Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Galerak dituzten autonomoei iaz ordaindutako zergak itzuliko zaizkie

Galerak dituzten autonomoei iaz ordaindutako zergak itzuliko zaizkie

Eider Mendoza foru bozeramaileak neurriak duen potentziala nabarmendu du, adieraziz eskaria egiteko prozedura “oso sinplea eta erraza” dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak foru dekretu-arau berria onartu du gaur, neurri fiskal berriak jasotzen dituena. COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik, foru erakundeak onartzen duen zerga alorreko hamaikagarren dekretua da. Neurri hauen artean, carry-back delakoa nabarmentzen da, Eider Mendoza foru bozeramaileak honela azaldu duena: “Praktikan, 2020 honetan galerak izan dituzten autonomoei, 2019ko zergak itzuliko dizkiegu. Hau da, aukera emango diegu aurten izan dituzten galerak pasa den urtean izan zituzten irabaziekin konpentsatzeko”. Foru arduradunak zaldu duenez, laguntza neurri “indartsua” da, likidezia injekzio nabarmena emango baitie krisiak gehien kaltetu dituen autonomoei.  

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko. Bertan eman du carry-back izeneko neurriaren berri. Azaldu duenez, autonomo askok une honetan duten arazoa da sarrerarik ez dutela edo oso baxuak dituztela, eta gastuek berdin jarraitzen dutela. “Laguntza hau zehazki zergadun horiei dago zuzenduta: aurtengo zergak ez dituzte ordaindu beharrik, ordainketa zatikatuak salbuetsita dituztelako, eta carry back-arekin aurreko urteko zergak ere itzuliko dizkiegu”. Honekin batera, foru arduradunak nabarmendu duen beste puntua da laguntza hau eskatzeko prozedura oso sinplea dela. “Eredu bat aurkeztea besterik ez da, non laukitxo bakarra bete behar den; kenkariaren zenbatekoa ere Ogasunak emango dio zergadunari”, zehaztu du.

          Dekretuari modu orokorrean begiratuta, bozeramaileak esan du neurri gehienak modu harmonizatuan hartu direla, Araba eta Bizkaiarekin elkarlanean, eta horregatik “balio kualitatibo handiko” erabaki sorta bat dela gaur onartutakoa. “Neurri hauen helburua nagusia, krisialdiaren hasieratik egin dugun bezala, gure zergadunei erraztasunak ematea da; Ogasuna eta fiskalitatea ez daitezela oztopo izan. Horregatik, neurri hauekin malgutasun gehiago eskaintzen diegu eta epe motzean likidezia eman, likidezia hori lortzeko zailtasunak izan ditzaketen testuinguru batean”, esan du. Gehitu duenez, neurri hauek krisiak bereziki kaltetu dituen kolektiboei zuzenduta daude: autonomo, mikroenpresa, enpresak txikiak, ERTE edo ERE egoeran dauden langileak… “Honela, fiskalitatearen eskutik, Aldundiak eta Ogasunak ekonomia sustapenaren alde egin nahi dugu, krisiak dituen ondorio ekonomikoak leundu, arindu eta gainditzen laguntzeko”, nabarmendu du.

          Onartutako neurrien artean, aipagarrienak dira zerga aitorpena aurkezteko derrigortasunaren muga 12.000 eurotatik 14.000 eurotara igotzen da. Bestalde, ordaintzaile bat baino gehiago dauden kasuetan, 20.000 euroko muga ezartzen da, bigarren ordaintzaileak 2.000 euroak gainditzen ez dituenean. Gerorapenak ere ezartzen dira, autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikiei zuzenduta; urtarrila eta apirilaren artean eskatu ahal izango dituzte. Autonomoen ordainketa zatikatuei dagokionean, laugarren hiruhilekoan ez dute egiteko derrigortasuna izango, aurreko hiru hiruhilekotan bezala. Eta, bestalde, administrazio publikoek eman dituzten COVID-19 laguntzak salbuetsita geratzen dira. Neurri sorta guztia foru dekretu-arauan dator jasota, datozen egunetan argitaratuko dena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

          Azkenik, neurrien inpaktu ekonomikoari dagokionean, Mendozak adierazi du aurreikuspenak egitea “oso ariketa zaila” dela hartutako neurri gehienen kasuan. “Kasu askotan, ezinezkoa, aurretiaz ezin baita jakin esaterako zenbatek erabiliko duten pizgarri jakin bat edo lehenago edo beranduago egingo duten zerga ordainketa”, esan du. Egindako estimazioei dagokionean, foru Ogasunak espero du gerorapenen inpaktua 160 milioi eurokoa izango dela, autonomoen ordainketa zatikatuaren salbuespena 16 milioi eurokoa eta, azkenik, carry-back-aren eragina 13 milioi eurokoa. “Ikusten den bezala, zifra esanguratsuak dira, eta Ogasuna eta Aldundia ekonomiari laguntzeko egiten ari diren ahaleginaren isla dira”, azaldu du.

 

Telelana

Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluan onartu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko langile publikoek sistema misto baten bidez zerbitzuak ematea ezartzen duten arauak. “Sistema horrek, modalitate presentziala eta modalitate ez-presentziala barne hartzen ditu telelanaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisiak ekarri duen egoerari lotuta”, azaldu du Mendozak. “Badakizue, Aldundiak lan egiteko modu berrietan sakondu nahi duela eta aurreko esperientzietatik abiatuta, telelanean salto kualitatibo bat egin nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak telelana irmoki sustatzeko erabakia hartu du, eta beren lana ezinbestean presentziala ez den langile denei emango die horretarako aukera, kontziliaziora baldintzatuta egon gabe”, gaineratu du.

          Sakondu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile publikoek zerbitzuak ematea arautuko duen arau berriak modalitate presentzialeko eta ez-presentzialeko sistema misto bat barne hartzen du. Telelanean garatu daitekeen lanpostu bat betetzen duten edozein langilek aurkeztu dezake deialdira, eta ez zaie nahitaez lotzen bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriei. Hortik, %30ek burutu ahal izango dute. Denborari dagokionez, arau mugatua izatea planteatzen da, 2021eko ekainaren 30era artekoa, “aski denbora izango baita hori araudi berria baloratzeko, eta, hala badagokio, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriei buruz indarrean dagoen araudiarekin bateratzeko”.

Egokitzat jotzen da erregulazio berri honetan ere modalitate presentziala barne hartzen duen sistema mistoaren alde egiten jarraitzea. “Izan ere, telelanaren modalitate hutsak nahi ez den eragina izan dezake, hala nola telelangileak erakundearekin duen lotura etetea edo lan harremanak eta talde lana murriztea”, esan du Mendozak. “Gogoratu behar da, pandemiaren lehen olatuan, martxoan eta apirilean, sekulako erronkari egin behar izan geniola aurre lan egiteko moldeei dagokionean. 2020 hasieran 16 ziren baino ez ziren telelana egiten zuten foru langileak eta, konfinamendu egoerarekin, egun batetik bestera ia 1.000 lagun etxetik lanean jarri behar izan ditugu”, azpimarratu du, emaitza oso ona izan zela nabarmenduz.

“Gaur egun, telelanean daude COVID-19-aren eraginez, hainbat eta hainbat langile, antolakuntza handia eskatzen du danak berehalakoan etxetik lan egiten jarraitzeko moduan jartzea, baina danon borondate onarekin lortzen ari gara”, azaldu du foru arduradunak. “Gipuzkoako Foru Aldundiak lan egiteko modu berrietara egokitu behar du, zerbitzuak ematean efikazia- eta efizientzia-maila berak mantenduz. Helburu horrekin, telelanaren modalitatearen erregulazio berri honen bitartez, esperientzia lortu nahi da lan egiteko modu berrietan, eta etorkizuneko Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako oinarriak prestatzen hasi”, gaineratu du.

 

Lehen sektoreari laguntzak

Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluan lehen sektorearekin lotutako bi dirulaguntza deialdi ere onartu ditu: nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzen 2021eko deialdia eta nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdia. “Bi erabakiak garrantzitsuak dira lehen sektorearentzat, ondo kontsolidatuta daude, eta Aldundiak sektore honekin duen konpromisoaren erakusle dira”, azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, datorren urteko deialdia orain egitearen arrazoia da diru laguntzen tramitazioa azkartzea, eskaerei, modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko.

Nekazari ustiategitan inbertsioen kasuan, lerro honek 3,5 milioi euroko zuzkidura du, pasa den urtean baino 900.000 euro gehiago. Kantitate hau ez bada nahikoa eskariei erantzuteko, handitzeko aukera dago. Lagundutako lan ildoen artean, honako hauek daude: ustiategien ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea; enpresa kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea; ekoizteko ahalmena handitzea; ingurumen iraunkortasuna hobetzea; abereen higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, ekoizpenen ibilbidea eta laneko segurtasuna hobetzea; eta inbertsio berritzaileak ahalbidetzea. “Dirulaguntza hauek garrantzi handia daukate Gipuzkoako ustiapenen modernizazioa errazteko, makineria eta teknologia berriak txertatuz; eta garrantzitsuak dira ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik ere, energia kontsumoaren murrizketa, hondakinen biltegiratzea eta kudeaketa, negutegi efektua sortzen duten gasen emisioen murrizketa, edota ongarrien erabileran eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen baitute”, adierazi du Mendozak.

Nekazari gazteak laguntzeko deialdiaren kasuan, laguntzen zuzkidura 600.000 eurokoa da eta, hemen ere, beharrak gehiago izanez gero baliabideak handitzeko aukera dago. “Nekazaritzan ondo prestatutako eta trebatutako gazteak sartzea da landa garapen politikaren eta zehazki laguntza hauen ardatzetako bat da: belaunaldien erreleboa bultzatuz, eta landa lurren tokiko garapena, dibertsifikazioa, enpresen sorrera eta garapena, eta enplegua sustatuz, nekazarien bizi baldintzak euskal gizarteko gainerakoenekin homologagarri eginaz. Lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute diru laguntza hauek, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu sektorea garatzea”, esan du foru bozeramaileak.

“Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea, etorkizuna beraiekin eraikiz. Gainera, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren, zein lurralde orekaren ikuspegitik”, azpimarratu du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinetako egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 161 kasu positibo daude, 16 egoitzetan banatuta: 1 Donostiako Alai-Etxen; 16 Donostiako Hermano Garate–San Ignacio egoitzan; 7 Donostiako Txara II-n; 9 Errenteriako Jesusen Bihotzan; 11 Donostiako Zorroagan; 1 Hondarribiko San Gabrielen; 2 Beasaingo Arangoitin; 4 Andoaingo San Juan Bautistan; 2 Donostiako Berminghamen; 47 Donostiako Julian Rezolan; 1 Arrasateko Iturbiden; 15 Eskoriatza Jose Aranan; 6 Eibarko Egogainen; 2 Donostiako Berion; 19 Donostiako Sanitas Miramonen eta 18 Donostiako Villa Sacramenton. Hauetatik 79 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude; bi baliabide hauetan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Helburua da egoitzetatik kasu positiboak atera, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izatea. Abuztuaren 11n bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zenetik, 83 egoiliar hil dira, eta 306 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, 166 kasu positibo daude, 40 egoitza desberdinetan banatuta. Bigarren olatuan, orain arte, 244 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 6 positibo berri atzeman dira; zentro soziosanitario batean positibo bat atzeman da; eta beste positibo bat desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan. Azken honetan, guztira, 412 plaza daude egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioaren kasuan ez da positiborik atzeman; gogoratu behar da sare honetan 54 baliabide daudela, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan dituztenak. Azkenik, ez da positiborik atzeman ezta ere adingabeei arreta emateko baliabideen sarean ere, non 400 plaza dauden. PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 57.827 proba egin ditu, hauetatik 4.544 pasa den astean, egoiliarren eta egoitzetako langileen artean.

  

2063