Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Fundación Hidrogeno Aragonekin harremanak estutu ditu MUBILek

Fundación Hidrogeno Aragonekin harremanak estutu ditu MUBILek

Huescan dagoen azpiegitura bisitatu dute gaur Ainhoa Aizpuru, foru diputatu eta MUBILeko presidenteak, eta Ane Insaustik, zentroko zuzendariak.

MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroko ordezkaritza bat Huescan dagoen Fundación Hidrógeno Aragón-en izan da gaur. Proiektu Estrategikoetako foru diputatu eta MUBIL Fundazioko presidente den Ainhoa Aizpuru eta MUBILeko zuzendari den Ane Insausti izan dira Gipuzkoako ordezkaritzaren buru, eta Fernando Palacín azpiegituraren zuzendariak eta Javier Navarro patronatuko presidenteorde eta Aragoiko Gobernuko Industria zuzendariak egin diete harrera. Topaketak balio izan du mugikortasun berriaren arloan espezializatutako bi zentroren arteko etorkizuneko lankidetzaren oinarriak finkatzeko. "MUBILek erronka teknologiko konplexuak konpondu nahi ditu, aldi berean irtenbide aurreratu berriak sortuz, mugikortasun berriaren esparruan. Eta, gaur egun, hidrogenoa aurrera egiten ari den teknologia da, izugarri hazten ari dena", nabarmendu du Aizpuruk.

Bere ustez, hidrogenoak berebiziko garrantzia izango du mugikortasun berriaren esparruan, eta baieztapen hori babestu du Alemaniaren adibidearekin, ekainean onartu baitzuen Hidrogenoaren Estrategia Nazionala, gutxienez 9.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dituena datozen urteetan. "Bateriak edo hidrogeno piletan energia biltegiratzea dira gaur egun erregai fosilak ordezkatzeko ondoen kokatutako teknologiak. Biek ala biek hazten ari diren merkatu-nitxoak dituzte, eta mahai gainean dago irtenbide hibridoak proposatzeko aukera ere, hala nola, bateriak hiriko joan-etorrietarako erabiltzea eta hidrogenoa ibilbide luzeagoetarako ", azaldu du foru arduradunak. Hala, gogoratu du MUBIL enpresaren behin betiko egoitzak bi laborategi izango dituela, bata energia biltegiratzeko (bateria elektrikoen bidez edo hidrogenozko erregai-pilen bidez) eta bestea propultsio sistema berrietarako. "Beraz, agerikoa da hidrogenoaren alorrean bazkideak izatea interesatzen zaigula", gaineratu du.

Fundación Hidrógeno Aragón proiektua 2003an hasi zen lehen urratsak ematen, hidrogenoaren teknologien eta erregai-pilen esparruan epe labur, ertain eta luzerako proiektu estrategikoak garatzen laguntzeko helburuarekin. Bere egoitza fisikoa Huescako Walqa Parke Teknologikoan dago, non 1.200 metro koadroko azalera duen eraikin bat duen, bulegoak, laborategiak eta lantegi batekin, hidrogenozko ekipo handiekin lan egiteko instalazio oso egokiak. Aizpuruk zentroaren ibilbidea goraipatu du, bere ustez, punta-puntako ezagutza praktikoa eta akademikoa duelako. Horregatik, "oso interesgarritzat" jo du eragile horrekin aliantzak aztertzea. "Bisitaren helburua izan da egiten ari diren lana gertutik ezagutzea, lankidetza-bideak aztertu eta gure zentroa aurkeztea, hau da, MUBIL proiektua. Topaketaz egiten dugun balorazioa oso positiboa da", azpimarratu du.

  

2036