Garuneko paralisia duten pertsonen aldeko ibilaldi inklusiboarekin bat egiteko deia egiten du Aspacek
Garuneko paralisia duten pertsonen aldeko ibilaldi inklusiboarekin bat egiteko deia egiten du Aspacek
Garuneko paralisia duten pertsonen aldeko ibilaldi inklusiboarekin bat egiteko deia egiten du Aspacek
Urriaren 7an Aspace Eguna 2023 ospatuko da, Alderdi Ederretik 11:00etan abiatuko den ibilaldi batekin, eta, amaitzeko, bazkaria egingo da Goienetxe zentroan.
Gipuzkoako Aspace elkarteak urteko bere egunik bereziena antolatu du: Aspace Eguna 2023. Gaur goizean, Rosa Iglesias elkarteko presidenteak eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte urriaren 6an ospatuko den Garuneko Paralisiaren Munduko Eguna dela eta antolatutako ekitaldiak.
Alde batetik, urriaren 4an, asteazkena, 19:00etan, Donostiako Orfeoiak kontzertu bat eskainiko du Santa Maria basilikan Aspace Gipuzkoaren alde, ekitaldi solidario modura. Eta, bestalde, urtero bezala, 2023ko Aspace Eguna antolatu da. Ibilaldi solidario bat egingo da Musikeneko ikasleek lagundurik, Alderdi Ederretik 11:00etan abiatu eta 13:00etan Ondarretan amaitzeko. Helburua da "garun paralisia duten pertsonak ikusaraztea eta Gipuzkoako gizartea jabearaztea pertsona guztien inklusioan eta eskubideetan aurrera egin beharra dagoela", azaldu du Rosa Iglesiasek.
Goiza bukatzeko, Aspaceren Goienetxe zentroan mahai baten inguruan batuko dira elkarteko kide eta lagunak. Bertan 600 pertsona inguru biltzea espero da, familiak, garun paralisia duten pertsonak, profesionalak eta boluntarioak kontuan hartuta. Diputatuak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Aspace Egunarekin, eta Foru Aldundiak gizarte arloko elkarteen ondoan jarraitzeko duen bokazioa eta horretarako egiten duen apustua nabarmendu ditu, "lan ikaragarria egiten baitute gipuzkoar guztion alde". "Oso egun berezia da, elkarrekin egoteko eta egoera ikusarazteko eguna, eta jende guztia parte hartzera gonbidatzen dugu", adierazi du Maite Peñak.
Diputatuaren hitzetan, Aspace "erreferentea" da Gipuzkoan, "lurraldeko gizarte politiken protagonista izan baita 50 urtez baino gehiagoz". "Gipuzkoan gizarte arloan dugun babes eta zaintza eredua Aspaceren eta halako erakundeen lanari esker lortu dugu" gaineratu du amaitzeko.
Bestalde, Aspacek eskerrak eman nahi izan dizkie Donostiako Orfeoiari eta Laboral Kutxari jarduera horiek antolatzen laguntzeagatik; Argazkilari Elkarteari, bi ekitaldien berri emateagatik; eta baita Tamayo liburu dendari ere, sarrerak salgai jartzeagatik.
2489