Foru Aldundiak Gipuzkoako Artxibo Historikoa bere gain hartzea onartu du
Foru Aldundiak Gipuzkoako Artxibo Historikoa bere gain hartzea onartu du
Aldundiak Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoaren kudeaketa osoa hartuko du bere gain.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoaren kudeaketa osoa hartuko du bere gain, hainbat hilabetez Eusko Jaurlaritzarekin lanean jardun ondoren. Hala jakinarazi du Denis Itxaso Gipuzkoako lehen diputatu nagusiordeak; gaur aurkeztu du akordio proposamena Diputatuen Kontseiluan, Foru Aldundiak eskumen hori bere gain har dezan. Ekitaldi ofiziala Lehendakaritzan egingo da ekainaren 4an.
Gaur egun bi artxibo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorra, eta Oñatin bertan dagoen Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa. Artxibo Historikoa bere gain hartuta, Kultura Departamentuak Gipuzkoako bizitza ekonomikoari, sozialari eta juridikoari buruzko artxibo guztiak kudeatuko ditu aurrerantzean.
Foru Aldundiak eskualdatzen den artxiboaren kudeaketako ohiko zereginak beteko ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinatuta. Eraikina, altzariak, eta inbentagarriak diren tresnak eta materiala, eta eskualdatzen diren zerbitzuetara atxikitako bi langileak hartuko ditu bere gain.
«Artxiboa Gipuzkoaren memoria da, eta artxiboa eskualdatuta, ondare eta kultura aldetik balio handiko funts historikoen kudeaketa berreskuratuko du Gipuzkoak. Gure helburua da ondare hau gipuzkoar guztien eskura jartzea, eta bertan gordetako edukia ezagutaraztea, bereziki gazteen artean eta hezkuntza komunitatean» adierazi du María José Tellería Kultura zuzendariak.
Foru Aldundiak eraikin berri bat izango du orain, dokumentuak modu modernoan eta eraginkorrean kudeatzeko, eta, horrela, etekin gehiago ateratzeko, gaur egun eraikinaren zatirik handiena ez baita erabiltzen.
Zereginak eta zerbitzuak eskualdatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.20 artikuluaren arabera egingo da, zeinak xedatzen baitu estatuaren titulartasunekoak ez diren artxibo, biblioteka eta museoen eskumen esklusiboa Euskal Autonomi Erkidegoarena izango dela. Horrez gain, Konstituzioaren 149.1.28 artikuluaren arabera, estatuari dagokio eskumen esklusiboa alor honetan: «Estatuaren museo, biblioteka eta artxiboak, Erkidego Autonomoek izan dezaketen ahalmena salbu.» Era berean, 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, foru organoen esku uzten du lurralde historikoen eremuan, beren titulartasuneko artxiboen eta intereseko kultur organismoen eskumen esklusiboa
1591