Europak Gipuzkoara begiratzen du nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko
Europak Gipuzkoara begiratzen du nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko
Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako Hariak estrategia aitzindari hautatu dute beste bost herrialderekin batera osatutako Europako sare batean. Ekainaren 19, 20 eta 21ean, Gipuzkoak nazioarteko adituak hartuko ditu esperientziak trukatzeko eta lurraldean egiten ari den lana erakusteko.
Duela bi urtetik hona, 4.500 gipuzkoarrek baino gehiagok parte hartu dute nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko Hariak estrategian eta, horri esker, “Gipuzkoa harremanen lurralde aitzindari bihurtu da. Orain, Europak guri begiratzen digu, sare berri bat sortzeko eta bakardadearen erronka handiari aurre egiteko”. Horixe azaldu dute gaur goizean prentsaurrekoan Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak. Biak oso pozik agertu dira Gipuzkoan egindako lanari Europak eman dion “aintzatespenarekin”. “Hariak estrategiak ibilbide berri bati ekin dio nazioarteko ingurune batean, eta horri esker ikasten eta hazten jarraitu ahal izango dugu, guztiok helburu bera dugun espazio batean: nahi gabeko bakardadeekin amaitzea eta harremanetan oinarritutako komunitateak sortzea”, azpimarratu du diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundia, zahartzaroaren berrikuntzarako Adinberri fundazioaren bidez, Europako Korale proiektuaren buru da. Interreg Europe-en programa bat da, helburutzat duena nahi gabeko bakardadea, bai gazteena bai adinekoena, Europa osoko politika publikoen erdigunean egotea, eta ekainaren 19tik 21era bitartean Gipuzkoan aurkeztuko da. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Adinberri, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, nazioarteko proiektu honen buru dira; eta beste bost herrialdek ere parte hartzen dute bertan: Austriak, Danimarkak, Irlandak, Belgikak eta Portugalek.
Ekainaren 19an, 20an eta 21ean, Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugalgo ordezkariak Gipuzkoara etorriko dira, lurraldeko Hariak estrategia zertan datzan ezagutzeko eta azken urteotan abian jarri diren ekimenak bertatik bertara ezagutzeko. Ostegunean, hilak 20, ekitaldi nagusia egingo da Tabakaleran. Jardunaldi horretan, Korale proiektua aurkeztuko da nazioartean, eta Gipuzkoa lau urteko ibilbide baten lehen geraleku izango da. Ondoren, Interreg Europe programa osatzen duten bost herrialdeetan barrena ibiliko dira.
Bertan, herrialde guztien proposamenak aurkeztu eta partekatuko dira, bakardadea banaka, familian eta komunitatean lantzen eta prebenitzen duten kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak identifikatzeko helburuz. “Emaitza gisa, Gipuzkoan hasten den lau urteko bidaiaren amaieran, politika publikoen eta 24 jardunbide egokiren gida bat argitaratuko da, estatu kideei helaraziko zaiena”, azaldu du diputatuak.
Gipuzkoa, harremanen lurraldea
Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasun gisa ezarri du pertsona guztien ongizate integralean aurrera egitea, eta bide horretan, garrantzi berezia du nahi gabeko bakardadeari heltzeak, Peñak azaldu duen bezala: “Azken urteotan, pandemiak areagotuta, gizartean agertzen ari ziren kezka eta erronka sozialak areagotu egin dira, hala nola bakardadea, indibidualismoa edota osasun mentala. Kezkatzen gaitu errealitate horiek pertsonen ongizatean duten eraginak, eta horregatik gure lehentasuna da zainketen eta harremanen lurralde bat eraikitzea”.
Maite Peñarekin eta Rakel San Sebastianekin batera, Gema Trueba herritarrak parte hartu du prentsaurrekoan; Hariak Kantuz ekimenari esker, harreman berriak sortzen eta pertsona berriak ezagutzen ari da. "Adineko hiru pertsonatik bat bakarrik sentitzen da Gipuzkoan; datu hori ezin da alde batera utzi, eta politika publikoen erdigunean jartzen du nahi ez diren bakardadeei heltzeko erronka handia”, zehaztu du Peñak. Truebak azaldu du zer ekarri dion berari ekimenaren parte izateak, eta adierazi du, halaber, prebentzioa dela isolamendu eta bakardade egoerak saihesteko gakoetako bat.
Izan ere, nahi gabeko bakardadea mendebaldeko gizarteen erronka handietako bat da, eta eragin kaltegarria du pertsonen ongizatean, osasun fisiko eta mentalean eta bizi kalitatean, eta, gainera, ondorio negatiboak ditu, orobat, gizarte kohesioan. Bakarrik dauden pertsonek prebalentzia handiagoa dute zenbait gaixotasunetan bakarrik ez daudenen aldean. Adibidez, depresioa bakardade egoeran daudenen %39,3k pairatzen du, eta egoera horretan ez daudenen artean, berriz, %6,9k; antsietate kronikoa, berriz, %37,8k eta %7k, hurrenez hurren. Bestalde, bakardadeak eta isolamenduak kostu ekonomiko bat ere badute: 14 milioi euro Estatuan, BPGaren %1,17, eta Europan, berriz, BPGaren %4.
Bakardadea, beraz, fenomeno gorakorra eta kezkagarria da. Gipuzkoan, 55 urtetik gorako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen da, baina soilik %5,5ak onartzen du modu irekian. Agerian geratzen da, beraz, fenomeno horren inguruan dagoen estigma. Erronka horri aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Hariak estrategia aktibatu zuten 2019an, ekintzara bideratutako estrategia orientatzaile bat, nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta hari aurre egiteko esparru bat eskaintzen duena.
Urte hauetan zehar, 4.500 pertsonak baino gehiagok eta lurraldeko erakunde eta eragile askok parte hartu dute estrategia horretan, besteak beste 77 udalek, tokiko 98 erakundek, Osakidetzak 6 ESIren bitartez eta 20 enpresa eta berrikuntza zentrok. Hariak estrategiak bakardadearen hiru dimentsiotan (soziala, emozionala eta existentziala) esku hartzea errazten du, eta diziplina arteko 12 jarduketa mota aurreikusten ditu bakardade egoerei, bakardadearen aurreko kalteberatasun egoerei eta harremanen bazterketa egoerei heltzeko.
Era berean, Adinberrik laguntza deialdi berri bat egingo du laster, erronka horri aurrea hartzera eta heltzera bideratutako tokiko ekosistemak bultzatzeko “Hariak estrategia osatzen duten gizarte entitate eta eragile guztiekin batera”, azaldu du San Sebastianek. “Zalantzarik gabe, erronka izugarria da, eta sare berriak ehuntzen jarraitu beharra dago, eta ezinbestekoa da bakardadeari buruzko elkarrizketa publikoa sortu, harremanak indartu eta bakardade egoerak prebenitzea ere. Azken batean, pertsonen bizitza hobetu nahi dugu, eta lankidetzan jarduteko, kudeatzeko eta gobernatzeko sare berri bat eratu”, amaitu du San Sebastianek.
3179