Eztabai, eztabaida foroaren denboraldi berria
Eztabai, eztabaida foroaren denboraldi berria
Ostiral honetan, arratsaldeko 20:30ean, Tabakalerako Taba gunean inmigrazioari buruz
Ostiral honetan, arratsaldeko 20:30ean, Tabakalerako Taba gunean inauguratuko da Aldundiaren Eztabai eztabaida foroaren 2018-2019 denboraldia. Oraingoan, immigrazioak dituen aurpegi guztien inguruan hitz egingo da. Parte-hartzaileek ezagutu ahal izango dute immigrazioa arautu, kudeatu eta babesten dutenen esperientzia eta, halaber, fenomeno horren aurrean herritarrek eta erakundeek hartu beharreko jarrerari buruzko hausnarketa egingo dugu.
Iritzi publikoaren arabera, immigrazioa gako nagusienetako bat gaur egun mundu osoan. Gobernuak aldatzen ditu, gatazkak sortzen ditu, eta biziak eramaten ditu. Bai nazionalismo populistak egiten dituen salaketak eta murrizketak ikusita, bai mendebaldeko herrialdeetako populazio zahartu eta aberatsak dituen arazo sozioekonomikoei irtenbide bat emateko modutzat jotzen duen irekitasunaren aldeko baikortasuna kontuan hartuta, buru bezainbeste iritzi daudela dirudi, eta, ondorioz, zaila da mehatxu, gehiegikeria eta benetako ekintzen artean bereiztea.
Aurtengo edizioan azalpenak gaztelaniaz egingo dira, eta hauek dira gonbidatuak:
Ernesto Castro Córdoba (Madril, 1990) filosofoa da eta Bartzelonako Unibertsitateko Filosofia Analitikako masterra du. «Contra la postmodernidad» (Barcelona, 2011) eta «Un palo al agua. Ensayos de estética» (Murtzia, 2016) liburuen egilea da, eta hainbat argitalpen koordinatzen ditu. Gaur egun, irakaslea da Madrilgo Complutense Unibertsitateko Filosofiako Fakultatean.
Mikel Mazkiaran Lopez De Goikoetxea (Olazti, 1967) abokatua da, immigrazio gaietan aditua, eta, gaur egun, Espainiako SOS Arrazakeriaren Elkarte Federazioaren idazkari da.
Maite Peña López (Errenteria, 1975) zuzenbidean lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) 1999an. Elkargoko kide egin zen 2000. urtean, eta abokatu lanetan aritu zen Gipuzkoako Foru Aldundian Gizarte Politikako diputatu gisa lanean hasi zen arte. Lehenago, EAJ-PNV taldeko zinegotzi eta bozeramaile ere izan zen Errenteriako Udalean.
Eztabai ekimena solasaldi ireki bat da, non parte hartzaileek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo duten, parez pare, erreferentziazko gonbidatuekin. Eztabai Platypus Labs enpresaren ekimen bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bere helburua gure lurraldean gaurkotasuneko gaien inguruko eztabaida publikoa bultzatzea da.
Gipuzkoako hainbat jatetxek eskainitako afari batean, ekitaldian parte hartzen dutenak aurrez aurreko solasaldi batean murgilduko dira, tertulia iritzi adituekin aberasteko espresuki aukeratutako gonbidatuekin batera.
Informazioa eta sarrerak: https://www.eztabai.eus/
1692