Foru Aldundiak harremana estutu du EmpreBask-ekin Mexikorekin enpresen hartu emanak errazteko
Foru Aldundiak harremana estutu du EmpreBask-ekin Mexikorekin enpresen hartu emanak errazteko
Ainhoa Aizpuruk gidatu du euskal enpresen eta Mexikoko enpresen artean egindako bilera, lankidetza esparruak zehazteko eta lurraldearentzat negozio aukera berriak bilatzeko
Gipuzkoako Sustapen Ekonomiko, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk, Gipuzkoako ordezkaritzaren buru dela, Emprebask-ek egindako bilera zuzendu du eta bertan harremanak estutu dituzte Mexikorekin enpresen arteko hartu emanak errazteko helburuarekin. “Oso herrialde erakargarria da Gipuzkoarentzako, eta Amerikar kontinentera egiten ditugun esportazioen sarrera ate bilakatu da”, nabarmendu du foru arduradunak, hori dela eta agertoki honetan “ateak irekitzearen” garrantzia azpimarratuz.
Foru diputatuarekin batera, eta Foru Aldundiaren ordezkari gisa, bileran izan dira Antton Tomasena, Sustapen Ekonomikorako zuzendaria eta Iker Goiri Kanpo Ekintzarako zuzendaria; Gipuzkoako ordezkaritzan Gipuzkoako Ganberako ordezkariak ere joan dira Mexikora. Emprebask-en aldetik berriz, zuzendaritza batzorde osoa izan da bileran. EmpreBask elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabekoa, Mexikoko euskal enpresari eta enpresek eta mexikarrek osatua, eta bere helburua Mexiko eta Euskadiren arteko harreman komertzialak erraztea da. Foru Aldundiak bilera honetarako jarritako helburua Emprebask Mexikoren egitekoen eta jardueren berri izatea da, Mexikon dituen programa eta garapen asmoen berri izatea lankidetza esparruak zehazteko eta Gipuzkoako enpresentzat onuragarriak izango diren aukera berriak bilatzeko.
Erakunde eta enpresa misio hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Biziberritzeko Planaren barruan sartzen da, Mexiko "helburu herrialdetzat" jotzen du gure enpresen nazioartekotzean laguntzeko. MMEaren (Munduko Merkataritza Erakundea) arabera Mexiko munduko hamabosgarren esportatzailerik eta hamalaugarren inportatzailerik handiena da. Desoreka makroekonomiko handirik gabeko herrialdea da, hazkunde ekonomiko jasangarria duena, kaudimen finantzarioa eta oreka makroekonomiko nagusietan jokabide ona.
Mexiko herrialde erakargarria da Gipuzkoarentzat kontinente amerikarrean estrategikoki kokatuta dagoelako. Oraintxe, Estatu Batuak hirugarren helburu herrialdea bihurtu da Gipuzkoako esportazioentzat, eta esportazio horietako asko Gipuzkoako enpresek Mexikon dituzten lantegien bidez egiten dira. Gainera, Mexikok 120 milioi biztanleko barne merkatua du eta aukera ugari eskaintzen ditu Gipuzkoako produktuak bertan kontsumitzeko. Era berean, oso herrialde aberatsa da natura baliabideetan, hidrokarburoetan eta meatze baliabideetan, baina batez ere, gaitasun handia du energia berriztagarrietan, Foru Aldundiaren apustu estrategikoetako bat. Kokapen geografikoa bikaina da energia mota hauentzat, bai itsasertzagatik bai garaieragatik, munduko eguzki irradiazio maila handienetakoa du, eta ustiapen eolikorako gaitasun bereziko zonaldeak.
1544