Euskara eta teknologia berriak solasgai IKA MIZKAren bosgarren edizioan
Euskara eta teknologia berriak solasgai IKA MIZKAren bosgarren edizioan
Durangoko Azokan aurkeztu dute egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundia, GAZTEZULO, UPV/EHU, MU, eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek, Euskararen Nazioarteko Egunean
‘IKA MIZKA. Eta hik nola bizi dunk euskara?’ egitasmoaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GAZTEZULOk sustatutako ekimen honek euskarari buruz solasean jarriko ditu MONDRAGON UNIBERTSITATEA, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak, zizka-mizkaz betetako mahai baten inguruan.
Gazteak solasean jartzen ditu IKA MIZKA Eta hik? Nola bizi dunk euskara? egitasmoak, euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeaz gain, gai jakin baten inguruan eztabaidatu eta iritziak elkar trukatzeko. Aurtengo bosgarren saio honetan, teknologia berrietan euskararen erabilera landuko dute parte-hartzaileek. Sare sozialak, gailuak eta sarea bera gure eguneroko bizitzaren parte bilakatu diren honetan, teknologia berrien eremuan eta bertan ohikoak diren termino anglosaxoien eremuan, euskarak jokatzen duten paperari buruz mintzatuko dira ikasleak. Solasaldia eta zizka-mizkak uztartuz, mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak, zein animatzen diren herritarrak, pertsonaia ezagunekin batera eseriko dira beste behin.
Ekitaldiaren lehen saio honen atzetik, bosgarren edizioan hiru data gehiago izango dira:
- 2017ko otsailaren 16an, Hernani MUko Orona Ideo campusean.
- 2017ko martxoaren 9an, Donostian, UPV/EHUko Informatika Fakultatean
- 2017ko martxoaren 22an, Donostian, Deustuko Unibertsitatearen campusean.
Lankidetzan ekitaldi horiek antolatzen dituzten erakunde guztietako ordezkariek aurkeztu dute gaur IKA MIZKAren bosgarren edizioa Durangoko Azokaren Landako gunean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, IKA MIZKAren bertuteak azpimarratu ditu: “Unibertsitate ikasleak askatasunez hitz egiten jartzea hizkuntzekin dituzten korapiloen gainean”. Horregatik, izandako esperientziaren argitan, proposatu du izan dezakeela “hedapena hurrengo edizioetan, orain arteko markoa gaindituz, eta gure prestutasuna erakusteko kokatu dugu IKA MIZKAren aurkezpena Durangoko azokaren erakusleihoan”. “Animatu nahi ditugu unibertsitateetako campus ezberdinak esperientzia hau erabiltzera, eta agian bere eskaintza akademikoan txertatzera hizkuntza bizikidetzaren balioen lanketa. Ona litzateke unibertsitateetan lantzea gazteen gaitasuna eguneroko hizkuntza gatazkak sano planteatzeko eta konponbidean jartzeko”, osatu du. Irizarrek Bizkaiko eta Arabako aldundiak ere animatu ditu dinamika hau sustatu dezaten.
Unibertsitateak erdigunean
Jon Altunak, MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektoreorde akademikoak, etorkizunean jarri du begirada: “Teknologia Berrien gaia aspalditik datorkigun zerbait da eta aldi berean, egunero berritzen den esparru bat. Garai bateko aurrez aurreko harremana, gaur egun, sarritan, beste bitartekari batzuek medio direla mantentzen dugu. Baina badago aldatu ez den zerbait. Gure harremanek, aurrez aurre izan edo bitartekariekin izan, beti, hizkuntza bat beharko dute oinarri bezala. Hau horrela, oso interesgarria eta beharrezkoa ikusten dut, etorkizunera begira, euskarak, anglizismoz jositako teknologia berrien mundu honetan jokatu edo izan behar duen paperaz gogoeta egitea. Zer esanik ez, gogoeta hau, gainera, gazte jendearen eskutik badator, batetik, mundu digital honetan jaiotako pertsonak direlako eta bestetik, beraiek izango direlako gure hizkuntzaren biziraupena bermatu beharko dutenak”.
Jon Zaratek, UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak, berriz, adierazi du azken urte hauetan UPV/EHUn “euskararen egoerak hobera” egin duela. “Gradu eta graduondoko ikasketak Europako Markora moldatu dira, nazioarteratze-prozesu batean murgildurik gaude, ikerketaren arloan aurrerapen handiak egin dira eta gizarteko esparru gehiagotan nabari da Unibertsitatearen eragina. Arlo horietan guztietan, teknologia berrien erabilerara moldatuz Unibertsitateak aurrera egin du, bai eta euskararen presentziak ere. Euskararen erabilera bultzatzeko, IKA MIZKA bezalako jendaurreko ekimenak garatu eta landu ditugu. Aurtengo bosgarren saio honetako gaia bereziki interesgarria iruditzen zaigu, izan ere UPV/EHUn euskara komunikatzeko modu eta eskaera berrietara egokitzeko ikasleen papera funtsezkoa da”, azpimarratu du.
Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Josean Rodriguez Ranzek azpimarratu duenez, “teknologia berriena da, dudarik gabe, euskarak duen erronkarik nagusienetarikoa”. “Eta erronka horri aurre egiteko, inposizioetatik, kuotetatik eta militantziatik haratago joatea lortu beharko genuke. Sarean eta sare sozialetan euskaraz aritzea normaltasunari, erosotasunari eta egokitasunari lotu behar zaizkio. Helburua ez da sarean euskararen gotorleku berri bat eraikitzea, ingelesaren erreinuan ingelesa ordezkatzea, ingelesarekin elkar bizitzea baizik”, plazaratu du.
Aurpegi ezagunak bideo grabaketan
IKA MIZKA promozio-bideoak ere gaur grabatu dituzte, Durangoko Azokan bertan egindako grabaketa batean. Ingeniaritza, Informatika eta Heziketa Fisikoko Lehen Hezkuntzako hiruna ikasleekin batera, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias abeslariek hartu dute parte, Gu ta Gutarrak saioko protagonista Aitor Ormazabal ‘Artzai’ eta Enara Suárez, eta azkenik, Ainhoa Lendinez (ETB) kazetaria eta Telmo Trenado youtuberra aritu dira euskara, teknologia berriak eta anglisizmoen inguruan hausnartzen.
Durangoko Azokaren antolamenduak erabateko erraztasunak eman ditu grabaketa egiteko, begirune handiz gainera; beraz, ekitaldiaren arrakastaren zati handi bat Azokari zor zaio.
4025