Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Foru Aldundiek erraztasunak emango dizkiete euskal enpresei ematen zaizkien maileguetan

Foru Aldundiek erraztasunak emango dizkiete euskal enpresei ematen zaizkien maileguetan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erakundeek adostu dute 375.000 euro bideratzea, hiru lurraldeetako enpresa txiki eta ertainei ematen zaizkien maileguetan gabealdiak kudeatzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hitzarmen bat onartu dute Elkargi Elkar Bermatzeko Sozietatearekin, hiru lurraldeetako enpresa txiki eta ertainek indarrean dituzten maileguetan gabealdiak ezartzea errazteko, ordainketetan 6 eta 12 hilabete bitarteko geroratzeak ahalbidetuz, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiko egoeraren ondorioak arintzearren. Estimazioen arabera, espero da neurri onen onuradunak 200 enpresa baino gehiago izatea, eta 6.500 enplegu zuzen baino gehiagori eragitea.

Akordio berri hori bat dator foru aldundiak hartzen ari diren ezohiko neurriekin, eta horien bidez ekonomia- eta enpresa-ehunari lagundu nahi zaio osasun krisiaren ondorioei ahalik eta baldintza onenetan aurre egiten, ETE eta autonomoei bereziki. Bere helburua da enpresen eta autonomoen finantzaketa eta likidezia babestea, jarduera normaltasunez garatu ahal izateko dituzten zailtasun eta ezintasun garrantzitsuen aurrean.

Foru aldundiek eta Elkargik erraztu nahi dute finantza erakundeek gabealdiak ematea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresei dagoeneko formalizatuta eta Elkargik bermatuta dituen mailegu eragiketetan, epe labur eta ertainean iraunkortasuna eta segurtasuna ematen laguntzeko. Alde horretatik, Elkargik, eragiketa horien fidatzaile den aldetik, modu erabakigarrian lagun dezake gabealdiak azkar formalizatzen. 

Hitzarmenaren helburua betetzera zuzendutako lanak gauzatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek 150.000 euro bideratuko dituzte, eta Arabakoak, berriz, 75.000 euro. Gabealdia eskatu nahi duten enpresek Elkargira jo beharko dute. Informazio gehiago https://www.elkargi.es/eu webgunean.
  

2292