Foru Ogasunak Errenta+ aplikazioa abiarazi du, 2024ko Errenta kanpaina modu erraz eta seguruan egiteko
Volver Foru Ogasunak Errenta+ aplikazioa abiarazi du, 2024ko Errenta kanpaina modu erraz eta seguruan egiteko
Foru Ogasunak Errenta+ aplikazioa abiarazi du, 2024ko Errenta kanpaina modu erraz eta seguruan egiteko
Abian da 2024ko Errentaren kanpaina. Gipuzkoako Foru Ogasunak 285.595 autolikidazio proposamen egin ditu, gaurtik aurrera kontsultatu eta onartu daitezkeenak, Internet bidez, telefonoz edo ‘Errenta+’ APP berriaren bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko Errenta Kanpainaren xehetasunak aurkeztu ditu goizean, eta gaurtik aurrera autolikidazio-proposamena ikusteko aukera dago jada. Kanpaina honetako berritasunen artean, Errenta+ izeneko APP berria martxan jartzea nabarmendu da; dagoeneko deskarga daiteke, mugikor zein tabletetan, eta helburua da zergadunei PFEZarekin lotutako izapideak erraztea, tartean 2024ko kanpainako autolikidazio-proposamena onartzea.
Aste honetako Gobernu Kontseiluaren bilera ondorengo prentsaurrekoan, Ogasun eta Finantza diputatu Itziar Agirrek azaldu duenez, aplikazioa partikularrei zuzenduta dago, eta haren bidez honako hauek egin ahal izango dira: informazio fiskala kontsultatu, proposamena ikusi eta onartu, aurrez aurreko hitzordua eskatu errenta aitorpena egiteko, errentaren ziurtagiriak eskuratu tramite ofizialetarako, zalantzak argitu eta jakinarazpen garrantzitsuak jaso, hala nola kanpainarekin lotutako berriak edo ohartarazpen pertsonalizatuak. “Tresna berri bat da hau, gure zergadunei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen jarraitzeko konpromisoan oinarrituta garatu duguna. Errenta+ aplikazioaren bidez, euren izapideak eta Foru Ogasunarekiko komunikazioa errazten jarraitu nahi dugu, mekanismo berri, erraza eta segurua eskainiz”, adierazi du Agirrek.
Aurten, Foru Ogasunak 285.595 proposamen prestatu ditu guztira. Iaz baino 9.695 gehiago (+%3,5), eta 326.116 zergaduni zuzenduta daude (aitorpenen %67,7).
Autolikidazio-proposamena kontsultatu ondoren, behar izanez gero, zergadunak Errenta+ APParen bidez, Internet bidez edo telefonoz aldatu ahal izango ditu honako kontzeptu hauek: etxebizitzen alokairuaren errendimenduak, lokalen alokairuaren errendimenduak, etxebizitza turistikoen alokairuaren errendimenduak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzengatiko kenkaria eta sindikatu-kuotengatiko kenkaria.
Aurten indarrean dauden aldaketa nagusiei dagokienez, Agirrek nabarmendu duenez, “familiak eta langile autonomoak babesteko hartutako erabakiarekin bat, eta ziurgabetasun-testuinguruari eta prezioen igoerari erantzunez, aurten ere mantenduko dira oinarrizko tarifaren %2,5eko deflaktazioa, 35.000 eurotik beherako errententzat 200 euroko gutxitzea eta langile autonomoei zuzendutako neurri bereziak, hala nola garraio eta lehen sektoreari zuzendutako forfait-ak”.
Era berean, berrikuntza gisa, erregimen berezi berria aplikatuko da enpresa berritzaileetako edo start-up-etako sortzaileentzat: laneko errendimenduen %30erainoko salbuespena 10 ekitalditan gehienez, eta ondarearen gaineko zergan salbuespena ekarpen edo partaidetzetarako. Halaber, galera patrimonialen konpentsazio-muga handituko da oinarri orokorrean, %10etik %25era, eta talidomidaren eraginpean egondako pertsonei dagozkien ordainsarien salbuespena ere aplikatuko da.
Azkenik, Ogasun eta Finantza diputatuak 2024ko Errenta Kanpainaren data garrantzitsuenak gogorarazi ditu. Hala, datorren astelehenetik aurrera, martxoaren 31n, jaso diren autolikidazio-proposamenak onartu ahal izango dira. Apirilaren 3an hasiko da errenta aitorpen telematikoa, Zergabidea plataformaren bidez egingo dena, eta haren bidez ondarearen eta aberastasun handien gaineko zergaren aitorpena ere egin ahal izango da. Apirilaren 4tik aurrera aurrez aurreko aitorpenak egiteko hitzorduak hartzeko aukera egongo da, eta apirilaren 8tik aurrera hasiko da aurrez aurreko errenta egiteko aukera. 2024ko Errenta, ondarea eta aberastasun handien gaineko zergaren aitorpena egiteko epea ekainaren 30ean amaituko da.
Amaitzeko, Agirrek zergadun guztiak animatu ditu Errenta+ aplikazio berria deskargatzera, errenta izapideak telefono mugikorretik eroso egiteko. Errenta+ APPa eskuragarri dago jada iOS eta Android gailuentzat, dagokien aplikazio-dendetan edo Foru Aldundiaren webgunearen bidez.
Mugaz gaindiko lankidetzazko proiektu estrategikoak
Irune Berasaluze foru bozeramaileak, bestalde, iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak mugaz gaindiko lankidetzan duen inplikazioa sendotu duela, INTERREG POCTEFA 2021-2027 programaren proiektu estrategikoetan parte hartuta. Gipuzkoa, Nafarroa eta Pirinio Atlantikoak barne hartzen dituen Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren (AFOMEF) barruan, ekintza hauek “elkarlean landuko dituzte mugikortasun jasangarria, enplegurako sarbidea edo euskararen eta eleaniztasunaren sustapena bezalako erronka partekatuak, mugaz gaindiko eremu hori politika publiko berritzaileen Europako benetako laborategi bihurtzeko”. Ekimenek 23 milioi euroko inbertsio globala dakarte, eta horietatik 14,8 milioi Europar Batasuneko FEDER funtsekin finantzatuko dira.
Berasaluzek azpimarratu duenez, “Euroeskualdeko eremu funtzionalaren gobernantza-eredu berriak aukera ematen dio Aldundiari onuradun huts izatetik baliabide horren lurralde-kudeaketan zeregin aktiboa izatera pasatzeko. Proiektu pilotu honek bide zuzenagoa irekitzen dio Europari gure eguneroko errealitatean sartzeko”. Gipuzkoako inbertsio osoa 3,8 milioi eurokoa izango da, eta horietatik 2,52 milioi FEDER funtsekin finantzatuko dira. “Gipuzkoa proiektu pilotu baten parte bihurtzen da, Europako funtsen benetako lurralderatzea eta mugaren bi aldeetako eragileen arteko lankidetza instituzional koordinatua aldarrikatzen duena”, nabarmendu du.
Enpleguaren arloan, Gipuzkoak LANEAN proiektuan parte hartzen du, mugaz gaindiko lan eremu bat bultzatzea helburu duena. Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, ‘Elkar-EKIN Lanean' programaren esperientziarekin laguntzen du, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei laguntzera bideratuta. Horretarako, 80.763 euro emango dira. Gainera, Ogasun Sailak bazkide elkartu gisa parte hartzen du, mugaz gaindiko langileei aplikatu beharreko zerga araubideari buruzko informazio tresnak emanez. Bidasoa Bizirik garapen agentzia ere partzuergoaren parte da, eta enplegua eta prestakuntza sustatzea du helburu, azoka espezializatu baten bidez. “Proiektuaren helburua da enplegagarritasun arazoak dituzten pertsonei enplegurako sarbidea hobetzea ikuspegi integral batetik, zerga, lan eta gizarte segurantzako alderdiei erreparatuz, eta lurraldeen arteko koordinazio instituzionala indartuz”, azaldu du foru bozeramaileak.
Mugikortasunari dagokionez, Gipuzkoak TRANSFERMUGI eta MUGAZIKLO proiektuetan parte hartzen du. TRANSFERMUGIk mugaz haraindiko konektibitatea hobetzea du helburu, soluzio jasangarri eta intermodalen bidez. Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak inbertsio esanguratsua egiten dio proiektuari (80.000 euro), Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bezala. Helburua da lurraldeen arteko elkarreragingarritasuna indartzea, Mugi sistema bezalako tresnen esperientzia partekatuz eta oztopo teknikoak eta administratiboak ezabatuz.
MUGAZIKLO proiektua, berriz, Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatzen du. Helburua bizikletaren erabilera sustatzea da, garraiobide aktibo eta jasangarri gisa. Gipuzkoaren kasuan, 4,6 kilometroko bidegorri zati berri bat eraikitzea aurreikusten da, Errenteria eta Irun lotuko dituena. Azpiegitura hori funtsezko pieza izango da Donostia, Baiona eta Iruñea lotuko dituen etorkizuneko bizikleta-ardatz zirkularraren baitan, eta dauden beste garraio eta mugikortasun sare batzuekin integratuko da. Aldundiaren ekarpena 1.461.761 eurokoa izango da.
Eleaniztasuna ardatz duen lan ildoan, Gipuzkoak bazkide elkartu gisa parte hartzen du HEZHI proiektuan. Proiektu horren helburua da mugaz gaindiko eremuan dauden hiru hizkuntzen erabilera sustatzea – euskara, gaztelania eta frantsesa –, euskara erdigunean jarriz. Aldundiak proiektuan parte hartzen du, baina zuzeneko ekarpen ekonomikorik gabe, hizkuntza aniztasunarekin eta hezkuntza eta kultura arloko mugaz gaindiko ikuspegiarekin duen konpromisoa indartuz.
Urola gaineko zubia birgaitzea Azpeitian
Foru Gobernuaren Kontseiluak aste honetan onartu du GI-631 errepideko 12,350 kilometro-puntuan dagoen Urola ibaiaren gaineko zubia osorik birgaitzeko proiektuaren lizitazioa. Azpeitian. “Esku hartzeari esker, duela mende erdi baino gehiagoko irizpideekin diseinatutako azpiegitura modernizatu ahal izango da, haren egiturazko portaerara eta trafikoaren egungo beharretara egokituz”, adierazi du Berasaluzek. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.832.248,65 eurokoa da (BEZa barne), eta obrak egiteko aurreikusitako epea sei hilabetekoa da.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak zehaztu duenez, “proiektu honek Gipuzkoako zubi eta bidezubiak eraberritzeko plana jarraitzen du, eta helburu bikoitz bati erantzuten dio: bide segurtasuna bermatzea eta mugikortasunerako egitura estrategikoen bizitza baliagarria luzatzea, kasu honetan, Urola eskualdean”.
Zubiak habe aurrefabrikatuz osatutako lau bao eta goiko lauza bat ditu, eta proiektuak egungo taularen ordez berria jartzea aurreikusten du, indarrean dauden eskakizun teknikoetara egokituta.
Debako eta Hernaniko lerradurengatiko errefortzuak
Gobernu Kontseiluak onartutako beste bi proiektuak hondoratzeen ondorioz egonkortasuna bermatzeko jardueren barruan sartzen dira.
Lehenengoak La Hilandera begiratokiaren inguruari eragiten dio, N-634 errepidean, Deba parean, 42,150 eta 42,295 kilometroen artean. Esku-hartzearen bidez, kaltetutako horma egonkortu nahi da, ainguraketen bidez, sare bidez proiektatutako hormigoizko paramentu baten bidez, eta begiratokiaren beraren urbanizazioa berregin nahi da. Kalteak zabaldu ez daitezen eta errepidearen plataformari ez eragiteko, beharrezkoa da begiratokiari eusten dion harlangaitzezko horma egonkortzea. Lizitazioaren aurrekontua 323.780,74 eurokoa da, eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa.
Bigarren jarduketari dagokionez, Goizuetara doan GI-3410 errepidean, Hernanin, 9,460 eta 10,056 kilometroen artean, 2023ko maiatzean izandako euri jasek eragindako bi lerradura egonkortzeko obren lizitazioa onartu da. Proiektuak tarte bakoitzerako soluzio tekniko bereiziak aurreikusten ditu, erreien pantaila bat egitea eta mikropilote inklinatuak instalatzea barne. Aurrekontua 659.660,70 eurokoa da, eta aurreikusitako epea bost hilabetekoa.
5692