Foru Aldundiak sute baten aurrean nola jokatu jakiteko gida itsasgarria banatuko du Gipuzkoako atari guztietan
Foru Aldundiak sute baten aurrean nola jokatu jakiteko gida itsasgarria banatuko du Gipuzkoako atari guztietan
Foru Aldundiak sute baten aurrean nola jokatu jakiteko gida itsasgarria banatuko du Gipuzkoako atari guztietan
Gaur hasi da gomendio eta jarraibideak biltzen dituen itsasgarria atarietan jartzeko banaketa, auzokide guztiek larrialdi egoeretan nola jokatu jakin dezaten
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gobernantza Departamentuaren eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren bidez, kanpaina informatibo bat jarri du abian gaur, etxebizitza-eraikinetan segurtasuna indartzeko. Aste honetatik aurrera, bi solairu edo gehiagoko etxebizitza-eraikin guztiek itsasgarri formatuan gida bat jasoko dute. Bertan, sute baten aurrean etxean edo espazio komunetan nola jokatu azaltzen da modu praktiko eta argian.
"Larrialdi egoeretan, nola jokatu jakiteak bizitza eta heriotzaren arteko aldea markatu dezake", adierazi du Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak, informazio-materiala aurkezteko prentsaurrekoan. Material hori bizilagunen erkidegoetako lehendakariei bidaliko zaie, eraikinetako atarietan jartzeko. "Gipuzkoar guztiek arriskuak prebenitzeko eta sute baten aurrean eraginkortasunez erantzuteko tresna praktikoak eskura izatea nahi dugu. Prebentzioa eta prestaketa guztion ardura dira", azpimarratu du.
“Sute baten kasuan, ezagutzak bizitzak salbatzen ditu” izeneko fitxak gomendio erraz eta zuzenak eskaintzen ditu suteak prebenitzeko eta larrialdi egoerei lasaitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Besteak beste, sukaldeko erauzgailuaren iragazkiak garbitzea, entxufeak ez gainkargatzea eta sute baten kasuan kez betetako eskaileretatik ez igotzea gomendatzen da, larrialdi-zerbitzuak iritsi arte toki seguru batean itxarotea hobe baita.
Josu Mañarikua, Gipuzkoako suhiltzaileen ofizialak azaldu duenez, "urtero zartagi batekin edo karga elektriko gehiegirekin izandako deskuidu txikiek ondorio tragikoak izan ditzakete. Horrelako kanpainek arriskuak murrizten laguntzen dute eta, aldi berean, lasaitasuna mantentzen eta une kritikoetan erabaki zuzenak hartzen erakusten dute", azpimarratu du.
Gidaren banaketarekin bat, sare sozialetan segurtasun-gomendioen zabalkundea ere egingo da. "Espazio komunetan informazio hau ikusgai eta eskuragarri izateak aldea egin dezake larrialdi egoeretan", gehitu du Berasaluzek.
"Gipuzkoan bizi diren pertsona guztien segurtasunarekin eta ongizatearekin konprometituta gaude", adierazi du Berasaluzek, Gabonak ospatzeko garaia ez ezik, gure etxeak eta bizitzak babestearen garrantziaz hausnartzeko unea ere badela gogoraraziz.
Gabonzaharretarako arreta
Urte amaierako ospakizunei begira, Berasaluzek “kontu handiz ibiltzeko” eta “zentzuz jokatzeko” eskatu du, batez ere piroteknia-materialak erabiltzean, horrek suteak eta istripuak izateko arriskua nabarmen handitzen baitu. Halaber, Gipuzkoako udalei prebentzio-neurriak indartzeko eta udal ordenantzak zorrotz betetzeko eskatu die.
Bestalde, Josu Mañarikuak suzirien, bengalen eta beste piroteknia-artikulu batzuen erabilerarekin lotutako arriskuez ohartarazi du. "Material horiek erabiltzen dituztenentzat ez ezik, ingurukoentzat ere arriskutsuak dira, batez ere beren ibilbidea aurreikusteko zaila delako", azaldu du.
Foru Aldunditik, arriskuak murrizteko gomendio hauek eman dira:
- Ez jaurti piroteknia-materialak ibilgailuetara, edukiontzietara edo sutea eragin dezaketen beste elementuetara.
- Ez erabili espazio itxietan edo leiho edo balkoietatik sar daitezkeen eraikinen alboan.
- Erabili espazio ireki eta seguruetan, eta material erregaiak (zaborra, hondakin begetalak, basoak) dauden lekuetatik urrun.
- Ez erabili faroltxo hegalariak edo kontrolatu ezin diren beste elementu piztuak.
- Izan beti esku-eskura itzaltzeko tresnak (suhiltzaileak edo ur-ontziak).
- Edozein sugar edo sute txiki ikusiz gero, deitu berehala 112 larrialdi-telefonora.
- Erabili beti zentzua eta arduraz jokatu, herritarren festa-eskubidea errespetatuz.
734