Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoako emakume kirolariak saritzeko Carmen Adarraga saria

Gipuzkoako emakume kirolariak saritzeko Carmen Adarraga saria

Beren jarrera eta ibilbideagatik nabarmentzen diren Gipuzkoako emakume kirolariei emango zaien Carmen Adarraga saria.

  • Sari banaketa martxoaren 7an izango da Ideo Orona eraikinean
  • Aurtengo saritua Coro Fuentes izango da

Kultura eta Kirol Departamentuko foru diputatu Denis Itxasok eta Kiroletako zuzendari Goizane Álvarezek beren jarrera eta ibilbideagatik nabarmentzen diren Gipuzkoako emakume kirolariei emango zaien saria aurkeztu dute.

Itxasok Foru Aldundiak berdintasunarekiko duen konpromiso tinko eta sendoa azpimarratu du, eta azaldu du Aldundiak aitortu nahi izan duela hainbat eta hainbat emakumek kirolean eta bizitzako beste arlo batzuetan egin duten lana, onena ematen eta lorpen garrantzitsuak erdiesten, borroka bikoitza eginez, eta, beraz, merezimendu bikoitza mereziz.  “Uste dugu aitorpen hau bidezkoa dela eta erreferentzia izan behar dela bihar-etzi horrelako sariak beharrezkoak izan ez daitezen” esan du Itxasok.
Emakume horietako bat Carmen Adarraga izan zen. Gipuzkoan emakumeen kirolean aitzindari izan zena, kirola egiteko zailtasunak askoz ere handiagoak –are gehiago emakumeentzat–¬¬ ziren garai haietan. Emakumeek justifikatu egin behar izaten zuten beren zaletasuna, gizarteak ez baitzuen begi onez ikusten emakumeek kirola egitea, eta askok eta askok ez zuten gauza naturaltzat jotzen.

Testuinguru horretan, Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Espainiako saskibaloi selekzioko kapitaina izan zen, eta hiru aldiz Espainiako txapelduna, artean Gipuzkoan gizonezkoen saskibaloi talderik ez zegoen garaian estatu mailako lehiaketetan parte hartzen zuen talde batekin. Baina Carmen Adarraga ez zen saskibaloira mugatu, eskubaloian estatuko txapeldunorde izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai. Ezagutu zutenek diotenez, dena naturaltasunez egin zuen, eta betiere kirolarekiko maitasuna transmitituz. Bidaiak hala moduz egin behar izaten zituen, kirola egiten zuten emakumeak ia-ia jazarpena pairatzen zuten garai hartan, baina hori ez zen oztopo izan Donostiako Sección Femeninako kapitaina zela Espainiako hiru titulu irabazteko eta beste behin txapeldunorde gelditzeko 1939 eta 1942 bitartean. Horrez gain, Espainiako saskibaloi selekzioko  lehenengo kapitaina izan zen.
Itxasok adierazi du Gipuzkoako kirolak unerik onena bizi duela, eta hala dela, hein handi batean, Gipuzkoako emakumeak aspaldidanik erakusten ari diren maila bikainarengatik. Izan ere, emakumeek lortu dituzte Gipuzkoara iritsi diren azken bi domina olinpikoak, eta emakumeek lortu dute futbolaren eta eskubaloiaren goi mailara iristea azken urtean.
“Hala ere, gaur bidezkoa eta beharrezkoa da, bere garaian Carmen Adarragak egin zuen bezala kirolaren bidez desberdintasunari aurre egiten dioten hainbat eta hainbat emakumek egiten duten ahaleginari merezi duen aitorpena egitea; aitzindari horren omenez, Carmen Adarraga Saria izena izango du eta urtero emango da, bere jarrera eta ibilbideagatik balio horien eredu izan den emakume kirolaria saritzeko” azaldu du Itxasok.

Coro Fuentes

Aurtengo saria Coro Fuentes atletarentzat izango da. Saria martxoaren 7an, Emakume langileen egunaren bezperan, jasoko du Hernanin, Ideo Orona eraikinean.

Fuentes 60. hamarkadan hasi zen lehian kross eta beste probetan eta Estatuan egon zen lehen atletariko bat izan zen. Garai zailak ziren haiek emakumeentzat eta emakumeen kirolentzat. Berak bideak ireki zituen. 

Zortzi aldiz izan zen Espainiako txapelduna eta estatuko lehena izan zen Europako Txapelketa Junior-ean parte hartzen. 17 aldiz gainditu zituen Espainiako errekorrak eta 1969. zein 1970. gipuzkoako atletarik onena hautatu zuten. Josefina Salgado eta Belen Azpeitia gipuzkoarrarekin Europako Txapeldunetara joan ziren Estatuko lehenak izan ziren eta gaur egun, 50 urte geroago Gimástica de Ulia-n aritzen da entrenatzaile moduan.

 

  

1907