Foru Aldundiak harrera egin dio Artur Masi, Kataluniako prozesu subiranistari babesa adierazteko
Foru Aldundiak harrera egin dio Artur Masi, Kataluniako prozesu subiranistari babesa adierazteko
Diputatu nagusia agintari katalanarekin elkartu da, Agirre Lehendakaria Center eta Gure Esku Dagok antolatu duten ekitaldiaren ataritan
Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente ohiari harrera egin dio gaur foru jauregian Gipuzkoako Foru Aldundiak, subirautza prozesuari bere babesa adierazteko. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, ongietorria eman dio agintari katalanari foru eraikineko ohorezko atean. Ondoren, bilera egin dute, eta bertan izan da baita ere Imanol Lasa foru bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua. Topaketan zehar, Masek Kataluniako prozesuari buruzko azken berriak mahaigaineratu ditu, eta foru ordezkariek bere sostengua adierazi diote, erabakitze eskubidea “irizpide demokratikoa” denaren defentsa eginez.
Olanok bileraren irakurketa baikorra egin du. Bere esanetan, Kataluniako herriarekin harremanak estutzeko balio izan du, “eta Euskal Herriak eta Kataluniak asko dugu ikasteko elkarrengandik”. Harrera hau Agirre Lehendakaria Center eta Gure Esku Dagok antolatu duten ‘Erabakitze eskubidea. Kataluniako prozesua’ ekitaldiaren ataritan egin da, bertan hartu baitu parte Artur Masek, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiarekin batera. Konferentzia Donostiako Kursaal aretoan egin da ia 2.000 pertsonaren aurrean, tartean Foru Aldundiaren ordezkaritza zabala, Markel Olano diputatu nagusia buru.
1614