Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Euskara haur eta gazteen artean sustatzeko dinamika berria

Euskara haur eta gazteen artean sustatzeko dinamika berria

Bi urteko ikerketa soziolinguistikoaren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 'Mingaina dantzan' egitasmoan sakonduko dute.

Mingaina Dantzan

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Mingaina dantzan proiektuaren fase berria aurkeztu du gaur, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Ikerketa soziolinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, bi urtez euskara bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu da haur eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak ateraz. Orain, uda honetan lehenengoz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, ikasitakoa aplikatzen hasi dira lurralde honetako udalekuetan.

Proiektu honen fase berria Eusko Jaurlaritzako Donostiako egoitzan aurkeztu da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; María Jose Telleria, Gipuzkoako Kultura, zuzendaria; eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. Haiekin batera izan da Iñaki Eizmendi, ikerketa soziolinguistikoa egin duen Ebete enpresako arduraduna. Zupiria sailburuak dinamika berri honen nondik norakoak azaldu ditu: “Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak; hala ere, kontuan hartuta ezagutza oso altua dela beren artean, hobetzeko tarterik badago oraindik ere. Mingaina dantzan proiektuaren bidez aztertu nahi izan dugu zeintzuk diren euskara haur eta gazteen artean sustatzeko estrategiarik eraginkorrenak. Bi urtez azterlan soziolinguistiko bat garatu zen Mundakan eta Berrizen antolatutako udaleku batzuetan. Eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, ikasitakoa aplikatu eta hedatu nahi dugu hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz”.

Horrela, Miren Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, aurreko bi urteetako bide emankorrari helduz, beste urrats bat eman nahi izan da, garatutako estrategiak ohiko udalekuetan txertatuz eta aztertutako estrategiak hedatuz. “Orain arteko esperientzia egoera baldintzatuetan egin da: egoera soziolinguistikoa edo etxeko hizkuntza kontuan hartu dira. Alabaina, irizpide horiek ezin dira orokortu: ezin dira EAEn udaleku gehienak horrelako irizpideekin antolatu. Aldiz, ohiko udalekuetan estrategiak ondo aplikatzea behar-beharrezkoa da, askotan euskararen erabilera bultzatzea baita udalekuen helburuetako bat”, azpimarratu du.

Garbiñe Mendizabalek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, ikerketaren garrantzia nabarmendu du: “Nahitaezkoa da honelako ikerketa zehatzak egitea. Izan ere, intuizioak gauza edo bide batzuk erakusten bazizkigun ere, intuizio horiek baieztatzeko moduan gaude orain, ikerketa honi esker. Hemendik aurrera, gainera, irizpide eraginkorragoak eta zehatzak aplikatzeko moduan izango gara euskararen erabilera bultzatzeko ahalegin partekatuan”.

Lehen urtea

Mingaina dantzan abian jarri zen urtean, 2017an, gaztetxoen eremu soziolinguistikoak kontuan hartu ziren taldea osatzeko orduan. Txanda bakar bat egin zen, Mundakan, eta han bildu ziren Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako haur eta gazteak. Erabilera altua izan zela ondorioztatu zen, eremu euskaldunetako gazteen presentziak era nabarmenean sustatu baitzuen euskararen erabilera. Gaztelania nagusi den eremuetako gazteek esan zuten inoiz baino euskara gehiago hitz egin zutela udalekuan igaro zituzten egunetan, eta egin zen azterketaren arabera, euskararen erabilera % 75aren bueltan kokatu zen.

Bigarren urtea

Bigarren urtean bi txanda egin ziren, biak Berrizen antolatutako udaleku batean. Lehen txandan eremu soziolinguistikoak kontuan hartuta osatu zen taldea; eta bigarrenean, berriz, etxeko hizkuntza kontuan hartuta osatu zen taldea. Euskararen erabilera handiagoa izan zen lehenengo txandan, baina pertzepzioei dagokionez bigarren txandako emaitzak hobeak izan ziren: parte hartzaileen gehiengo batek inoiz baino euskara gehiago erabili zuela aitortu zuen.

Era berean, bi urteetan euskara sustatzea helburu duten zenbait estrategien eraginkortasuna neurtu zuten:

  •     Oinarrizko estrategiak: Hezitzaileek jarrera aktiboa hartzen dute haur eta nerabeen euskararen erabilera bultzatzeko eta erabiltzen laguntzeko. Euskararen eragileak bilakatzen dira.
  •     Programazioan txertatu daitezkeen jarduerak: Hizkuntza-jolasak, hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa duten jarduerak edo euskarari lotutako dinamikak bultzatzen dira.
  •     ‘Ahobizi’ dinamikak: Haur eta gazte batzuek 'ahobizi' rola hartzen dute eta euskararen erabilerari eusten diote hartzaileak euskara ulertzeko gai diren guztietan.
  •     Sare sozialen erabilera: Euskararen erabilera indartzeko tresna aproposa izan daitekeela baieztatu da.

Ohiko udalekuetara pausua

Azkenik, bi urteko lanaren ostean eta azterlan soziolinguistikoak ateratako ondorioei jarraiki, aurten pauso berri bat eman da ikasitakoa ohiko udalekuetara eramanez. Ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko ahalegin berezi bat egitea erabaki da, Ebete hizkuntza-zerbitzuen aholkularitzaren bitartez pilotaje bat eginez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila harremanetan jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Sailarekin eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzarekin, eta Aldundiak erraztasun guztiak jarri ditu pauso hori berme osoz eman ahal izateko.

Aldundiak Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran antolatu dituen udalekuetan landutako estrategiak txertatzeko ahalegina egin da, baina Zarautzeko udalekuetan pilotaje moduan lanketa berezi bat egiten ari da. Horrela, udaleku guztietako arduradun eta hezitzaileekin lan-saioak egin dira estrategiak eta prozedurak lantzeko. Zarautzeko udalekuaren kasuan, koordinatzaile eta hezitzaileekin lan-saioak egin dira estrategiak programazioarekin lotzeko, laguntza eskaintzeko eta neurgailuak ere zehazteko. Are gehiago, txandetan zehar ere jarraipena eta aholkularitza eskainiko zaie.

“Ez da erraza Mundakan eta Berrizen ikasitakoa ohiko udalekuetan txertatzea, lan mardula eskatzen du eta zailtasunak aurkitzen ditugu. Esate baterako, astebeteko txandak izaten dira, eta laburregiak dira hizkuntza ohituretan eragiteko. Horrez gain, taldeak nahiko handiak dira eta, programazioetan jarduera asko daudenez, moldaketak egin behar dira hizkuntza-estrategiei lekua egiteko. Hala ere, uste dugu emaitza interesgarriak lortuko direla. Helburuak, lehen urte honetan behintzat, ondorengo bi hauek dira: euskararen erabilera indartzea –ohi baino gehiago erabili dutelako sentsazioa eduki dezaten nahi genuke– eta euskara bizipen positiboekin lotzea”, adierazi du Eizmendik.

Gida berri bat

Azken bi urte hauetan landutako estrategiak eta aurtengo udalekuetan txertatu direnak gida batean jaso dira. Liburuxka hori edozeinen esku jarriko da eta ahalegin berezi bat egingo da udalekuak antolatzen dituzten erakunde eta elkarte guztiek ezagutu eta erabil dezaten. Gida prest dago eta edozeinen eskura, baina aurtengo udalekuetan egindako lanketaren ondorioak ateratakoan liburuxkaren zabalkundea egingo da. Horrela, hiru urte hauetako lanketan ikertutakoa eta ikasitakoa denon eskura egongo da, zehaztuz zeintzuk diren estrategiarik eraginkorrenak euskara haur eta gazteen artean sustatzeko, bai eta zer hartu kontuan horiek behar bezala erabiltzeko.

  

4814