Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzarako Hi gazte! egitasmoak 250 gazteren lanak sustatu ditu

Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzarako Hi gazte! egitasmoak 250 gazteren lanak sustatu ditu

Tabakaleran egin da programako azken ekitaldia eta hainbat artista gaztek zuzenekoak eskaini dituzte; sarituak izan dira Laskurain ikastola, Lasalle Berrozpe, Pasaia Lezo Lizeoa eta Herri Ametsa ikastolako ikasleen bideoak

“Oso arrakastatsua” izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Hi Gazte! egitasmoaren aurtengo edizioa, lurraldeko 250 gazte animatu baititu euskarazko ikus-entzunezko edukiak lantzera eta sare sozialen bidez konpartitzera. Gaur goizean Tabakaleran egin da programa berritzaile honen azken saioa eta bertan, 2021eko lanik orijinalenak saritzeaz gain, momentuko artista gazte nabarmenen zuzeneko emanaldiarekin gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek.

14 eta 16 urte bitarteko gazteen ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzea du helburu proiektu honek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak abiarazi du, lurraldeko hezkuntza sarearekin elkarlanean. Gazteen artean euskarazko edukiak landu, zabaldu eta kontsumitzeko ohitura hedatu asmoz garatu da egitasmo berritzaile hau, bereziki sare sozialetan eraginez. Martxotik hasita eta gaur arte, 1.257 neska eta mutil barneratu dira lehen aldiz ikus-entzunezkoen munduan, euskaraz egin ere, hainbat gazte sortzaileren laguntzarekin.

Tabakaleran egindako azken saioan, egitasmoan parte hartu duten 60 gaztek bertatik bertara gozatu ahal izan dute Kai Nakai, Odik, Maialen Sorzabalbere eta Bamboo Dance sortzaileen emanaldiekin. Lau hilabete hauetan landu dituzten hiru sormen desafioetako irabazleen sariak ere banatu dira gaurkoan: Laskurain ikastola, Lasalle Berrozpe, Pasaia Lezo Lizeoa eta Herri Ametsa ikastolako ikasleen bideoak nabarmendu dituzte. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, ekitaldia zuzenean jarraitu dute eta sari-banaketan parte hartu dute.

 

Hi Gazte! proiektua lehiaketa moduan egituratu da, parte-hartzaileei proposatzen zaizkien desafioen inguruan, saio presentzialak eta online saioak uztartuz. Saio presentzialetan sortzaile gazteak izan ziren gidari, gaur egun “jomugan” dauden musika eta sorkuntza estiloak jorratzen dituztenak: regetoia, trapa, rapa, musika elektronikoa, interpretazioa, literatura eta abar. Lehen desafioan, dinamikarentzako lelo bat asmatu behar izan zuten, sarerako eduki baten bidez. Jasotako meme, cover, podcast, bikoizketa bideo, TikTok eta bideoen artean, Tolosako Laskorain Ikastolako Oier Gastesi izan da irabazlea eta sari nagusia jaso du (iPhone 12 bat) diputatu nagusiaren eskutik. Ikastetxe bereko Ekaitz Berazak ere sari berezia jaso du eta Airpods bat suertatu zaio.

 

Bigarren desafioan, Kai Nakai musikariak eta Maialen Sorzabalbere gidoigileak objektu bat proposatu zieten gazteei, “atea”, eta ideia horretatik abiatuz bideo laburrak grabatu zituzten beren mugikorren bitartez. Bikoizketa bideo orijinalak, sketxak, kapitulu ezberdinetan zatikatutako istorioak, komiki eran landutako kontakizunak jaso dira, besteak beste, eta guztien artean Andoaingo La Salle Berrozpeko talde bat izan da garaile. Eider Elizondo Gomez, Ainhoa Georg Urtasun, Nerea Igarategui Casillas, Ariane Rodriguez Muñoz, Hanny Romero Uvidia, Saioa Valle Maria, Paula Vicente Arranz eta Alexandra Ayala Cruz-ek GoPro bana irabazi dute.

 

Azkenik, hirugarren eta azken desafioan, gazteek argazki bat igo behar izan dute beraien Instagram profilera. Bertan, lagun bat izendatu eta argazkiari #traola bat asmatu zioten. Kasu honetan, irabazleak zozketa bidez erabaki dira eta Airpods banaren saridunak izan dira Eneko Aranburu (Pasaia Lezo Lizeoa) eta Noa Rilova (Donostiako Herri Ametsa ikastola).

 

Sormen eta kalitate handiko lanak

 

Desafio guztietan, parte-hartzaileek sare sozialen bitartez partekatu dituzte sortutako edukiak. Sormen, talentu eta kalitate handiko lanak jaso dira; freskoak, gaur egun sarean bolo-bolo dabiltzan edukiak euskaraz lagunartean ekoiztuta. Gazteek gustuko duten diziplina jorratu dute askotariko ikus-entzunezkoen bueltan. Eta guzti hau, aisialdian eskuartean erabiltzen duten mugikorrarekin. Nabarmentzekoa da sareetan lortutako oihartzuna eta interakzioa. 130.000 erabiltzaile bakarrek baino gehiagok egin dute bat Hi Gazte!-ren Instagram kontuko publikazio eta stories-ekin eta ia 6.000 interakzio baino gehiago lortu dituzte egitasmo honi lotutako edukiek.

 

Aurten, Gipuzkoako 15 ikastetxetako gazteekin landu da Hi Gazte! lehiaketa eta, datorren ikasturtean, zifra horrek gora egitea espero da. Dinamika Instagram kontuaren inguruan hezurmamitu da eta, baita ere, Higazte.eus webgunean jaso dira sariketaren helburuak, desafioen nondik norakoak, tutorialak,  sortzaileen bideoak eta abar.

 

Euskaraz sortu eta ongi pasatu

 

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, saridunak eta parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu eta aitortu du “gozamena” izan dela gazteen sortzaile sena indartzea helburu duen egitasmo honen emaitzak ikustea. “Belaunaldi gazteenen artean bereziki, pantailak eta sare sozialak dira edukiak kontsumitzeko euskarri nagusia. Horregatik da hain garrantzitsua gazte hauek, batetik, euskaraz aritzen diren erreferente eta erreferentziak euskaraz eskaintzea eta, bestetik, euren edukien sorkuntzan norbera izatea protagonista, norbere gogoko molde eta ikus-entzunezko lengoaiak erabiliz”, adierazi du.

 

Olanok gogorarazi du “ikus-entzunezkoen alorra hil ala bizikoa” dela euskararen etorkizunari begira eta azaldu du “aisialdia eta sare-sozialak” gogoeta horri lotzea ezinbestekoa dela. Azken ikerketen arabera, Gipuzkoan 30 urte arteko gazteen %30ak soilik erabiltzen du euskara sare sozialetan eta, erabilera hori indartzeko garaian, oso garrantzitsua da “sormenaren eta dibertsioaren” teklak ikutzea. “Hi Gazte!-k, hain zuzen ere, edukiak sortu eta partekatzera animatzen ditu ikasleak, ongi pasatzeko eta elkarrekin kontaktuan egoteko komunitate bat sortuz”, balioa eman dio diputatu nagusiak. Irakurketa horretatik abiatuz, aurtengo edizio esperimentala gaurkoan amaitu bada ere, dagoeneko datorren ikasturteko dinamika prestatzen ari da Foru Aldundia.

  

3318