 euro bideratuko dira bi jarduera ildo nagusitara: batetik, proiektu berritzaileak, eragile ekonomikoek sustatuak, Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko erantzun gisa planteatzen direnak; eta, bestetik, gobernantzako eskualde egiturak eraikitzeko proiektuak, eskualdeak garatzea xede dutenak. Helburua da lurraldearen etorkizuneko lehentasunei aurre egitea, gizarte zibilari eta eragileei aukera eskainiz proposatu ditzaten proiektu eraldatzaileak, esperimentazio aktiboan eta lankidetzan oinarrituak.
2019ko deialdiak jarduera esparru hauei eragingo die: kudeaketa publikoaren gobernantza kooperatiboko eta berrikuntza sozialeko eredu berriak; lurraldeko komunitate garapeneko proiektuak eta inguru naturala eta landa ingurua ezagutzeko eta balioesteko helburua dutenak; eskolaumeen partaidetza sustatzea eta, oro har, gazteena, etorkizuneko hausnarketa eta eraikuntza kolektiboan; belaunaldien arteko lotura sustatzea ezagutza eta komunitate garapena eskualdatzeko, balioaren zahartzea eta adinaren zahartzea antolakuntzetan; euskararen sustapena bizitzaren arlo guztietan, bereziki eraldaketa globalarekin zerikusia duten planteamenduetan.
Gainera, berrikuntza nagusi gisa, ikuspegi komunitarioa duten proiektuak lagunduko dira, betiere migrazioaren erronkari erantzun bat ematen diotenak, haien partaidetza aktiboa eta kohesio soziala sustatuz. «Orobat, esparru honetan beharrezkoa da esperimentatzea eta konponbide berritzaileak bilatzea, gizarte inklusioan urratsak ematen jarraitzeko eta gizarte gisa sendotzeko populismoen gorakadaren aurrean», esan du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Gainera, ildo berezi bat gehitu da gobernantza egiturak sortzeko eskualde mailan. 2018ko deialdian bederatzi eskualde-sare sortzen lagundu zen, hartara gizarte bazterketaren arriskuan zeudenen inklusioa sustatzeko, eta bi proiektu lagundu ziren bi eskualdetan, esperientzia aitzindari eta ikasketa gisa balio izan zutenak. Orain, garapen agentzien eskutik, dinamika hori Lanbide Prestakuntzara eta eskualdeetako plan estrategikoetara zabaldu da.
2018an, deialdira 84 proiektu aurkeztu zituzten Gipuzkoako 100 eragile sozial eta ekonomikok. Horien artean, 23 hautatu ziren. Guztira, 2016an deialdia abiatu zenetik, hiru urtean 84 ekimen garatu dira, «ehunka eragileren» partaidetzarekin. «Helburua da laguntza ematea etorkizuneko proiektu interesgarriak garatzeko, hartara, erronka horiei aurre egiteko, ezagutza aurreratuak eta praktika onak lortzeko eta Aldundiaren politiketara gehitzeko.
Ekimen honekin, Aldundiak Gipuzkoako gizartearen kezka eta beharrei erantzuten jarraitu nahi du, «ez konformismotik, baizik eta jarrera proaktibo batekin, aukera emango diguna aurre hartzeko eta baldintza hobeak lortzeko etorkizunari begira, betiere gure ezaugarriak sendotuz: lehiakortasuna, sorkuntza, berdintasuna, gizarte kohesioa eta lurralde oreka. Gizarteak aurre egin beharreko aldaketek oinarriak jarriko dituzte epe ertain eta luzeko eredu sozial eta ekonomikorako».
Bozeramaileak esan duenez, galdera hauen erantzuna ez da egokia izango «ohiko tresnetara mugatzen bagara. Beharrezkoa da gure egiteko moduak berritzea, kooperazioa eta sareko lana indartuz eragileen artean, gizarte zibilaren ideia guztiak, energia eta irudimena mobilizatuz. Gipuzkoaren indarra, etorkizunari aurre egiteko, bere kapital sozialaren aberastasunean datza». Hori dela eta, Lurraldeko eragile sozial eta politiko guztiak parte hartzera animatu ditu.
A-15eko tunelak
Kontseiluak, orobat, onartu du San lorentzo-Larre tuneleko estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko proiektua (A-15 autobidea, Donostiarako tutua). 6.617.776,89 euroko aurrekontua izango du, eta egiteko epea 5 hilabete izango da (espero da azarorako amaitzea). Obrak burutuko dira Europan zeharreko sareko tuneletarako segurtasun baldintza gutxienekoei buruzko 2004/54/CE Europako zuzentaraua betetzeko markoan, 500 metro baino luzeagoak direnetan halabeharrez ezarri beharrekoa baita zuzentarau hori. Iaz, Iruñea aldeko tutuko obrak egin ziren, 4 hilabete iraun zutenak eta 5.318.267,31 euroko aurrekontua izan zutenak.
Proiektuan, besteak beste, jarduketa hauek aurreikusten dira: estabilizazioa konpontzea; drainatzea berritzea; instalazioak egokitzea energia horniketara; ekipamendu elektronikoak tamainara egokitzea; argiteria sistema eguneratzea LED teknologiarekin ustiaketa kostuak murrizteko; aireztatze sistema berriz jartzea; eta sutearen aurkako babes sistema bat jartzea, hidrante sare batek eta zutabe lehor batek osatua galerairen barruan.
Gainera, teknologia puntakoenak jarriko dira errepideen kudeaketa eguneratzeko, zirkulazioa eta edukierak kontrolatzeko, telebistako zirkuitu itxiaren sistema hobetzeko, Gertakarien Detekzio Automatikoko sistema bat ezartzeko, eta komunikazio sistema erabiltzailearekin, SOS zutoinen sistema berrituz eta megafonia gehituz. Lasaren esanetan, inbertsio handia da, berresten duena legealdi honetan Bide Azpiegituretako Departamentuak egindako apustua «gure errepideen mantenuari eta segurtasunari eutsi eta indartzeko».
Baserri bideak
Gipuzkoan landa bideak berritzeko 2019ko deialdiaren berri ere eman da gaurko agerraldian. Foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 1.600.000 euro bideratuko dira helburu honetara; beraz, iazko inbertsioari eutsiko zaio. Gipuzkoako udalek eta beste tokiko entitateek, oro har, zailtasun handiak dituzte landa azpiegituretan eta landa bideetan inbertsioak garatzeko beraien aurrekontuetatik. “Hori dela eta, azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiten lagunduko diegu aurten ere”, esan du Lasak.
Joan den urtean, esaterako, 64 herri eta toki-erakunderen eskutik, 101 proiektu gauzatu ziren deialdi horren baitan. Udalek egin zuten ekarpena gehitzen bazaio, 2.932.632 euroko inbertsioa eragin zen guztira. Horri esker, 68 kilometro baserri bide berritu edo asfaltatu ziren aurreneko aldiz. 2016az geroztik egindako lanak kontuan hartzen baldin badira, guztira 224 kilometro berritu dira. Hori horrela, deialdiaren “irismena” eta “eragin positiboa” azpimarratu du Lasak. Aurten, berritasun gisa, joan den urtean euriteen eta baldintza klimatologiko gogorren ondorioz urjentziaz egin ziren lanak ere, deialdira aurkeztu ahal izango dira.
Gaur egun erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan, eta “horiek mantentzea eta berritzea da herriek, batez ere 2.500 biztanle baino gutxiago dituztenek, egiten diguten eskaera nagusietako bat”.
Aldundia Gipuzkoako landa eremu osoan lantzen ari den Landagipuzkoa+ egitasmoaren programetako bat da gaur onartutakoa, argindar sarea berriztatzeko programarekin batera. Ekintza horiek Gipuzkoan lurralde oreka finkatzera doaz zuzenduta: “Horretarako, zuzendaritza berria sortu genuen legealdi hasieran”, gogorarazi du foru bozeramaileak.
“Gipuzkoa ezin da ulertu landa eremurik gabe. Landa inguruneko herriak eta udalerri txikiak Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat dira, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu dugu. Herri horietan bizi diren pertsonen bizi kalitatea duina izatea bermatzeko konpromisoa dugu. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea dugu helburu, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko. Herri txikiak eta eskualdeak indartsu eta bizi nahi ditugu, ezinbestekoa baita helburu dugun Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea eraikitzeko”, argitu du.
Ibilgailua Aspanogirentzat
Azkenik, Kontseiluak onetsi du Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari lagatzea Ekonomia Sustapeneko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren furgoneta bat, bere jarduera aurrera eraman dezan. Jardueren esparru horren barruan elkarteak zabalkunde eta sentsibilizazio lanak egiten ditu, era askotako kirol eta kultur ekitaldietan parte hartuz; ekitaldi horietan, Aspanogiren lana ezagutzera emateko informazio karpak jartzen ditu. Zabalkunde lan hori egin ahal izateko, elkarteak ibilgailu handi samarra behar du; hain zuzen ere, egiten duen lana ezagutarazteko eta hedatzeko beharrezkoa den materiala garraiatzeko (karpak, banderatxoak, mahaiak, aulkiak, helmugako arkuak, etab.). Eskaera azterturik, egiaztatu zen badagoela elkartearen beharrei erantzuten dien eta zerbitzutik kanpo dagoen ibilgailu bat, aipatutako departamentura atxikita dagoena. Renault Traffic furgoneta bat da, zehazki.
Elkartea 1996an eratu zen, eta bere xedea hau da: haur minbizidunen eta horien gurasoen egoera medikoa, psikologikoa, laguntzakoa etab. hobetzen laguntzea, horretarako, alde batetik, haurren zein gurasoen garapen afektiboa eta prestakuntza euren inguruabar berezietara ahalik eta hobekien egokitu dadin lan eginez, bestetik, euren bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten edozein motatako ekintzak gauzatuz, eta, halaber, gaixotasun honi eta bere tratamenduari buruzko ezaguerak areagotzen lagunduz.
1610