Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Legazpin batzartu da gaur
Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Legazpin batzartu da gaur
Eider Mendozak eta Eric Galvez alkateak lan bilera egin dute herriko desafio eta proiektuak aztertzeko; ondoren, foru diputatuak Chillida Lantokin elkartu dira, donostiar artista handiaren jaiotzaren mendeurrena oroituz
Legazpin elkartu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekin lankidetza estutzen jarraitzeko, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, foru diputatuek Chillida Lantokin egin dute beren asteroko batzarra. Horrela, lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki onartzeaz gain, Chillidaren lanari aitortza egin diote, donostiar artista handiaren jaiotzaren mendeurrena oroituz.
Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Eric Galvezek, Legazpiko alkateak, lan-topaketa bat egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Herriko hainbat elkartetako ordezkari eta eragileekin elkartzeko okasioa ere izan du diputatu nagusiak, haien beharrizanak zuzenean jaso ahal izateko.
Kontseiluaren ondoren, berriz, Chillida Lantoki gunea ezagutu ahal izan dute foru diputatuek, eskultorearen biloba Mikel Chillidaren eskutik. Museo bihurtutako lantegi zahar bezain ikusgarria da, Eduardo Chillidaren eskutik arteak eta industriak duten harremana erakusten duena. Izan ere, donostiar artista handiak Legazpin egin zituen gaur egun mundu osoko plaza eta museotan ikusgai dauden hainbat eskultura ikaragarri, Patricio Echeverria enpresariaren babespean. Eskultorearen paper eta forja tailerrak daude ikusgai gune honetan, baita Patricio Echeverria lantegiko Forja Handiko makinak ere, eta langile batzuei egindako elkarrizketak ere erakusten ditu.
Galvezen esanetan, “gertutasuna, elkarlana eta instituzioen arteko kolaborazioa” ezinbestekoak dira. “Legazpik proiektu eta erronka asko ditu eta Aldundia bidelagun izatea oso garrantzitsua da hauek aurrera eraman ahal izateko. Proiektu hauetako bat azpimarratze aldera, eta kontutan hartuz Legazpik erkidegoko zahartze tasa altuenetarikoa duela, Ezkurrenea (pentsio zaharraren) proiektua dugu, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña diputatuak ondo ezagutzen dutena. Bertan gure helburua da bakardade egoeran sentitzen diren pertsonak eta gazteak elkarbizitzeko gune bat sortzea. Gure ustez, Aldundiaren Hariak estrategiarekin bat datorren proiektua da hau. Hortaz, proiektu hau aurrera eramateko eta beste asko ere posible egiteko, ezinbestekoa da Aldundiaren parte hartzea”, nabarmendu du.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Legazpira, baita herritarrek izan ditzaketen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarria den maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.
Gainera, Legazpiko “gune enblematiko” honetan Kontseiluak egiteak ere badu “esanahi berezi bat” diputatu nagusiarentzat. “Gipuzkoar eta, beraz, euskal artista unibertsal baten lana aitortzeko keinua da gaurkoa. Chillidaren lana ezin da ulertu gure industriaren ekimen eta berrikuntza gaitasuna kontuan izan gabe. Gure herriaren izana eta izaera industriala elkarri lotuta daude eta hori oso garbi ikusten da Legazpin. Etorkizunera begira ere hala izaten jarraitzea nahi dugu eta, beraz, industriaren alorrak gurean dituen desafioei erantzuten eta industria sektore berriak bultzatzen jarraituko dugu buru-belarri, erakundeon eta enpresen arteko elkarlan estuan”, azpimarratu du.
Gaurkoa Aldundiak aurten egin duen zazpigarren Diputatuen Kontseilu ibiltaria da, Leintz-Gatzaga, Zestoa, Deba, Zarautz, Zumarraga eta Berastegikoen ondoren. Aldizkako bilera horiei segida ematen jarraitzea da asmoa, erakundea lurralde osora begira hedatzen ari den elkarlaneko gobernantzarako eta entzute aktiborako estrategiaren barruan. “Esperientzia oso emankorra eta aberasgarria izaten ari da, bai guretzat, bai udalerrientzat”, amaitu du Mendozak.
3079