Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatu den dibulgazio gune berria inauguratu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak

Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatu den dibulgazio gune berria inauguratu du gaur Markel Olano diputatu nagusiak

Olano: “Algorriko paisaiaren atzean dagoen historia eta balioak ezagutaraztea eta babestea da gure helburua”

Nazioarte mailan erreferente den Euskal Kostaldeko Geoparkera bisita egin dute gaur goizean ZumaianGipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurumena eta Lurralde Oreka diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, eta Zumaiako alkate Oier Kortak. Bertan, San Telmo eta Algorri bitarteko bidearen zati batzuen erosioa ekiditeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen egokitzapen-lanak ikusi dituzte estreinako aldiz eta ibilbideari amaiera emateko prestatu den “Denboraren ibilbidea” izeneko dibulgazio-gune berria aurkeztu dute.

“Paisaiaren atzean dagoen historia eta balioak ezagutzea eta ezagutaraztea da gure helburua eta horretarako azpiegitura egoki eta seguruak, ingurunea babestuko dutenak eta bertako aberastasunaren berri emango dutenak atontzea ezinbestekoa da”, azpimarratu du diputatu nagusiak. “Behatokia kokatu den lekua, Geoparkearen kostaldeko begiratoki aparta izateaz gain, gure ikono geologiko nagusia ere bada. Leku honi esker dakigu, adibidez, dinosauroak duela 66 milioi urte meteorito baten inpaktuagatik desagertu zirela”, gehitu du.

Zumaiako flyscha geologian nazioarteko erreferente nagusienetako da eta urteetan zehar mundo guztiko ikertzaileak etorri izan dira bertako labarretara. 2009an Zumaia eta Deba arteko kostaldeko biotopo babestu izendatu zen eta 2015an, Geoparkeak UNESCOren izendapena jaso zuenetik milaka dira bertaratzen diren bisitariak. “Urtean 100.000 pertsona baino gehiagok bisitatzen dute Algorriko punta eta joan-etorri hori inguruan higadura eta kalte nabarmenak sortzen ari zen. Gainera, ibilbidea arriskutsu bilakatzen hasita zegoen”, jakinarazi du Olanok.

“Mundu osotik etorritako pertsonak maitemintzen dituen inguru natural hori zumaiarrak eta gipuzkoarrak harro sentiarazteko modukoa da. Baina gizakiok naturaz gozatzeak izaten du bere eragina ere inguruan eta eragina izan du baita Algorriko eremuan ere. Gizakiok eragiten dugun erosioa ahal den neurrian murrizteko neurriak hartu behar dira, baita bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko ere, baina oreka mantenduz, inguru naturalaren izaera errespetatuz eta ahalik eta esku-hartzerik arinena eginez. Beraz,  zumaiarren izenean, eskerrak eman nahi nizkioke Markel Olano Diputatu Nagusiari eta berak gidatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundian Algorriko eremua zaintzeko lanetan dabiltzan guztiei”, adierazi du Oier Korta, Zumaiako alkateak.

 Arazo horri irteera egoki bat eman nahian, eta bisitarien segurtasuna bermatzeko eta 58 milioi urteko KT geruza babesteko helburuarekin, egokitzapen-lanak jarri ziren abian, beti ere intentsitate baxukoak eta eskuzko tresneriarekin eginak. “Kanpoko bisitariez gain, urtean 15.000 ikasle pasatzen dira Algorri Interpretazio Zentrotik, ondoren KT geruza bisitatzeko; eremua babesteko ardura dugu erakundeok eta hori da azken hilabeteotan egin duguna”, azpimarratu du Markel Olanok.

Ibilbide bakar bat aukeratu  eta hori atondu eta txukundu da, gainontzeko bide-zidorrak bisitarientzako itxiz. Horretarako egurra eta soka erabili dira behar izan den lekuetan ahalik eta inpaktu bisual txikiena izateko. Bidean ubideak ireki dira eta harria bota da zorua gogortu eta lokatza ekiditeko. Gainera, bertako landaredia errekuperatzeko landaketak egin dira eta horretarako 100 landare baino gehiago erabili dira urteetan aldundiko negutegietan zaindu eta prestatu direnak.

Algorriko puntan egurrezko behatoki berri bat jarri da flysch-aren balio nagusiak adierazteko, horien artean mundu mailan ezaguna den Dinosauron desagerpena markatzen duen kapa beltza (K/T muga). Eta amaitzeko, Algorritik Zumaiara bueltako bidean Denboraren ibilbidea diseinatu da, azken 66 milioi urteetan gertatu diren gertaera geologiko nagusiak distantzian proportzionalki adieraziz. “Azpiegitura honekin bilatu duguna da Gipuzkoan daukagun altxor natural eta bisita-leku nagusienetakoa kalitatezko experientzia izan dadin baliabide gehiago jartzea: segurtasuna bermatuz, bertako ingurumen-altxorraren balio geologiko nagusiaren zaintza areagotuz”, bukatu du esanaz Markel Olano diputatu nagusiak.

  

1748