Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berriak betez Lurraldebusek bertan behera utzi ditu Gau Zaharreko eta Urte Berriko gaueko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketa berriak betez Lurraldebusek bertan behera utzi ditu Gau Zaharreko eta Urte Berriko gaueko zerbitzuak

- Horrela, Garraio Publikoaren Zerbitzua LABIk hartutako erabakietara egokitu da, gau zaharreko eta hurrengo jaiegunetako ospakizunetarako murrizketak gogortu baititu. - Gainerako asteburuetan zerbitzuak ostalaritza ixteko ezarritakoa baino ordubete gehiago mantenduko dira. Azken ibilbidea 2: 00etan izango da

2021/12/29

LABIren baitan hartutako erabakien ondoren, osasun egoeraren bilakaera ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen gaueko zerbitzuak asteburu honetan bertan behera uztea erabaki du. Definitutako arrisku-egoeraren arabera, hiriarteko garraio-zerbitzu publikoa Eusko Jaurlaritzak ezarritako zuzentarauetara egokitzen da berriro. Pandemia hasi zenetik, gaueko zerbitzuen erabilgarritasuna aldatu egin da osasun-arriskuko egoeraren arabera.

Ildo horretan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazi du Lurraldebuseko hiriarteko lineetan abenduaren 31tik urtarrilaren 1era eta urtarrilaren 1etik 2ra bitarteko gauetan gaueko zerbitzuak bertan behera geratuko direla.

Gainerako asteburuetan zerbitzuak ostalaritza ixteko ezarritakoa baino ordubete gehiago mantenduko dira. Azken ibilbidea 2: 00etan izango da.

Rafaela Romero diputatuak adierazi du, “Lurraldebus LABIk ezarritako egoerara egokitzen da, eta, horregatik, gidariak eta garraio publikoaren erabiltzaileak kontuan hartuta, urtarrilaren 1eko eta 2ko gaueko zerbitzuak bertan behera uzten dira, eta murrizketa berrietara egokitzen dira hurrengo asteburuetan, gaueko zerbitzua eskainiz 2: 00ak arte”.  

Romerok garraio publikoak mugikortasun-eskubidearen berme gisa duen balio soziala azpimarratu du. “Pandemia osoan zehar garraio-zerbitzu publikoa bermatu dugu, herritar guztien funtsezko zerbitzua dela uste dugulako”. Era berean, Lurraldebusen ordutegiak eta edukiera epidemiaren bilakaerara egokitu direla gogorarazi du, departamentuko langileen eta enpresa emakidadunen lana azpimarratuz. “Saileko langileen eta enpresa emakidadunen konpromiso profesionalagatik izan ez balitz, ezinezkoa izango zen malgutasun-lan hori egitea” gehitu du. 

Ohar berean, Rafaela Romerok eskerrak eman dizkie gipuzkoarrei pandemiak ezarritako arauak betearazteko laguntzeagatik. Maskara erabiltzea eta elkarrizketak tonu baxuan izatea barne hartzen duten arauak, aerosolak ugaritzea saihesteko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 900 300 340 telefonora (doakoa), astelehenetik igandera (08: 00etatik 20: 00etara, urtarrilaren 1ean eta 6an izan ezik).

  

1934