Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituzten entitateentzako Kode Etikoa onartu da
Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituzten entitateentzako Kode Etikoa onartu da
Legealdi honetan «Gipuzkoa eredugarria» eraikitzeko hasitako erronka bukatutzat ematen du horrela Aldundiak
Diputatuen Kontseiluak Foru Aldundiaren diru laguntzak eta laguntzak jasotzen dituzten erakunde, elkarte eta enpresei eta gainerako onuradunei aplikatzeko Jokabide Kodea eta Erakundearen Zuzentasun Esparrua onartu du gaurko bileran. Helburua da entitate horiek jarrera etikoa izaten jarraitzea, «Gipuzkoa eredugarriaren» aldeko apustua egitea, eta «herritarrek erakunde publikoengan eta baliabide publikoen erabilera eraginkor, zintzo eta duinean duten konfiantza sendotzea» azaldu du Imanol Lasa bozeramaileak.
Kodeak entitate onuradun guztiek bete beharko dituzten balio eta printzipioak jaso eta zehazten ditu. Balioei dagokienez, honako hauek aipatzen ditu: efizientzia eta zuzentasuna baliabide publikoak erabiltzeko orduan; interes publikoarekiko zintzotasuna eta eskuzabaltasuna; eta errespetua. Printzipioei dagokienez, diru laguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasuna zaindu beharko dute; herritarrei jakinarazi, nola eta zertarako erabiltzen dituzten baliabide publikoak; datuak ireki, informazioa bizitza kalitatea hobetzera xedatutako ezagutza bihurtzeko; euskara sustatu eta erabili; kohesio ekonomiko eta soziala bilatu, eta kontuak eman. Horrez gain, herritarrekiko eta Aldundiarekiko harremanetan izan beharko duten jarrera arauak zehazten dira.
Era berean, Kodeak arautzen ditu foru sektore publiko kargudunek eta langileek bete behar dituzten printzipioak diru laguntzen kudeaketa, kontrol eta ebaluaziori dagokionez, bermatuta «finantza, gizarte eta kulturari dagokionez sentsibilitate berezia duen esparru publikoan -diru laguntzak emateko orduan, alegia- profesionaltasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna, objektibotasuna, efizientzia eta eraginkortasuna oinarrizko zutabe direla». Beste konpromiso batzuen artean, aipatzen dira diru laguntzak emateko irizpide objektiboak sartzea, bereziki kuantitatiboak, lanak gauzatzearen kontrola erabat bermatzea, edo prozeduretan ez parte hartzeko konpromisoa hartzea baldin eta parte hartzen duten entitateetako kide badira edo horietan bigarren mailarainoko senitartekoak badituzte odolkidetasunez edo ezkontza bidez.
Kodea betetzea ezinbesteko baldintza gisa sartuko da diru laguntzak emateko oinarri arautzaileetan, eta deialdietan. Diru laguntza zuzenak jasotzen dituzten entitate edo enpresen kasuan, Kodearekin bat egitea ezinbestekoa izango da laguntza emateko. Arau hauste larriak egitea edo onuradunek behin eta berriz arauak ez betetzeak diru laguntza itzuli beharra ekar dezake.
Kodea onartu eta lehen bi urteetan, Aldundiaren urteko aurrekontuetan xedatutako laguntza eta diru laguntza izendunak soilik izango dira Kodearen xede. Bi urtean behin, egoera aztertuko da Foru Aldundiak kudeatzen edo ematen dituen gainerako laguntza edo diru laguntzak sar daitezkeen baloratzeko. «Diru laguntzen bidez egiten den sustapen lana asko areagotu da azken urteotan, bai eta laguntza motak eta pertsona eta entitate onuradunak ere. Gaur egun ezinezkoa izango litzateke eremu guztia hartzea, horregatik, hain zuzen ere, hasi gara politikoki aukerakotzat jo daitezkeen laguntza horietatik, hau da, eredugarri izan behar duten horietatik» adierazi du Lasak.
Erakundearen Etika Batzordea izango da organo eskuduna diru laguntzak emateko, kudeatzeko, kontrolatzeko edo ebaluatzeko prozedurei buruz interesdunek edo hirugarrenek aurkeztutako zalantza, eztabaidagai, kexa edo salaketak aztertuko dituena. Foru kargudunen kasuan, aztertutako jarduketek erantzukizun administratiboren edo penalen bat izango balute, batzordeak eskumendun organoei jakinaraziko liekete berehala.
Legealdi honetan Erakundearen Zuzentasun Sistemaren esparruan onartu den laugarren kodea da. Aurrena, goi karguei aplikatzeko kode bat onartu zen; ondoren, beste bat, Aldundiaren esleipenetan parte hartzen duten enpresei zegokiena; eta joan den azaroan, hirugarrena onartu zen, erakundeko langileei zuzendua. «Ordezkari politikook eredu izan behar dugu, gure ekintzak definitzen baikaituzte, baina balioetan oinarritutako Gipuzkoa eraikitzea guztion lana da, bereziki, arlo publikoarekin zerikusia dutenena. Kode horiei esker Gipuzkoa erakundeen etikaren esparruan erreferente bihurtzen ari da gure mugetatik kanpo, eta gaur esku artean dugun honekin bukatutzat ematen dugu zirkulua, gainera, gai garrantzitsu batekin, diru laguntzekin, hain zuzen, are gehiago gurea bezalako lurralde batean, non arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza hain sustraituta dagoen» adierazi du.
Nabarmendu duenez, apustu hori ezin da gelditu legea betetze hutsean, ez eta erakundera mugatu ere, baizik eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak sustatutako lan ildoekin bat etorriz, «gizartera, elkarteetara, entitateetara, eta enpresetara zabaldu behar da, kontratazio publikora eta Gipuzkoako herritar guztiengana, erantzukizun kolektiboa sustatuz, eta eredugarritasuna gure etorkizunaren eraikuntzako oinarrizko elementu bihurtuz».Eranskinak:
1635