Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Volver Foru Aldundiak, Altzoko herriarekin elkarlanean, ‘Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025' erakusketa aurkeztu du

Foru Aldundiak, Altzoko herriarekin elkarlanean, ‘Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025' erakusketa aurkeztu du

Apirilaren 4an aurkeztu da Foru Jauregian 'Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025' erakusketa. Prentsaurrekoan parte hartu dute Goizane Álvarez Kultura diputatuak, Xabier Olano Altzoko alkateak eta Elena Arrese erakusketako komisario eta artistak.

2025/04/04
Ipuskoa 1000

Erakusketa Altzoko Olazabalgo San Salvador elizan dago ikusgai eta Gipuzkoa izenaren milurtekoa oroitarazten du, eta, horrekin batera, ibilbide historiko eta artistiko bat proposatzen digu, 15 artista gipuzkoarren bitartez lurraldearen nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaera aztertzen duena. Artista bakoitzak erakutsi nahi izan du zer den berarentzat Gipuzkoa. 

Aurkezpenean, Goizane Álvarezek azpimarratu du erakusketa oso garrantzitsua dela komunitate bateko kide izatearen sentimendua indartzeko eta Gipuzkoak gaur egun dena izatera iristeko egin duen bilakaera historikoa gogoratzeko. Era berean, garrantzi handiko ekimen kultural hau aurrera eramateko erakundeen eta artisten arteko elkarlanaren balioa nabarmendu du.

Xabier Olanok, berriz, adierazi du “Altzotar bezala eta alkate bezala, ohore handia da niretzat Altzo-azpiko elizan antolatu dugun arte instalazio dotorea euskal herritar guztiei eskaintzea. Erakusketa jasotzen duen lekua ezin zitekeen egokiagoa izan. Izan ere, (G)ipuzkoa izena, Ipuskua bezala, historian lehen aldiz (1025ean) Olazabalgo Salbatore monastegiaren dohaintza-idatzi batean ageri da. Mila urte igaro ondoren, leku hartan bertan, 15 artista gipuzkoarren lanak erakutsi ahal izateak argi eta garbi erakusten du herri honen iraupena eta bizi-nahia”.

Erakusketaren komisarioa Elena Arrese izan da, pintura, eskultura eta marrazketa lantzen dituen diziplina anitzeko euskal artista. Arrese pozik agertu da lurraldeko memoria kolektiboari merezi duen balioa ematen dion erakusketa honetan parte hartzeagatik, eta erakusketa prestatzerakoan irizpide izan diren gidalerroak azaldu ditu; horrekin batera, testigantza hori gipuzkoarren memorian gordetzearen garrantzia azpimarratu du.

'Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025' erakusketa Altzoko San Salvador elizan egongo da ikusgai apirilaren 12tik urriaren 31ra, eta sarrera doan izango da. Horrez gain, bisita gidatuak eta jarduera osagarriak eskainiko dira edukia era guztietako jendearengana hurbiltzeko, horrela, Gipuzkoako identitatearen inguruko gogoeta eta elkarrizketa sustatuz.

PARTE HARTZEN DUTEN ARTISTAK

Elena Arrese: Diziplina anitzeko euskal artista, hainbat diziplina lantzen dituena, hala nola pintura, eskultura eta marrazketa. Bere lana emozioz, bolumenez eta kolore zirraragarriz beteta dago, eta beti bilatzen du elkarrizketa ikuslearekin. Euskal artista esanguratsuenetako batzuekin lankidetzan aritu da, eta bere lanak hainbat herrialdetan jarri ditu ikusgai, besteak beste, Korean, AEBetan, Mexikon, Grezian, Turkian eta Frantzian. Bere lanak naturarekin eta gizakiarekin duen harreman sakona erakusten du, eta erakusketan Gipuzkoa eraiki zuten pertsonak omentzen ditu muralen eta figuren bidez.

Elena Cajaraville: Ehungintzaren arte garaikidean ibilbide luzea egindakoa da eta natura eta artea uztartzen dituzten hainbat proiektutan lan egin du. "Ipuscoa" izeneko bere lana Gipuzkoako armarriaren berrinterpretazio bat da, oihalean egindakoa, lurraldearen batasuna eta balio historikoak ehungintzaren artearen bidez irudikatzea xede duena, kolorea, geometria eta ehunaren tradizioa uztartzen dituzten teknikak erabiliz.

Natalia Cambronero Nieto: Diziplina anitzeko artista, arimaren memoriaren, karmaren eta inkontziente kolektiboaren gaiak aztertzen dituena.  "Shöka" ehungintzako arte abstraktuaren instalazioak oinordetzan jasotako memoriek gure nortasuna nola baldintzatzen duten hausnartzen du, Gipuzkoako historiaren eta inkontziente kolektiboaren arteko paralelismoak marraztuz. Bere lana sustrai historikoei eta iraganeko traumek orainaldian duten eraginari buruzko gogoeta bat da.

Maria Jesús Cueto: Arte Ederretako doktorea da, eta bere lana eskultura garaikidearen esparruan kokatzen da. Diziplinarteko proiektuak garatu ditu, ikuslearen parte-hartze aktiboa eta beste artista batzuekiko lankidetza barne. Erakusketan eskultura baten maketa bat aurkeztu du eskalan, kolorea eta modulazioa bitarteko direla Gipuzkoako memoriari eta identitateari buruz hausnarketa egiten duena, lurraldeko kultura-paisaiaren konplexutasuna eta ezberdintasuna irudikatuz. 

Nisa Goiburu: Artista plastikoa eta diziplina anitzekoa. Nisak natura, emakumea eta memoria aztertu ditu bere lanean. Bere lana ikusizko poesia bat da, askotariko materialak erabiltzen dituena narratiba konplexuak transmititzeko. Erakusketan, "HEMEN NAGO, HEGAN EGIN DEZAKET!" bere lanak giza existentziaren dualtasuna jorratzen du, ongiaren eta gaizkiaren, zeruaren eta lurraren arteko lotura aztertuz, ikuspegi sakon gogoetatsu eta espiritual baten bidez.

Antton Mendizabal: 1970eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide artistikoa eta denboran zehar Anton Mendizabalek hainbat gai landu ditu, esaterako, mitologia, etnografia eta euskal pilota, antzinako artearen eta arte garaikidearen arteko harremana aztertzen duten eskulturen bidez. Bere lanak zenbait herritako espazio publikoetan daude, Gipuzkoan zein Gipuzkoatik kanpo.

Ángel Navas: Artista hau gure kulturaren antzinako formetan eta sinboloetan oinarritzen da gizakiaren eta naturaren arteko loturari buruz hausnartzeko, gure egungo gizartearen oinarriak zalantzan jarriz. Bere lanak eskultura, performancea eta argazkilaritza hartzen ditu, eta hemengo zein nazioarteko erakusketetan nabarmendu da.

Julia Otxoa: Poeta, narratzaile eta artista bisuala, Julia Otxoak hainbat sari jaso ditu, hala nola Euskadi Literatura Saria, 2024an, Gaztelaniazko literaturaren arloan.  Bere lana genero berdintasunean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritu da, eta collage digitala erabili du Gipuzkoaren eta bere balioen inguruan bere idealak adierazteko.

Ramón Ruiz Cabestany: Zeramikagilea da prestakuntzaz, eta lau hamarkada baino gehiago daramatza Gipuzkoako iraganaren eta orainaren arteko lotura esploratzen duten piezak sortzen, gure nortasunari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaituen bidaia bat egiten denboran zehar.

Iñaki Ruiz de Egino: Eskultore, margolari eta idazlea, artista geometrikoa eta arte neokonkretuaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da nazioartean.  Bere lanek argia, itzala eta soinua sinbolizatzen dituzte, eta Gipuzkoak denboran eta espazioan zehar izan duen bilakaerari buruzko hausnarketa egiten du.

Ricardo Ugarte Zubiarrain: Euskal Eskultura Eskolari lotutako eskultorea, Oteiza eta Chillida maisu handiekin batera lan egin du Ugartek. "Hutsarte bizigarriak milurtekorako" lanak giza balioetan eta naturan oinarritutako bizikidetza ospatzeko nahia islatzen du.

Iker Valle: Gizakiaren eta bere ingurune naturalaren arteko harremana aztertzen duen lan batekin, Iker Vallek basoaren mistika gogorarazten duten piezak sortzen ditu, Gipuzkoako dokumentu historiko batean lehen aldiz agertzen den "Ipuscua" hitzaren aurkikuntzaren omenez.  

Pablo Zuriarrain: Aiako Harriko magalean jaioa, Zuriarrainek eskulturari eskaini dio bizitza, eta zura, harria eta metala erabiliz pieza paregabeak sortu ditu. Bere lanak naturaren dotoretasuna eta harekiko sentitzen duen errespetua islatzen ditu, giza emozioak mundu naturalarekin lotuz.

 

  

6866