Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Akordioa Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko

Akordioa Euskadiko Arkitektura Institutua sortzeko

Santa Teresako komentuan izango du egoitza eta bertan, MUGAK - Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren bulego iraunkorra egongo da.

2018/06/15

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatuak, gaur goizean, Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) sortzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute; institutuaren egoitza Donostiako Santa Teresa komentua izango da. Ekitaldian, bi erakundeek institutu berriaren irudi korporatiboa aurkeztu dute, eta garatuko dituen edukien zertzelada nagusiak eta abian jartzeko aurreikusita duten egutegia azaldu dituzte. Arriolaren eta Itxasoren hitzetan, «akordioa mugarri bat da herritarren kultura arkitektonikoaren sustapenean», eta zentro berriak «gizartean ondare kontzientzia sortzeko balio izatea espero dute».

 

Euskadiko Arkitektura Institutua datorren udazkenean irekitzea aurreikusten da, eta arkitekturaren arloan erreferentziazko zentro bilakatzeko sortu da. Bertan, MUGAK - Euskadiko Arkitekturaren Nazioarteko Biurtekoaren bulego iraunkorra egongo da, eta haren egoitza nagusi izango da hurrengo edizioetan. Biurtekoen artean, zabalkunderako programazio zabala izango du, eta nagusiki publiko orokorrari zuzenduta egongo da. EAI topaketarako eta arkitekturari, hiriari eta eraikitako inguruneari buruz eztabaidatzeko gune izango da, berezko ekoizpen-jardueren bidez, baina beste erakunde batzuen ekarpenetara zabalik egongo da eta nazioarteko eduki ibiltariak jasoko ditu.

 

Modu irekian kudeatuko da; horrela, arkitektura ikertzea, zabaltzea eta sustatzea helburu dituen irabazi-asmorik gabeko erakundeak hartu ahalko ditu, eta sinergiak ezarriko ditu Euskadin tradizio handiko arkitekturarekin lotutako erakundeekin, besteak beste, Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin era Euskal Herriko Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin.

 

Institutua bi helburu nagusirekin sortuko da: euskal arkitektura garaikidea zabaltzea eta sustatzea eta arkitekturaren inguruan eta bere alderdi sozial, kultural eta ekonomiko ugariren inguruan jarduerak antolatzeko eta topaketarako erreferente iraunkor bilakatuko den espazioa izateko.

 

Hitzarmenean aurreikusten da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak 1.386 m2-ko espazioa lagatzea, Santa Teresa komentuan; eraikina balio historiko handikoa da eta 2004an birgaitu zen. Higiezina Gipuzkoako hiriburuko alde zaharrean dago eta bertako lehen, bigarren eta hirugarren solairuan Institutuaren egoitza egongo da. Lankidetza horren esparruan, Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du Institutua sortzeko, egokitzapen-gastuak bere gain hartzeko eta jarduerak egiteko baliabide teknikoak eta materialak eta giza baliabideak hornitzeko. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Santa Teresa komentuaren eraikineko espazioak jarriko ditu Institutuaren esku, eta eraikinaren funtzionamendu, mantentze-lan eta kontsumoen gastuak hartuko ditu bere gain. Jakinarazi dutenez, jarraipen batzorde bat eratuko dute, institutu berriaren egiturak antolatu, eta bere gain dituen arkitektura sustatzeko eta zabaltzeko zereginen inguruko jarduerak programatzeko.

 

 

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du Donostia egokia dela institutuaren egoitza izateko; izan ere, Donostian dago, halaber, UPV-EHUren Arkitektura Eskola, eta eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuari, Santa Teresa komentuan egoteko egokitasuna eta lankidetza osoa emateagatik. 

 

Arriolak gogorarazi du Etxebizitza Saila legegintzaldi honetan euskal arkitektura sustatzeko eta zabaltzeko politika irmoa zabaltzen ari dela, eta nabarmendu du diziplina horrek gure bizitzetan duen garrantzia; izan ere, “paisaiak sortzen ditu, gure harremanetako hiri-espazioak eratzen ditu eta gure etxeak eraikitzen ditu.  Horrela, bada, arkitektura egokia izateak zerikusi handia du herritarren eta gure ingurumenaren bizi-kalitatea hobetzearekin”.

 

Beste alde batetik, Kultura eta Turismo diputatu Denis Itxasok adierazi duenez, institutuarekin «Donostiak espazio bat irabazten du kulturarentzat, eta pauso bat ematen du aurrera, kultur hiriburu izaera berreskuratu eta finkatzen baitu». Ildo horretatik, oso begi onez ikusten dute MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bulego iraunkorra bertan kokatzea, eta hurrengo edizioetarako egoitza nagusia izatea. Itxasok nabarmendu duenez, «erabaki honen bidez, azkenean behin betiko edukia ematen diogu Santa Teresa komentuari, bere kokapen, ezaugarri eta ondare balioarekin bat datorrena». Aurten, Ondarearen Europako Urtean, arkitekturak eta hirigintzak garrantzi handia hartu dute kultur eztabaidan, eta Gipuzkoak hausnarketa horiek sustatu eta elikatu nahi ditu, zorroztasunetik eta ikuspuntuen aniztasunetik begiratuta, proiektu berri hau bitarteko dela. Eusko Jaurlaritzaren apustuari dagokionez, Itxasok eskerrak eman dizkio Arriola sailburuari bere departamentuak erakutsi duen sentsibilitateagatik, Eusko Jaurlaritzaren ekitaldi publikoen eta egoitzen arteko oreka handiagoa bilatzen emandako pausoagatik.

  

1636