Foru Aldundiaren Museoek «Familiak sarean» proposamen kulturala egin dute, etxeko txikienentzat
Foru Aldundiaren Museoek «Familiak sarean» proposamen kulturala egin dute, etxeko txikienentzat
Harkaitz Millan, Kulturako diputatua: “Nahi dugu gazteenek eta familiek kulturarekin duten konexioa sendotu egin dezaten, eta ahaleginak egiten ari gara plataforma digitaletan ditugun edukien eskaintza zabaltzeko”.
Sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera bat da, eta, parte hartzeko, posta elektronikoz eman behar da izena.
Tolosako Topic museoak ere bat egin nahi izan du online jarduera hauekin: tailerrak antolatu ditu txotxongiloak gustuko dituzten haur eta helduentzat.
Foru Aldundiaren museo sarea bere plataforma digitaletako edukiak sendotzen ari da, aukera berriak eskaintzeko haien erabiltzaileei; bereziki, gazteenei. Kulturako diputatu Harkaitz Millánek azpimarratu duenez, sareak berebiziko egitekoa bete dezake gazteak eta familiak kulturarekin birkonektatzeko, hainbat eduki eskaniz, baliagarriak izango direnak haien kultura-baliabideak eta ikasketei laguntzekoak aberastearren. Jarduera berriek alternatiba bat eskaini asmo dute; hartara, txikienek familian parte hartu ahal izan dezaten, eta gure museoak modu atsegin eta dibertigarri batean aurkitu ditzaten.
Foru aldundiaren hiru museoek –Zumalakarregi Museoak, Igartubeiti Baserri Museoak eta Euskal Itsas Museoak– «Familiak sarean» izeneko programa aurkeztu dute, etxeko txikienei zuzendutako eskaintza batekin. Hari esker, museoetako gaiak modu desberdin batean ezagutzeko, jolasteko eta gozatzeko aukera izango da egun hauetan.
Parte-hartzaileek (sei eta hamabi urte bitarteko haurrak) sorkuntza-proiektu bat egingo dute familian. Edukiak Google Classroom-en egongo dira eskura, eta astero material berria jarriko da plataforman eskura, interesa duten guztiek nork bere erritmora erabiltzeko moduan. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko ez da teknologiarik behar, helburua etxeko txikienek pantailarik gabe gozatzea eta jolastea baita.
Museoetako lantaldeek dinamizatuko dituzte jarduerak, familiei laguntza emanez eta sor litezkeen zalantzei erantzunez. Jarduera horretan parte hartzeko, Googleren Gmail posta-kontu bat eduki behar da, eta posta elektronikoz eman behar da izena. Bidaiaren amaieran, nabigatzaile txikiek egindako lan guztiak ikusgai jarriko dira erakusketa birtual batean, museoen web orrietan. Proposamenak:
Igartubeiti Baserri Museoa: ISTORIOAK JOSTEN.
Igartubeitik urtero argitaratzen dituen Areago kontakizunak oinarri harturik, haurrek beren ipuina sortuko dute, marrazkiak, collageak eta bestelakoak erabiliz.
Izen-ematea: metxeberria@k6gestioncultural.com
Zumalakarregi Museoa: NIRE KAXATXOA
Nola egin daiteke altxor kutxa bat? Zumalakarregi Museoak proposamen hau dakar: pentsatu, gogoratu eta bilatu ditzagun oroitzapen, ideia eta objektuen artean haurrek gordeko eta zainduko lituzketen altxorrik preziatuenak. Balio bereziko momentuak, abestiak, argazkiak edo abenturak, akaso?
izen-ematea: earruti@k6gestioncultural.com
Euskal Itsas Museoa: Manuel Agoterekin eta haren egunerokoekin itsas bidaian.
Sortu zure itsas egunerokoa Manuel Agote getariarraren eta haren fragataren abenturetatik abiatuz. Kartoiak, plastikozko botilak, zapata-lokarriak… Denak balio du esperimentatzeko!
Izen-ematea: hezkuntza@itsasmuseoa.eus
Topic
Tolosako Topic nazioarteko txotxongilo museoak ere bat egin nahi izan du berrogeialdia arintzea asmo duten online jarduerekin. Haurrentzako nahiz helduentzako jarduerak eskaintzen ditu.
Egunero, txotxongilo tailer bat igotzen dute sarea Topic-eko pedagogia-arduradun Junek eta Karmelek. Tailer errazak dira, eta, bertan, txotxongiloak modu erraz eta dibertituan sortzeko jarraibideak ematen zaizkie haurrei.
Gainera, egunero, museoko arduradun Mariak museoko txotxongilo bat aukeratzen du, eta hari buruzko sekretu bat kontatu. Mariona Topic-eko maskotaren laguntzarekin egiten du hori, jarduera are pertsonalagoa izan dadin.
Azkenik, Karmelek, pedagogia-arduradunetako batek, helduentzako tailer bat prestatu du. Besteak beste txotxongilo egileei, irakasleei edota begiraleei zuzendutako bideo batzuk dira, Zentro Dramatiko Nazionalari esker Madrilgo Sana Sana jardunaldietarako egindakoak; gradualki igoko dira sarera, eta, ondoren, jarraipena izango dute TOPIC+ proiektuan. Igo zen lehenengo bideoak «ospitaleetako pailazoen» zeregin goresgarriaz dihardu.
1744