Fitchek Gipuzkoaren zorraren kalifikazioa hobetu du
Fitchek Gipuzkoaren zorraren kalifikazioa hobetu du
‘Kreditu kalifikazio onetik’ ‘Kreditu kalifikazio altura’ igo du lurraldea
Fitch Rating agentziak Gipuzkoako zorraren kalifikazioa igo du ‘kreditu kalifikazio onetik’ (A+) ‘kreditu kalifikazio altura’ (AA-), aurreikuspen egonkorrarekin. “2018ko aurreikuspenak hobetu zituen Gipuzkoak eta, ondorioz, lurraldeko zorraren jasangarritasun metrikak hobetu dizkio Fitch-ek”, dio rating agentziak zabaldu duen komunikatuak. Honen arabera, igoera azaltzen dute baita ere Gipuzkoak duen “aurrekontu sendotasunak” eta likidezia eta pasiboa aldetik duen egoera onak.
Lurraldeak zerga alorrean duen autonomian ere erreparatu du Fitch Rating-ek, eta Gipuzkoaren kalifikazioa Estatuaren eta Erkidegoaren gainetik jarri du. Gogoratzen dutenez, eskumen hauek “Konstituzioan esplizituki jasota” daude. “Balio gehigarri eta esportazioetara begira dagoen sektore industrial egonkorra duen manufaktura-hub bat da Gipuzkoa. Ondorioz, BPG indartsua eta langabezia tasa baxuak ditu, Estatuko batezbestekoak baino baxuagoak”, nabarmendu du agentziak.
Larrañagak albistearen balorazio positiboa egin du eta, esan duenez, foru Gobernua erakundearen finantza egoera hobetzeko egiten ari den lanari aitortza da. Larrañagak gogoratu duenez, Aldundia ahalegin berezia egiten ari da azken urteetan zorra murrizteko: “2020 urtean, gure zorra 45,6 milioi eurotan murriztea aurreikusten dugu. Honenbestez, eta hau gauzatzen denean, 2015 urtetik hona 175,6 milioi eurotan jaitsiko da Aldundiaren zorra. Hau da, %30 baino gehiagoko jaitsiera”. “Estrategia argia da: ekonomiaren egoera aprobetxatzea erakundea indartzen jarraitzeko; izan ere, zorra murriztea oztopoak kentzea da, eta horrek arintasun handiagoa emango digu ekonomiaren haizeak aldatuz gero”, nabarmendu du foru diputatuak.
2477