Garabide Elkarteak jaso du 2022ko Abadia Saria, hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta elkar ezagutzaren alde egiten duen lanagatik
Garabide Elkarteak jaso du 2022ko Abadia Saria, hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta elkar ezagutzaren alde egiten duen lanagatik
Garabide Elkarteak jaso du 2022ko Abadia Saria, hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta elkar ezagutzaren alde egiten duen lanagatik
Lankidetza linguistikoan diharduen sareari aitortza egin dio Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta “elkarlan eredu berritzaile” baten bitartez euskararen mesedetan eginiko ekarpen “esanguratsua” goraipatu du
Markel Olano diputatu nagusia
“Elkartasunaren baliotik abiatuta, erakutsi diguzue hizkuntza gutxitu bat biziberritzea ez dela azaleko kontu bat, eta garrantzi berezia duela gizarte justu eta berdinzale baten garapenean. Hizkuntza eta kultura minorizatuen biziberritze prozesuek, izan ere, zuzenean zerikusia dute iraunkortasunarekin, giza eskubideekin, genero berdintasunarekin eta ekitatearen aldeko ikuspegiarekin”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, hitz horien bitartez aitortu du gaur Garabide Elkarteak hizkuntza gutxituen biziberritzearen eta elkar ezagutzaren alde egiten duen lana.
Foru jauregian egindako ekitaldi batean, Abadia Saria jaso dute Garabide Elkarteko kideek, 2005etik hona lankidetza linguistikoan egindako lanagatik. Diputatu nagusiak goraipatu duenez, “elkarlan eredu berritzaile” baten bitartez, euskararen biziberritze prozesuari ere ekarpen “esanguratsua” egin dio sare honek. Azaldu duenez, mundu zabaleko hizkuntza gutxituen egoerarekin alderatuz, euskararen biziberritzeak “aurrerapauso nabarmenak” egin ditu azken 60 urteotan. “Badugu erakusteko moduko esperientzia metatua, baina, aldi berean, gainontzeko esperientzietatik badugu zer ikasirik, hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan”, gogoeta egin du eta “aitortza” hedatu nahi izan die beren hizkuntza eta kulturen aldeko ahaleginean “tinko” eusten dioten herri eta komunitateei. “Zuen kausa, gurea ere bada”, laburbildu du.
Elkarlana eta urrats berritzaileak: ariguneak iraunkortzen
Euskararen biziberritzean aurrera egiteko, erakundeen eta euskalgintzaren arteko “elkarlanari eutsi” eta “urrats berritzaileak” emateko beharra berretsi du gaurko ekitaldian. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia bere osotasunean “arigune iraunkor” bilakatzeko prozesua abiarazi duela jakinarazi du. Izan ere, sakondu duenez, Euskaraldiaren azken bi edizioek argi erakutsi dute “ariguneen ahalmen eraldatzailea”. “Potentzial handia dute euskararen erabileran aurrerapauso praktiko eta eraginkorrak finkatzeko; bakoitzaren erabilera hautuak errespetatuz, euskara erabiltzeko hautu kolektibo bati bide eraginkor bat eskaintzeko”, gehitu du.
Aldi berean, jakinarazi duenez, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiaren baitan Gipuzkoa arigune bulegoaren sorrera sustatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, norabide partekatu horretan “pauso berriak definitu eta bide orri bat” marrazten joateko asmoz.
Aurtengo Abadia sariarekin batera, Garabide Elkarteko kideek Maite Caballero artista donostiarraren artelan bat jaso dute. Hain zuzen ere, Iñaki Martinez de Luna lehendakaria eta Jon Sarasua elkarteko boluntarioen ordezkaria izan dira sarearen izenean hitza hartu dutenak. Martinez de Lunak mundu zabal komunitateekin ehundutako sareei eskani die saria. “Antzeko kezkak, ilusioak eta lana partekatzen ditugu eta elkarrengandik ikasten dugu. Besteen ispiluan begiratzean gure irudia, iraganean pairatutako egoerak ikusten ditugu eta oso baliagarria da hori ahalegin horretan jarraitzeko”, adierazi du.
Sari banaketa foru jauregian bertan egin dute, Ainara Ortega abeslariaren ahotsak gidatutako ekitaldi batean. Garabide Elkartearekin elkarlanean jardun diren Asya Zayzaoui eta Arkaitz Zarragak ere solasaldia eduki dute lankidetza linguistikoaren inguruan.
3215