Aldundiak eta Kultur Factory-k abian jarri dute Crossover Telesail Jaialdia
Aldundiak eta Kultur Factory-k abian jarri dute Crossover Telesail Jaialdia
Jaialdia maiatzaren 29tik ekainaren 2ra bitartean ospatuko da KMn eta Tabakaleran
Jaialdia maiatzaren 29tik ekainaren 2ra bitartean ospatuko da KMn eta Tabakaleran
Itxaso: “Koldo Mitxelenak bere proiektuaren oinarri egin nahi du formatu mota hau, eta publiko berria erakarri nahi du bere agendara”.
Jaialdian mahainguru ezberdinak antolatuko dira sorkuntza, kritika edo errealizazioaren esparruko gonbidatuekin, eta Movistar +, H.B.O. eta AXN kateetako zenbait produkzio lehen aldiz ikusi ahal izango dira.
Jon Paul (Kultur Factory): “telesailak dira azken urteotako fenomeno kultural aipagarrienetakoak”
Denis Itxaso Kulturako diputatuak aurkeztu du CROSSOVER Telesail Jaialdia, Gipuzkoako Foru Aldundiak KULTUR FACTORY enpresaren laguntzaz sustatu duena, telesailen gorakada ikuspegi kritiko batetik eta alderdi diferenteetatik aztertzeko. Prentsaurrekoan parte hartu dute, halaber, Maria José Telleria, Kulturako Zuzendariak, Patxi Presak, KMko zuzendariak eta Kultur Factory-ko Jon Paul Arroyok. Jaialdia Donostian egingo da maiatzaren 29tik ekainaren 2ra bitartean, Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan eta CICC Tabakaleran.
Zalantzarik gabe, telesailak dira azken urteotako fenomeno kultural aipagarrienetakoak, eta leku nabarmen bat hartu dute kultur esparruan. Telesailak aztertu, kritikatu edo gomendatu egiten dira, legitimazioa bilatu nahian. CROSSOVER Jaialdiak telesailen gorakada hori aztertu nahi du ikuspegi diferenteetatik; hala, era guztietako proposamenak planteatuko dira: hurbilketa kritikoa eta eztabaida, telesailen ezagutzan sakontzea, eta, nola ez, telesailekin dibertitzea.
Horretarako, diseinatutako programazioa bi espaziotan banatuko da, batetik, Koldo Mitxelena Kulturunean telesailen mundua izango da hizpide mahai-inguruen eta eztabaidaren bidez, eta, bestetik, Tabakaleran leku bat egingo zaio alderdi ludikoari eta emanaldiari. Sorkuntza, kritika edo errealizazioaren esparruko gonbidatu garrantzitsuek hartuko dute parte, betiere kultura herrikoian gaur egun eragin gehien duen produktuetako bat ezagutzeko interesa duen ikuslego zabal bati begira. Hauek dira jaialdian parte hartuko dutenak: Quim Casas idazlea; Mar Coll zuzendaria, Barbara Goenaga aktorea, Katiña Agirre idazlea, Irati Jimenez, Rodrígo Cortés zine zuzendaria, Juan Gómez-Jurado, Arturo González-Campos, Mariano Barroso zine zuzendaria, Michel Gaztambide gidoilaria, Helena Taberna zine zuzendaria, Justin Webster, Amaía García, Gaizka Izagirre, Valentina Morillo, Marina Such, Alvaro Onieva, Mikel Sanchez, Marina Such.
Horiez gain, Movistar +, HBO España eta AXN kateek estreinatuko dituzte beren azken produkzioetako batzuk. Movistar + kateak estreinatuko ditu Mariano Barrosok zuzendutako El día de mañana telesailaren lehen bi atalak; AXN kateak Bron (Zubia) telesailaren azken denboraldia estreinatuko du; eta HBO kateak Fahrenheit 451 telesaila. Telesail hau Canneko zine festibaletik eta Successionetik pasako da eta aurretik Series Mania festibala inauguratu du.
Elias Leon Siminiani zuzendari, gidoilari eta produktoreak emango duen master class bat ere eskainiko da “La realidad más oscura”ren inguruan; eta Convent Gardenen #Estabai saio bat egongo da “Iraultza edo Moda?”ren inguruan, Concepción Cascajosa, Leire Palacios eta Alberto Reyrekin.
Itxasok azaldu du Kultura Departamentuaren ildo estrategikoetako bat dela pentsamendu kritikoa eta errealitate sozialari eta kulturalari arreta eskaintzea. Zentzu horretan, telesailak dira kultur esparruko azken urteotako fenomeno aipagarrienetakoak. Horren inguruan kultura praktika garrantzitsuak finkatu dira. Jende askorentzat kultura kontsumitzeko ohitura berri bat bihurtu dira. Gauzak kontatzeko eta kontsumitzeko moduan bat etorri den eta eragina izan duen «joera» bat finkatu da.
“Fenomeno hori aztertu nahi dugu eta ikuspegi desberdinetatik egin nahi dugu. Ez dugu promozio ekitaldi bat egin nahi, apustu serio bat baizik, alderdi desberdinetatik ikuspegi kritiko bat bermatuz”.
Itxasok nabarmendu duenez, “Koldo Mitxelenak bere proiektuaren oinarri egin nahi du formatu mota hau, besteak beste, publiko berria erakartzeko bere agendara”.
Telesailak zine jaialdi nagusietara ere iritsi dira. Iaz, Cannesen, David Lynch-en itzulera ikusi zen “Twin Peaks” telesailarekin; Venezian “The Young Pope” (Aita Santu gaztea) telesaila estreinatu zen, edo “La Peste” (Izurritea) telesaila Donostian. Aurten, Canneseko lehenengo telesail jaialdia ospatu da, apirilaren 4tik 11ra, eta ekimen horren helburua izan da “mundu guztiko fikzioak nabarmentzea eta nazioarte mailako ahotsa ematea gero eta herrikoiagoa den eta sormen ikaragarria duen arte modu berri honi”. “Testuinguru horretan, merezi du gure hirian eta gure lurraldean, gure jaialdiarekin, espazio bat aurkitzen saiatzea, telesailen fenomenoari buruz hitz egiteko eta iritziak partekatzeko”, adierazi du Itxasok.
Programa honek jasotzen du, baita ere, Departamentuaren beste lan ildoetako bat, hau da, beste eragile eta erakunde batzuekiko lankidetza eta sareko lana, kasu honetan KULTUR FACTORY enpresarekin, ikus-entzunezko formatu ezberdinen inguruko ekitaldien antolakuntzan esperientzia duen kultur eragile berriarekin.
Itxasok nabarmendu eta eskertu du Zinemaldiak eskainitako laguntza paregabea «telebista kateen eta produkzio munduaren ateak zabaldu baitizkigu», Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren laguntza, bertan garatuko baita programaren alderdi ludikoena, Kutxa Kultur entitatearen eta Movistar +, HBO España eta AXN kateen lankidetza eta baita KELER eta Elias Querejeta Zine Eskolarena ere.
www.crossoverseriesfestival.com
Eranskinak:
1474