Foru Aldundiak bi milioi euro bideratuko ditu Pasaialdea biziberritzeko
Foru Aldundiak bi milioi euro bideratuko ditu Pasaialdea biziberritzeko
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Pasaia, Lezo eta Errenteriako hiri eremua biziberritzeko eta lonjaren inguruko urbanizazioa amaitzeko neurri sorta bat onartu du.
Rafaela Romero foru diputatu sozialistak Pasaia, Lezo eta Errenteriako udalerriak biziberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak onartu duen neurri sorta aurkeztu du gaur, 2 milioi euro ingurukoa. Aurrekontu horrek, Portuko Agintaritzari emandako dirulaguntzarekin batera, aukera emango du, besteak beste, San Pedroko lonja inguruko urbanizazio lanak amaitzeko.
Zenbateko horren banaketaren arabera –udalerriaren egoera eta beharrak kontuan hartuta egin da–, Pasaiak 433.966 euro jasoko ditu; Errenteriak, 100.000 euro; eta Lezok, 50.000 euro. Pasaiaren kasuan, Bizikleta Bideen Foru Katalogoaren barruan dagoen bizikleta bide bat mantentzeko inbertsioa barne hartzen du zenbatekoak, eta aurten osorik ordainduko da.
Planifikatutako jarduerak eskualdeko 3 udalerrietako udalekin adostu dira, eta bat datoz Foru Aldundiarekin helburu honekin: hirigintza jasangarria, inklusiboa eta berdintasunezkoa sustatzea, portuaren eta hiriaren arteko harremanean ekitatea bilatzen duena. "Bizi dugun une honetan, Pasaialdeko udalerriekin eta Pasaiako portuarekin adostutako neurri sorta honek argi eta garbi erakusten du Gipuzkoan Pasaialdearekin eta bertako herritarrekin dugun zor historikoari aurre egiteko dugun borondatea", adierazi du Rafaela Romero foru diputatuak, eta nabarmendu du administrazio publikoen jomuga pertsonek dituzten benetako premiak asetzea izan behar duela, hirigintza gure gizartearen eguneroko bizitzaren zerbitzurako tresna izan dadin.
Aurreikusitako jarduketen ardatz nagusiak –hiri biziberritzea, ingurumen jasangarritasuna eta mugikortasun jasangarria– bat datoz Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren helburuarekin, alegia, hiri eta herri biziak, jasangarriak, seguruak, osasungarriak, inklusiboak eta berdintasunezkoak ziurtatzea. Neurriek 1.974.658 euroko aurrekontua dute guztira, eta bat datoz Pasaialdeko azken urteetako hiri biziberritze integralaren politikarekin, eta udalekin eta Portuko Agintaritzarekin lortutako erakundearteko akordioaren emaitza dira.
Pasaian, besteak beste, uren tratamenduarekin zerikusia duten lanak egingo dira Donibane barrutian; Juandaburun, J.J. Otaegin eta Lurdes Txikin, irisgarritasuna hobetzekoak; Gure Zumardian, harmaila berritu, eta Trintxerpe eta Herrera artean, oinezkoentzako eta bizikletentzako bidean mantenimendu lanak egingo dira. Bestalde, Lezon eta Errenterian aurreikusitako irisgarritasun eta mugikortasun jarduketak Ijurko eta Beraun auzoetako igogailuetan egingo dira.
Pasai San Pedroko lonjaren eremuko jarduketen artean, Esnabide kalearen alde bat egokitu eta arrantza eremuko plaza urbanizatuko dira; izan ere, orain arte eremu horretako lanek Portuko Agintaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren administrazio izapideen atzerapena jasan behar izan dute, lur mugimenduak eragindako ingurumen arazoak zirela-eta. Dirulaguntza 1.396.692,69 eurokoa da, eta bi zatitan ordainduko da, 2020an eta 2021ean, obraren programazioak eta egikaritzeak aurrera egin ahala. Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak joan den astean onartu zuen dirulaguntza hori arautuko duen hitzarmena, eta, horrela, jarduera hori abian jartzeko lehen pausoa eman zuen.
"Jarduketa horrekin, pasaitarrek, azkenean, espazio garrantzitsua irabaziko dute eguneroko bizitzarako", adierazi du Romero foru diputatuak, eta azaldu du sentitzen duela administrazio izapideak hain konplexuak izatea eta COVID 19ak herri administrazioei ekarri dizkien aurrekontu zailtasunei aurre egin behar izatea. "Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun, ez dugu Pasaia bazterrean utziko. Inbertsioen zati bati epe berriak ezarri dizkiogu, gizarte larrialdiek behartuta, baina lanean jarraitzen dugu Portuko Agintaritzarekin Hospitalilloko aparkalekua eta Adinberri erreferentzia zentroa eraikiko diren lurzatietan. Era berean, Udalarekin lanean ari gara Hiri Antolaketako Arauen aldaketan. Helburu bera dugu guztiok: pasaitarrek hainbeste aldiz egin zaien promesa egia bihurturik ikustea".
1832