Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Foru Aldundiak emakumezkoen txirrindularitza babestu du BSTK Basotik Fundazioaren bidez

Foru Aldundiak emakumezkoen txirrindularitza babestu du BSTK Basotik Fundazioaren bidez

Babes hitzarmen bat sinatu du aurten LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa talde profesionalarekin; Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du bi erakundeak balio nagusietan bat datozela.

2024/02/26
Gipuzkoako Foru Aldundia

BSTK Basotik Fundazioak eta Euskadi Fundazioak 2024 denboraldirako babes-akordioa sinatu dute. Lankidetza hori LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko 17 kirolariek denboraldian zehar egingo diren lasterketetan jantziko duten kulotearen atzealdean islatuko da. Lasterketa horietan UCIren nazioarteko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batzuk sartzen dira, hala nola Liège-Bastogne-Liége proba. Bi erakundeetako arduradunek gaur foru jauregian egindako aurkezpenean nabarmendu dutenez, “balio oso garrantzitsuetan bat egiten dugu, eta biok ilusioz eta anbizioz betetako etapa berri bati ekin diogu; oinarri partekatu horrek eraman gaituela elkarlan hau abian jartzera”.

Ekitaldian parte hartu dute Eider Mendoza diputatu nagusiak, Aitor Galdos Euskadi Fundazioko lehendakariak, Ane Santesteban txirrindulariak eta Joane Somarriba taldeko enbaxadoreak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, Jon Ander Ostolaza BSTK Basotik Fundazioko zuzendariarekin, Andoni Madariaga Euskadi Fundazioko lehendakariordearekin, Ion Lazkano kirol arduradunarekin eta Lourdes Oyarbide eta Naia Amondarain txirrindulariekin batera.

“Talde honekin funtsezko hiru balio edo apustu nagusi partekatzen ditugu: berdintasunaren aldekoa, kirolaren aldekoa, ongizatearen eta bizitza osasuntsuaren iturri gisa, eta iraunkortasunaren eta gure ingurune naturalarekin harmonian eta orekan egongo den etorkizunaren aldekoa. Baita talde-lanaren, errespetuaren eta ahaleginaren kulturaren garrantzia ere. Balio horiek zabaltzeko enbaxadore ezin hobeak zarete, eta horregatik erabaki dugu zuen alde egitea Basotik Fundazioaren bitartez”, adierazi du diputatu nagusiak. “Txirrindularitza oso modu berezian bizi dugu Euskadin, herri baten pasioa da. Herri gisa oso garrantzitsua da munduko elitean talde propioa izatea, non gure txirrindulari onenak lehiatu ahal izango diren, are gehiago gure balioekin erabat lerrokatuta badago, kasu honetan bezala. Zorterik onena opa dizuegu eta taldearentzat eta Basotik Fundazioarentzat urte emankorra izatea espero dugu”, gaineratu du Mendozak.

Bestalde, Aitor Galdos Euskadi Fundazioko presidente eta LABORAL Kutxako manager nagusiak hauxe azpimarratu du: "Euskadi Fundazioa harro dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Basotik Fundazioaren babesarekin; izan ere, gure basoen etorkizunaren aldeko apustuan sinesten dugu, gizarte bidezkoagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa, hau da, guztiontzat hobea lortzeko. Izan ere, LABORAL Kutxa taldean partekatzen ditugun balioak dira. Talde honek berdintasunaren aldeko borroka du ardatz nagusi, txirrindularitzaren bidez, eta orain helburu horretan Basotik Fundazioa izango dugu bidelagun munduko lasterketa onenetan. Ziur nago mendi garaienetara iritsiko garela, eta eskutik helduta lortuko ditugula amankomunean ditugun helburuak. Eskerrik asko Gipuzkoa, eskerrik asko Basotik Fundazioa".

Kirol arloari dagokionez, LABORAL Kutxak urratsak ematen jarraitzen du, eta Ane Santesteban errenteriarraren inkorporazioak jauzi bat ekarri du, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Itzulia eta Espainiako Vuelta bezalako lasterketa handiak lehiatzeko asmoz. 17 txirrindulari daude, hainbat jatorritakoak, eta euskal txirrindularitzaren oraina eta etorkizuna ordezkatzen duten euskal txirrindulariak daude bertan Santesteban beraz gain: Lourdes Oyarbide, Usoa Ostolaza, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo, esaterako. Eta guztiak babestuz, Joane Somarriba bezalako enbaxadore bikaina

BSTK Basotik Fundazioa

BSTK Basotik Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren % 100eko partaidetza duen fundazio publikoa da, eta bere helburua Gipuzkoako basoak uztea saihestea da, baso jabeei zaintza iraunkorreko zerbitzu bat eskainiz herri ikuspegi batetik, alderdi ekonomikoez haratago ingurumen eta iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen dituena.

BSTK Basotik Fundazioaren helburua Gipuzkoako baso-ondarearen iraunkortasuna bermatzea da, landa-paisaiaren kalitatea hobetzen eta ingurumena zaintzen lagunduz eta lurraldea deskarbonizatzeko helburuei lagunduz, CO2 isurien xurgapena maximizatuz.

  

1716