Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Foru Aldundiak Zumarragan egingo ditu Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko lehenengo jardunaldiak

Foru Aldundiak Zumarragan egingo ditu Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko lehenengo jardunaldiak

Jardunaldietan bide berdeak berreskuratzeko esperientziei buruzko txosten nazionalak eta nazioartekoak aurkeztuko dira, tailerrak egingo dira eta in situ egingo da Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituen bide berdea.

2018/04/30

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ehun bat pertsona elkartuko ditu maiatzaren 10ean eta 11n Etorkizuna Eraikiz proiektuaren esparruan mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren proiektu estrategikoa partekatu eta garatzeko.

Jardunaldietan bide berdeak berreskuratzeko esperientziei buruzko txosten nazionalak eta nazioartekoak aurkeztuko dira, tailerrak egingo dira eta in situ egingo da Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituen bide berdea.

 

Marisol Garmendia sozialista buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko lehenengo jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 10ean eta 11n Zumarragan. Garmendia diputatuak adierazi duenez, “Etorkizuna Eraikiz proiektuaren esparruan garatuko den eta turismo berdearekin lotuta dagoen tokiko eta eskualdeko mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren proiektu estrategiko hau udalekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta turismoaren eta bizikletaren arloko eragileekin landu nahi dugu, eta horretarako bilduko ditugu Zumarragan ehun bat pertsona, denon artean has gaitezen diseinatzen bide berdeak berreskuratzeko Gipuzkoan epe ertainean eta luzean abian jarriko den proiektua".

Jardunaldi hauek Gipuzkoako lurraldean ikuspegi global batekin lehenengo aldiz helduko zaion proiektu honen helburuak azaltzeko dira. Eta ez da jada erabiltzen ez diren trenbideak bizikleta-bide gisa erabiltzeko, berreskuratzeko eta egokitzeko proiektua bakarrik, horrez gainera, Marisol Garmendiak berak azpimarratu duen bezala, “udalekin eta garapen-agentziekin lankidetzan, zikloturismoarekin eta turismo berdearekin lotutako turismo jasangarriaren inguruan herri eta eskualdeetan enplegua sortzeko eta ekonomia garatzeko ekimenak landu nahi dira, eta asmoa da kultura eta paisaia ondarea berreskuratzeko, aterpetxe, hotel eta ostatu txikiak egokitzeko, bisitariak erakartzeko, bizikletak alokatzeko, bizikletak konpontzeko eta abarrerako jarduerak abian jartzea. Gipuzkoa barnealdeko eskualdeetan tokiko ekonomia-jarduera eta aberastasuna sortzeko aukera ona da, eta jadanik ari dira aukera hori aprobetxatzen gure inguruan, esate baterako, Araban eta Nafarroan, eta Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko beste toki batzuetan lanpostu asko ari dira sortzen bizikleta-bide berdeen inguruan”.

Gipuzkoak une hauetan bost bide berde ditu: Irun-Endarlatsa, Andoain-Leitza, Urolako bide berdea (Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituena), Pasaia-Arditurri eta Eskoriatza-Soraluze; guztira 86 kilometro dira.

Zumarragako jardunaldi hauek Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuaren laguntzaz antolatu dira, eta bide berdeak berreskuratzeko esperientzia arrakastatsuak azalduko dira bertan. Basquetoureko zuzendari Harkaitz Millánek Basquetouretik sustatutako Euskadi-Nafarroa bide berdea dinamizatzeko eta sustatzeko planaz hitz egingo du; Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik Nafarroako bide berdeez eta EuroVelo bizikleta-bidean betetzen duten lekuaz hitz egingo du; Gironako Bide Berdeen Partzuergoaren gerenteak, Ángel Planasek, Olot-Gironako bidea nola sortu zen eta jarri zen abian azalduko du; eta Frantziako Loirako bideaz eta Irlandako Eastern Greenway bideaz Anna Connorrek hitz egingo du, Irlandako Errepublikako Turismo Agentzia Nazionalaren arduradunak. Turismo-helmuga gisa bide berdeek duten ahalmenaren berri Espainiako Trenbideen Fundazioko Bide Berdeen eta Trenbide Turismoaren Ataleko buruak, Arantxa Hernándezek, emango du.

Bizikletaren industriak ere izango du bere txokoa jardunaldietan, eta Orbeak ordezkatuko du, eta lehiaketaren elitetik hasita eguneroko erabilerara arteko bizikleta bidezko mugikortasunaren alderdi guztiekin lotura estua duen enpresa pribatu baten ikuspegia eskainiko digu. Horrela, bertako Marketing Managerra den Ander Olariagak bizikletaren turismoa sustatzean Orbeak duen esperientziari buruzko hitzaldia emango du.

Bestalde, tailer bat egingo da garapen-agentzien ordezkariekin bizikletaren inguruko turismo berdearen, kultura eta paisaia ondarea berreskuratzearen eta ingurumen-jasangarritasunaren arloan bide berdeek Gipuzkoako herri eta eskualdeetan enplegua sortzeko eta garapena sustatzeko duten ahalmena aztertzeko.

Jardunaldiak hilaren 10ean hasiko dira, eta Zumarragako alkate Mikel Serrano, Mugikortasuneko foru-diputatu Marisol Garmendia eta diputatu nagusia eta turismoko diputatua den Denis Itxaso izango dira inaugurazio-ekitaldian.

Ponentziez, hitzaldiez eta tailerrez gainera, eta teoria alde batera utzita, jardunaldietako parte-hartzaileak praktikara pasatuko dira, eta paseo bat emango dute Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituen bide berdean, Zumarragako Zelai Aristi plazatik abiatuta, eta ibilbidea Loiolako basilikan amaituko dute.

  

1685