Foru Aldundiak ekintzaileak babesteko 1,87 milioi emango ditu laguntzetan
Foru Aldundiak ekintzaileak babesteko 1,87 milioi emango ditu laguntzetan
Diputatuen Kontseiluak gaur onartu duen deialdiari berari esker iaz 237 enpresa proiektu sortu ziren.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen kontseiluak aste honetan onartu du enpresak sortu eta garatzeko prozesua babesteko programaren aurtengo deialdia. Guztira, 1.874.200 euro bideratuko dira xede horretarako. Deialdiak hiru laguntza-lerro izango ditu: enpresa proiektuak babestea enpresa sortzeko prozesuan - Txekin, 175.000 euro; emakumeek sustatutako enpresa proiektua babestea - Emekin, 291.200 euro; eta oinarri teknologiko edo berritzaileko enpresak sortzeko babesa -Txekintek-Barnetekin-, 1.408.000 euro. Oinarriak eta horien inguruko informazio eta baldintza guztiak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).
Irune Berasaluze foru bozeramaileak iragarri du deialdi hau, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko astero egiten duen agerraldian. Azaldu duenez, laguntzek hiru helburu nagusi dituzte ekintzaileak babestu eta laguntzeko apustuaren baitan: alde batetik, finkatzea enpresek enpresan bertan ekintzailetza susta dezaten, lehiakortasuna indartzeko eta negozio aukera berriak sortzeko. Bestetik, ekintzailetza aurreratua indartzea, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiaren pareko esparruetan, gure sare ekonomikoa dibertsifikatu eta eraldatzeko gaitasuna dutelako, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuta (mugikortasun berria, biozientziak edo fabrikazio aurreratua, esaterako). Eta hirugarren, berdintasuna lantzen da, emakumeek enpresa munduan duten partaidetza handitzeko berariazko laguntza lerro batekin.
“Ekonomia lehiakor, berritzaile eta jasangarria finkatu nahi dugu, guztion ongizate integrala zaintzen duen eta gaurko eta biharko aukerak sortzen dituen ekonomia bat. Argi dugu arriskatu eta proiektu berriak abian jartzea erabakitzen duten pertsonek eta enpresek ekarpen izugarria egiten diotela Gipuzkoari, orain eta etorkizunerako. Aberastasuna eta enplegua sortzen dituzte, gure enpresa sarea berritu eta punta-puntako ekonomia espezializatu eta anitza izatea ahalbidetzen digute, eta funtsezkoak dira industriaren arloko gure indarra mantentzeko”, Berasaluzek adierazi duenez. “Pertsona horiek jakin behar dute ez daudela bakarrik beren proiektuekin, Gipuzkoan ekosistema oso sendoa dugula babesteko eta laguntzeko, laguntza ekonomikoak, fiskalitatea, ezagutza zentroak eta BIC Gipuzkoa bezalako babes eta akonpainamenduko eragileak ere badaudela. Aldundi gisa dugun konpromisoa da ekosistema hori sustatzen jarraitzea".
Programa honen babesarekin, iaz 237 enpresa proiektu sortu ziren, horietatik 106 emakumeek sustatu zituztelarik. Horien artean, oinarri teknologikoko 36 start-up daude, eta datozen hiru urteetan 543 lanpostu sortuko direla aurreikusten da. Txekin eta Emekinn lerroei dagokienez, aurreikuspenen arabera 279 lanpostu sortuko dituzte urtebetean, babestutako proiektuen bidez.
Laguntza horiez gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten du. Elkargirekiko lankidetzaren bitartez, emakumeek bultzatutako start up eta enpresen finantzaketa errazten du urtero, eta otsailean abal-lerro berri bat aktibatu zuen Gipuzkoako gazte eta ekintzaileek beren enpresa-proiektua abian jarri, eraldatu edo sendotu ahal izan dezaten; enpresa berritzaile berriak eta nazioarteko azelerazio-programak sortzeko prozesua babesten du BIC Gipuzkoaren eskutik; RIS-3 Europako estrategiarekin paraleloan eta Etorkizuna Eraikizen barruan, proiektu estrategikoak hedatzen ditu zibersegurtasunaren, mugikortasun jasangarriaren, teknologia kuantikoen eta zahartze osasungarriaren arloetan, besteak beste, eta horien helburuetako bat da arlo horietan ekintzailetza sustatzea; proiektu berritzaileen kapitalizazioan laguntzen du Seed Gipuzkoaren edo Biozientziak Fundazioaren bitartez; eta zerga-eskumenaren bitartez, inbertsioko industriaren garapena sustatzen du eta startup berritzaileetan edo ETEetan inbertitzeko pizgarriak ematen ditu.
“Erakunde eta lurralde gisa dugun ikuspegia beti izan da gizarte ekintzailea izatea, eta halaxe da oraindik ere, bereizgarri dugun enpresa izpirituaren oinarri baita. Ekintzailetzaren kultura eta balioak zabaldu behar ditugu gizartearen maila guztietara eta bizitzaren maila guztietara, gure sendotasun ekonomikoaren zati handi bat, bereziki industriakoa, dinamismo horretan oinarritzen delako; hartara, hori lantzen jarraitu behar dugu, eskura ditugun tresna guztiak baliatuta”, adierazi du Berasaluzek.
Familia zaintzaileentzako laguntza
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea ere onartu du. 2018tik, derrigorrezkoa da Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) jasotzen dutenek egiazta dezaten zaintzaile nagusiak arreta hori emateko oinarrizko prestakuntza badutela. Horretarako, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak prestakuntza hori eskaintzen die familia zaintzaileei. Gaur egun, 8.714 familiak jasotzen dituzte FIZPE laguntzak, eta 2018tik, 7.167 senidek jaso dute prestakuntza.
Kontratazio espedientean gehienez ere 3 urterako kontratu bat aurreikusi da, 928.920 euroko aurrekontuarekin. Programaren zerbitzuak Gipuzkoako eskualde guztietan eskaintzen dira eta horien artean daude zaintzailearentzako oinarrizko prestakuntza, elkar laguntzeko taldeak eta laguntza psikosozial indibiduala. Izan ere, kontratu berriak hobekuntza batzuk aurreikusten ditu familia zaintzaileentzat. Laguntza psikologikoko taldeek, talde bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua 15etik 12ra murrizteaz gain, saio bakoitza ordu eta erdikoa izango da. Bestalde, banakako laguntza psikologikoko saioak ugarituko dira, eta telematikoki sartzeko aukera ere egongo da.
Bozeramaileak adierazi duenez, gogoratu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak, etxean zaintzeko estrategiaren baitan, zainketak profesionalizatzeko apustu irmoa egin duela. Horregatik, azken urteotan hainbat neurri hartu dira zaintzaile kualifikatuak kontrata daitezen sustatzeko eta zaintzaileak ere zaintzeko. “Adineko 10 pertsonetatik 8k beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, eta arreta eta zainketa egokiak izan ditzaten, funtsezkoa da zainketak profesionalizatzea eta ildo horretan pausoak ematen jarraitzea”, adierazi du Berasaluzek. Gogorarazi duenez, mendekotasunaren inguruko laguntza eta prestazio desberdinak konbinatzeak laguntzen du adineko pertsonak 5 urte etxean egoten.
Gaur egun, egoitzetan sartzen diren pertsonen adinaren batezbestekoa da 84,42 urte, eta gehienak (% 86) mendekotasun handiko pertsonak dira (2 eta 3. graduak).
Berasaluzek adierazi du etxean dauden mendekoek gehien erabiltzen dituzten zerbitzuak direla prestazio ekonomikoak eta laguntza teknikoak, eta “zenbait zerbitzu bateratzeak laguntzen duela adinekoak denbora gehiago etxean egoten, eta gainera bermatzen du zainketa kalitatezkoa eta pertsonalizatua izango dela”.
Suteen aurkako ibilgailuak
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzurako bi ibilgailuren kontratazioa abian jartzea onartu du Kontseiluak. Alde batetik, ponpa-auto inude bat, 387.200 euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontuarekin, belaunaldi berriko suteei aurre egiteko ahalmen operatiboa indartzeko. Klima-aldaketa bezalako hainbat faktoreren ondorioz, azken urteetan mota horietako suteak izateko arriskua handitu egin da, izan hiriko, industriako nahiz basoko suteak, eta ohiko suteak baino azkarrago eta indartsuago hazi eta zabal daitezke, berotze-ahalmen handiarekin, tamaina handia izan eta kalte handiak eragin ditzaketelarik denbora gutxian.
“Horiei aurre egin ahal izateko, suteak itzaltzeko bitarteko ugari behar dira, eta tonaje handiko ponpa-auto ibilgailuak eduki behar dira, ura biltegiratzeko gaitasun handikoak eta ura emari eta presio handian bulkatzeko gaitasun handikoak, ponpa-auto inude astunak deiturikoak. Erabaki honekin erantzungo diogu behar horri, Zerbitzuak orain arte ez baitzuen horrelako ibilgailurik”, bozeramaileak adierazi duenez.
Bestalde, onartu da beste ponpa-autodun landako ibilgailu bat kontratatzea, 482.790 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Eskurapen hori Zerbitzua modernizatzeko planaren baitan kokatzen da, ibilgailuen flota berritzeko neurrietan hain zuzen, sute mota desberdinei aurre egin ahal izateko biltegiratze eta bulkatze ezaugarri eta gaitasun desberdinetako ibilgailuekin. Berritzeko prozesu horren baitan, orain 15 tonako ponpa-auto ibilgailu berri bat eskuratu behar da Legazpiko Korosti parkerako, lehendik daudenetako zaharrena ordezteko. "Plan honek erantzuten dio lurraldeko larrialdiei ahalik eta baliabide material, tekniko, antolakuntzako eta giza baliabide onenak emateko konpromisoari", amaitu du Berasaluzek.
Gogoratu behar da Aldundiak martxoan akordio bat lortu zuela Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko langileen ordezkariekin, eta gehiengo sindikalak sinatu zuela LAB eta CCOOren aldeko botoarekin eta ELAren abstentzioarekin; lehenik, akordio horrek arautzen ditu lanerako eta funtzionamendurako baldintzak, giza baliabideak antolatzerakoan eraginkortasuna eta operatibotasuna hobeak izateko zenbait hobekuntza sartuta. Horrez gain, zerbitzua sendotzea izango du helburu, 48 plaza berri sortzea eta plan estrategiko bat abian jartzea bezalako neurriekin.
1774