Foru Aldundiak harrera egin die uda Gipuzkoan igaroko duten Txernobylgo umeei
Foru Aldundiak harrera egin die uda Gipuzkoan igaroko duten Txernobylgo umeei
Markel Olano: “67 adingabe dira, eta 65 harrera familiatan biziko dira irailera arte; gehienak iazko familia berera itzultzen dira, eta maitasun guztia jasotzen dute haiengandik"
Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak Bielorrusiatik eta Errusiatik uda igarotzera etorritako Txernobylgo umeen ordezkaritza bati harrera egin diote gaur goizean foru jauregian. Umeak Bikarte elkartearen bidez etorri dira gurera, izan ere, hau da elkartearen leloa: “Ezin dugu mundua aldatu, baina bai ume baten mundua”. 67 adingabeak 65 harrera familiatan biziko dira Gipuzkoan irailaren 2ra arte, eta horietatik gehienak (% 85) behin baino gehiagotan etorri dira, normalean familia berera. Olanok azpimarratu duenez, ekimen horri eta harrera familiak izateko prest dauden familien "elkartasun handiari esker", ume horiek “erradiazioak erasandako ingurunetik alde egiteko aukera dute hilabete batzuez”. “Gainera, harrera familiek dena ematen dute, maitasun eta dedikazio guztia eskaintzen diete, beren seme-alabak balira bezala, eta horrek harro sentiarazten nau” gaineratu du.
Ekitaldian Easo abesbatzak eta Txaborro magoak parte hartu dute; ondoren, diputatu nagusiak eta Maite Peña foru diputatuak opariak banatu dizkiete neska-mutilei, eta, amaitzeko, hamaiketakoa eskaini zaie ohorezko solairuan, Loiolako San Ignazioren irudiaren aurrean. Olanok adierazi du haur hauentzat hizkuntza "arazorik txikiena” dela, “oso azkar” ikasten baitute. “Izan ere, batzuk erabat elebidun dira dagoeneko. Normalena da etxeko hizkuntza hitz egitea, dela euskara, dela gaztelania, edo biak". Lehen aldiz datozenak, aurrena, keinuen bidez eta hiztegi baten bidez moldatzen dira, baina beren herrialdetik etorritako itzultzaileak ere izaten dituzte laguntzeko.
Txernobylgo istripu nuklearrari dagokionez, ez dugu ahaztu behar erradiazioaren zatirik handiena (% 70) Bielorrusiak hartu zuela, euriaren noranzkoa zela eta kalterik gehien jasan zuen herrialdia izan baitzen, Ukrainaren eta Errusiaren aurretik. Gaur egun, Gipuzkoara datozen Bielorrusiako ume berriak Gomel ingurukoak dira, erradiazio gehien jasan zuen gunekoak, hain zuzen; eskualdea herrixka xumez osatua dago eta oso baldintza gogorretan bizi dira. “Haurrei erradiazio maila (Cesio 37) neurtzen zaie handik ateratzen direnean eta itzultzean. Argi eta garbi ikusten da nola jaisten zaien erradiazioa hemen dauden bitartean" azpimarratu du Maite Peñak. “Itzultzeko ordua iristen denean penaz joaten dira, batzuk beren familietara -gehienak oso desegituratuta daude-, eta beste batzuk, umezurtz etxeetara, baina, era berean, ilusioz beteta abiatzen dira, badakitelako berandu baino lehen -Eguberritako kanpainan- Gipuzkoara eta Euskadiko beste toki batzuetara itzuliko direla."
Amaitzeko, foru diputatuak azaldu du Bielorrusiarako bidaian, Bikarteko bi pertsona joaten direla umeekin, “hona etortzeko baldintzak betetzen dituzten ume berriak ezagutzeko eta haien egoeraren berri izateko; ondoren, harrera familia berriak bilatzen hasten dira, zorionez, Gipuzkoan horrelako asko baitago, nahiz eta familia gehiago ere behar diren, horrela Txhernobylgo ume gehiago ekarri ahal izateko”.
Haurrei erradiazio maila (Cesio 37) neurtzen zaie handik ateratzen direnean eta itzultzean
1502