Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ez dago atzera pausorik bidesariaren ezarpenean

Ez dago atzera pausorik bidesariaren ezarpenean

Aintzane Oiarbidek gogorarazi du ez dela eztabaidan jartzen bidesaria jartzea eta Europako Batzordearen irizpen batek bermatzen duela

2018/04/17
Ez dago atzera pausorik bidesariaren ezarpenean

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak balorazio bat egin du N-1 eta A-15 errepideetan kamioientzako bidesaria ezartzearen aurka Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren inguruan, eta gogorarazi du Europako Batzordearen irizpen batek oso garbi esaten zuela Bidegik ezarritako kanonaren metodoa ez zela diskriminatzailea.

Diputatuak berretsi du “ez dagoela atzera pausorik” bidesariaren ezarpenean.   “Kamioientzako kanona geratzeko iritsi da Interes orokorra babesteko bultzatu dugun neurri bat da. Era berean, legealdi hasierako konpromiso bat da, Batzar Nagusiek aurreko legealdian hala eskatu ondoren. Eta lanean jarraituko dugu, seriotasun eta zorroztasun osoz, orain arte bezala, konpromiso hori betetzeko”, adierazi du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako diputatuak bere agerraldian esan du bidesarien kobrantza ez dagoela eztabaidan, eta ez dela auzitan jartzen ebazpenean. “Epaiak ez du auzitan jartzen bidesariak kobratzea, baina kanpoko garraiolariekiko zeharkako diskriminazioa aipatzen du, eta horrekin ez gaude ados. Horrenbestez, errekurtsoa lantzen ari gara, eta ondo aztertu eta prestatu behar dugu, oztopo hau gainditu ahal izateko”, aurreratu du diputatuak. “Europako Batzordeak adierazitako berme juridikoa daukagu eta badakigu ez dagoela inolako diskriminaziorik kanpoko garraiolarientzat. Dakizuen bezala, lan handia eta zorrotza egin dugu Europako direktiba betetzeko, hau da, free flow teknologian oinarritutako sistema moderno eta aurreratua asmatzeko orduan ondo zaindu ditugu bai alderdi juridikoa bai teknikoa”, erantsi du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du N-1 errepidean bidesaria ezartzeko gaia aztertzen hasi zirenetik harremanetan egon direla Europako Batzordearekin.Prozedura zehatza izan da eta guztiz errespetatu da Europar Batasuneko araudia. Europako Batzordeari galdetu genion sistema honek betetzen ote zuen direktiba, eta Batzordearen irizpenak hitzez hitz dio direktibaren 7. artikulua betetzen duela”, azaldu du diputatuak.

Oiarbidek argitu duenez, Europako irizpena Sustapen Ministerioaren bitartez iritsi zen, eta Ministerioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren interpretazio bera egiten zuen direktiba betetzeari dagokionez. “Horrenbestez, garbi gelditzen da bete ditugula Europako Batzordearen berme juridikoa lortzeko beharrezkoak diren izapideak. Oso fin jokatu dugu lan hori egiterakoan”, esan du amaitzeko Oiarbide andreak.

Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 egun baliodun ditu Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa aurkezteko. “Ez dugu uste inolako diskriminaziorik dagoenik N-1 eta A-15 errepideetan jarri dugun ordainsarian eta lanean jarraituko dugu horren alde”, berretsi du  Bide Azpiegituretarako diputatuak.

  

1563