Garmendiak Lurraldebusen emaitzak nabarmendu ditu, % 4 gora egin baitu
Garmendiak Lurraldebusen emaitzak nabarmendu ditu, % 4 gora egin baitu
Eskualde bakoitzaren beharrei erantzuteko bere zerbitzuak egokitzearen aldeko apustua egin dugu
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatu Marisol Garmendia sozialistak ezagutzera eman ditu ostegun honetan, Batzar Nagusietan, Lurraldebusen 2017ko lehen seihilekoari dagozkion datuak. Berak eskatuta agertu da, eta horren helburua izan da kudeaketaren arloan foru-politikaren gardentasuna erakustea; kasu zehatz honetan, garraioko foru-zerbitzuari dagokionez. Zehazki, bidaiarien % 4ko igoera izan da 2016ko aldi berarekiko. Hala, 12.155.484 bidaia egin dira.
Agerraldian, Garmendiak Lurraldebusen datuak eta emaitzak jasotzen dituen txostena eman die talde batzarkideei. Hori egiten den lehen aldia da, eta garraio-sistema publikoaren joera positiboa ezartzen du.
Garmendia diputatuak adierazi duenez, “Lurraldebus zerbitzuak 2017ko lehen seihilekoan izandako bilakaera positibotzat hartu behar da. Datuen bidez egiazta daitekeenez, hazkundea eskualde guztietan egon da, eta horren arrazoia izan da eskualde bakoitzaren benetako beharrei urtaldi bakoitzean erantzuteko bere zerbitzuak egokitzearen aldeko apustua”.
Lurraldebusen arreta-zerbitzua
Bestalde, Lurraldebusen arreta-zerbitzuak erabiltzaile guztiei aukera ematen die 900 300 340 zenbakiaren bitartez informazio pertsonalizatua lortzeko, herritarrekiko arreta hobetzearren, Lurraldebusek egiten dituen zerbitzuei dagokienez. Bada, zerbitzu horrek, 2017ko lehen seihilekoan, hileko 3.467 dei izan zituen batez beste; eta ekainean jaso zituen dei gehien, ia 4.000. Herritarren kontsultei dagokienez, % 91,6 telefono bidez egin dira, % 5,3 e-mail bidez eta % 3,6 sare sozialen bitartez. Kontsulten % 71 gaztelaniaz egin ziren, eta % 29 euskaraz. Deiaren arrazoiak honako hauek izan ziren: informazioa eskatzea (% 73,6), eskatutako zerbitzuak eta geralekuak (% 8,2), ohartarazpenak (% 4,7), galdutako gauzak (% 4,6), iradokizunak (% 1,5), eta kexak eta erreklamazioak (% 0,8).
1727