Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Etorkizunerako desioak helarazteko gonbita

Etorkizunerako desioak helarazteko gonbita

Herritarren parte hartzea bultzatu eta iazko 16.000 ekarpenak handitzearen nahia azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaleak.

2019/12/26

“Etorkizunerako zure desioa” komunikazio egitasmoaren aurkezpena egin da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Gabonetan zehar, foru jauregiko arkupeen espazioak irudi berria agertuko du; ETORKIZUNA hitza osatuz bi metro altuko hamar hizki  egongo dira, LED argiez argiztatuta. Hizki horiek gipuzkoar guztien partaidetzarekin jantziko dira, aukera izango baitute haien desioak idazteko eta hizki horiek biltzen dituzten metalezko mailan zintzilik jartzeko. Eider Mendoza Gobernantza diputatu eta bozeramaleak dei egin die herritar guztiei “etorkizunerako Gipuzkoa nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen azalduz beraien mezuekin parte har dezaten gabon jaietan zehar iraungo duen kanpaina honetan”.

 “Urtea amaitzear dagoenean balantzea egiteko garaia da hau, atzera begiratu, eta gure nahiak bete diren aztertzeko momentua. Urte berria estreinatuko dugu, eta horrek esan nahi du dena dela posible, eta dena dagoela egiteko. Aldundian, garbi daukagu etorkizuna guk sortzen duguna izango dela, eta denon artean idatzi behar dugula. Horregatik, ekimen honen bitartez, herritarrak animatu nahi ditugu beraien desioak partekatzera, eta bakoitzaren etorkizun hori, guztiona izatea”, azaldu du Mendoza diputatuak.

Gobernantza berriaren estrategiaren barruan eta herritarrekin etengabeko eta zuzeneko elkarrekintza bilatuz, iazko kanpainaren arrakasta ikusita, Aldundiak berriro kalera atera nahi izan du, jendeari entzuteko eta herritarren etorkizunerako kezkak eta nahiak ezagutzeko. “16 mila mezu inguru jaso genituen joan zen urteko kanpainan eta  zehatz-mehatz ekarpenak aztertu ondoren katalogo bat egin zen beraiekin. Maitasuna eta familiaren inguruko desio onak baziren nagusi, berdintasuna, gizarte kohesioa eta ingurumenari loturiko mezuak izan ziren ugarienak”, azaldu du.

            Etorkizuna Eraikizekin lotu du gaur aurkeztu den komunikazio egitasmoa foru bozeramaileak. “Izan ere, horretan datza hain justu: modu kolektiboan irudikatzea nola nahi dugun izatea etorkizuna, eta nola egin dezakegun posible, gure erronka nagusiei aurre eginez. Desio baten atzean, helburu bat dago. Eta horren atzean, errealitate berri bat. Desio horien guztien batuketarekin eraikiko dugu Gipuzkoaren geroa”, adierazi du, gaineratuz, “aniztasuna lurraldearen nortasun ikur bat dela, aberastasuna, eta zaindu behar dugun balioa, elkarbizitzan areago sakonduz”.

            Hori dela-eta, ziurtatu du Aldundiak politika publikoen diseinu, garapen eta ebaluazio “partekatuaren” aldeko apustua egiten jarraituko duela: bai Etorkizuna Eraikizen eskutik, “gure ehun ekonomiko eta soziala” eraldatzeko proiektu pilotuak martxan jartzen eta herritarrak inplikatzen –dagoeneko 25.000 pertsonengana iritsi da dinamika-; bai Aurrekontu Irekien prozesuak sustatuz –horien bitartez, azken lau urteotan, 15.000 ekarpen baino gehiago jaso dira Aldundiaren diru kontuetarako-; eta baita gaurkoa bezalako ekimenekin ere.  

  

1432